Zendu da Ximun Haran. Aspaldian zen eri, eta Luhusoko etxetik ateratzeko gogorik gabe ibili da. Urteetan gora, Baionara joateari utzi zion duela hilabeteak. «Zertarako joan Baionara, nire garai hartako lagun gehienak hil badira edota ez badira karrikan ibiltzen?», erran zion Haranek joan den udan etxera bisitatzera joan zitzaion lagun bati. Pertsona gehienen kasuan, haien bizia laburbiltzeko balio duen izenlaguna atzeman daiteke. Haranen kasuan, ezinezkoa edo zaila. 85 urterekin hil da, Lapurdin, Luhusoko etxean.
Haran 1928an sortu zen, Arrangoitzen. Erroak Lapurdin zituen, baina ikasketek kanpora eraman zuten, garai hartako ikasle gehienak bezala. Bordelen farmazia ikasketak egin zituen. Geroan, Hendaian ukan zuen farmazia. Hendaia, hego eta iparraren arteko zubia. Joan-jinen behatoki. 36ko gerlako eta Francoren orduko iheslarien bilgune. Ipar Euskal Herriari ezagutza politikoa ukatu eta nortasuna, hizkuntza, kultura ito nahi izan dion Frantziaren menpeko azken hegia.
Lan mundutik at, izenlagun edo soslai ugari zituen Haranek. Pilotaria, euskal kulturaren aldeko militante xume eta nekaezina, abertzale sutsua, kazetari politikoa... Beti ohiko mugarrietatik ihesi, bere bidea eginez. 20 urtez Ipar Euskal Herriko pilotaririk hoberenetarikoa izan zen. Pilota mundua ere, abertzalearen ikuspegitik, inarrosi nahi izan zuen, Joko Berri sortuz. Izan ere, Ipar Euskal Herrian trinketa zen nagusi, Hego Euskal Herrian, ezker pareta. Bien arteko ezaugarriak bildu eta Euskal Herri osoan joka zitekeen jokoa proposatu zuen.
Batzuetan gotor, egoskor. Pilotari gisa gerri malgua zuen arren, ez zen iritzi ezberdinen edo agintarien aitzinean aise makurtzen diren horietarikoa. Haren bizitzaizan da horren froga, arlo gehienetan, batzuek zein bertzeek atsegin izan edo ez.
Aniztasun hori azpimarratu du Jean Louis Davant euskaltzain eta militante abertzaleak Ximunen ibilbidea aipatzerakoan. «Lehenbizi, pilotari handia. Ongi moldatzen zen aitzinean zein gibelean. Plaza librean, trinketean, ezker paretan. Gehienbat trinketean. Urte andana batez handiena izan zen buruz buruko jokoan».Pilotari gisa ezagutu zuen Davantek, eta gero, Enbataren sortzaile gisa. Tartean, Euskaltzaleen Biltzarrean aritu izan zen. Sobera folklorikoak zirela argudiatuz, urrats politikoa egin behar zela aldarrikatu zuen. Erran eta egin.
Enbata mugimenduaren sortzailea izan zen Haran Bordelen. Edo Embata, lehen urtean frantses eran idazten baitzuten mugimenduaren izena. Pilotari gisa ezaguna izateak jendea erakartzen zuen. Orduko militante gazteek ez zuten entzutea eta ospea zuen. Ospe horrek gazteak mugimendu politikora erakartzeko balio izan zuen, baita ondoren hauteskundeetan lehiatu eta bozak erakartzeko, abertzaleen izenean. Ordura arte, pentsaezina.
Itsasutik, aberria
Ipar Euskal Herrian abertzaletasunaren hauspo izan zen Enbata, eta une bat aipatzekotan, Itsasuko Aberri Eguna. 1963ko apirilaren 15ean Gernikako Arbolaren altsuma landatu zuten eta, Julen Madariaga iheslariarekin batera, harrian zizelkaturik gelditu den adierazpena irakurri zuten. Abertzaletasunaren hazia. «Erran nezake abertzaletasun sabinoarra zuela. Alderdi gisa baino gehiago, mugimendu zabal gisa ikusten zuen Ximun Haranek abertzaletasuna», dio Davantek. Zazpi urtez atxiki zuen Enbatako gidaritza. 1967an hauteskundeetara aurkeztu zen, Enbataren izenean.
Haranen irudia ez da politikagintza klasikoan laket. Politikaren bidea jorratu zuen, baina bere nortasuna atxikiz. Horrek haserre ugari eragin zizkion. Davantek gogoan du ez zela politika ekonomikoan edo sozialean askorik sartzen. Balioen politika hobesten zuela dio. «Zorte hori badugu Iparraldean. Boteretik urrun gaudela eta, distantzia handiagoarekin hobeki ikusten ahal dira gauzak».
Enbatako gazteek jarrera erradikalagoak zituzten, marxistagoak, ETAtik hurbilago.Haran baztertu zuten lidergotik, eta gaizki hartu zuen baztertzea, Davanten iritziz. EAJren ildotik hurbil, 1981ean Ager aldizkari politikoa sortu zuen Haranek. 1990ean Ipar Euskal Herrian EAJ eratzea bultzatu zuen. Burua hartu zuen. Baina alderdiaren barnean jasotzen zuen tratua ez zuen ase. Ipar Euskal Herriko ordezkariek usu «lorontziarena» egiten zutela zioen Haranek. Bizkaian egiten ziren bilkuretan haien iritzia baztertu, edo bigarren mailan kokatzen zutela. Bidaiak eta bazkariak usu beren sakelatik ordaindu behar zituztela gogoratzen zuen. Talka ugari ukan zituen Xabier Arzallus EAJko buruzagiarekin. Horien ondorioz, kargutik kendu zuten.
Alderditik at egon arren, egiazko alderdikidea zela errepikatzen zuen Haranek. ETA edo EAJ, helburu bera lortzeko bide ezberdinak zirela zioen. Haren hautua, garbia zen. Baina horrek ez zuen kentzen usu iheslariei ateak irekitzea. Iheslari batek gogoratu du urte luzeetan Haranen laguntza jaso zuela. Etxean aterpetu zuen, isilean. Uda arte, bisitatzen segitu du. Bide ezberdinetatik, baina betirako lagun.
Iparretarrak taldeko militanteekiko ere jarrera bikoitza zuen. Ezadostasun nabaria batetik, sinesmenaren miresmena bertzetik.
Euskaltzalea
Enbataren garaietan, pilota partiden ondotik, euskal kantuen zirrara sentitu zuen. Euskalduntasuna gutxietsia zegoen. Hedabideetan, aipamenik ez. Alemanian grabagailu handi bat erosi eta partiden ondotik, ostatuan, kantu zaharrak grabatzen zituen, nagusiki Zuberoan. Bilduma ugari egin zituen. Horietako batzuk, Hego Euskal Herrira ere eraman zituzten. Francoren garaiak ziren, eta klandestinoki banatzen zituzten. ETAko militante ugarik parte hartu zuten horien banaketan, horien artean, Jose Maria Benito del Valle.
Urteak iraganik, Mikel Laboa bera hurbildu zitzaion, eskerrak ematera. Kantu bilduma hura ezagutu zuen.
Euskaraz ikasi zuen, lapurteraz, baina ez zuen mintzatzen. «Hutsen beldurra zuen», gogoratu du Davantek. «Gizon harroa zen, pettoak nekez onartzen zituen, eta horrek galarazi zion euskaraz hitz egitea». Euskararekiko garra, ordea, presente zuen. Espainiako Poliziak Euskaldunon Egunkaria itxi zuelarik, Ipar Euskal Herriko egoitzak lanean segitu zuen. BERRIA sortu zelarik, egoitza kokatzeko bilaketak abiatu ziren. Ximun Haranek alokatu zion BERRIAri gaur egun San Andres plazan daukan egoitza.
Abertzale sutsua eta, hala ere, zuhurra. Ez zuen sinesten Hego Euskal Herritik jinen zenik arazo guztien konponbidea. Zazpiak bat egitearen aldekoa, baina gogotik kendu gabe bakoitzak bere ibilbidea egin behar zuela helburu horretara heltzeko. Ametsak pizturik utzi ditu Haranek.
Ximun Haranen heriotza
Aberriaren ametsa bidelagun
Ximun Haran zendu da, Luhuson. Pilotaria, euskaltzalea, euskal kulturaren sustatzailea, Enbataren sortzailea, jeltzalea, abertzalea... Nortasun irmoa bezain sakona zuen, eta uzta oparoa utzi du Euskal Herrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu