Jean-Baptiste Lambert Baigorriko auzapeza aurkeztuko da alde batetik, Jacques Irume Irulegikoa bestetik. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko gehiengoak (Modem-UMP) bi hautetsi horiekin akordioa lortu du. Bigarren itzulian, bietarik bat erretiratuko da, boz gehien lortu duen bestearen alde. UMPren sostengua dauka Lambertek, eta Modemena Irumek.
Eskuineko hirugarren hautagai batek planak nahasi dizkie, ordea. Jacques Etxandi Anhauzeko auzapezak ez du bere hautagaitza bigarren itzulian erretiratzeko asmorik, nahiz eta Modem alderdiko kide izan. Duela zazpi urte bezain ongi ateratzen bazaizkio hauteskundeak, bigarren itzulia hiru hautagaien artean trenkatuko da. Horri esker, Galantek irabazteko aukera gehiago izanen du.
Jean-Michel Galanten zazpi urteko agintaldiaren bilana «bereziki negatiboa» dela dio. Hala ere, abertzaleak errespetatzen dituela azpimarratu du. Lambert eta Irumerekin duen desberdintasunetariko bat hori dela zehaztu du. «Lurralde honetan abertzale anitz bada. Ez dut hori ukatzen. [Besteek] alergia diote». Etxandik ez du ulertzen eskuineko beste hautagaiek zergatik ez lioketen lekua utziko, baldin eta lehen itzulian lehen bi postuetan gelditzen bada. Paueko batzarrean Jean-Jacques Lasserreren alde bozkatuko lukeela argitu du.
Jean-Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakaria Etxandirekin negoziatzen ahalegindu zen, ez zedin hauteskundeetan aurkeztu. Garazi-Baigorri herri elkargoko lehendakari kargua hitzeman zion. Etxandik tratua ez zuen onartu, eta berriz aurkeztea erabaki du. Duela zazpi urte baino emaitza hobea lortzeko helburua du.
Garazi-Baigorri herri elkargoa 2003an sortu zen, Garazi eta Baigorriko kantonamenduetako udalen artean. Herri elkargoak eskumen franko dauzka, besteak beste garapen ekonomikoa. Jean-Michel Galant kontseilari nagusia herri elkargo horretatik baztertu dute, ordea. Herri elkargoko presidentea eta bost lehendakariordeak eskuinekoak direla salatu du. Bi lehendakariorde Irume eta Lambert bera dira, kantonamendu bozetan elkarren aurka doazen horiek.
HIRIBURUN EZ DA BERDIN PASATZEN. Hiriburuko herri elkargoko presidentea Alain Iriart da. Hautetsi abertzaleari Baigorrin eman ez dioten zilegitasuna eta tokia onartu diote. Are gehiago, UMP eta Modem alderdiek ez dute hautagairik aurkeztuko Hiriburuko kantonamenduan, Alain Iriarten aurka. Iriarten hautagaitza ontzat ematen dute, independente gisa aurkezten dela argudiaturik. Hautu «ona egitearen froga» gisa hartu dute Euskal Herria Bai koalizioak kantonamendu berean beste hautagai bat aurkeztu izana.
Jean-Luc Hauziart aurkeztuko da EH Bairen izenean. «Euskal Herriaren ikuspegi orokorra daukagu. Gure kantonamenduaren berezitasunetatik abiatzen gara, Ipar Euskal Herri osoa kontuan hartuz». Alain Iriart Abertzaleen Batasuneko kide da. Baina ABk ez du haren ekimena babestu, eta Batasuna eta EArekin batera osatzen duen Euskal Herria Bai koalizioak hautagaia aurkeztearen alde egin du.
Iriartek dio bere ideia abertzaleekin jarraitzen duela, eta hautatua bada hainbat gaien defentsa eginen duela Pauen, besteak beste euskal departamenduarena eta Euskal Herriko Laborantza Ganberarena. Hauteskundeak irabazteko aukera handiak dauzka. Eskuinaren sostenguaz gain, orain arte kontseilari nagusi zen Jean-Pierre Destrade ezkerreko independentearen babesa ere lortu du. Lehen itzulian trenka daiteke dena.
PIL-PILean
BaigorriHotelak. Segurtasun neurriak zirela-eta, Alduden zeuden hiru hotelak ixtera behartu zituzten. Hiru horietarik bat berriz irekiko dute obrak egin ondoan. Beste bien jabeek ez zuten nahiko diru, obrak egin ahal izateko. Turistei harrera egiteko behar bezalako azpiegiturak egitea izanen da kontseilari nagusi berriaren helburuetako bat.
Hiriburu
Ikea. Ikea altzari denda handia Hiriburu, Mugerre eta Baiona aldera doa. Alain Iriartek proiektua bultzatzen du, 600 enplegu sortuko dituelako. Euskal Herria Baiko hautagaiak, aldiz, Ikea egitearen aurkako jarrera hartu du, horrelako enpresek «lurrak merke ukan ondoan irabaziak txikitzen zaizkienenean deslokalizatzeko joera dutelako». Horrez gain, enplegu prekarioa dela salatu du.
HauTaGaIaK
BaigorriJean-Michel Galant (EH Bai). Azkarateko auzapez eta kontseilari nagusia.
Jacques Irume (Modem). 57 urte. Irulegiko auzapez eta Garazi-Baigorri herri elkargoko lehendakariorde.
Jean-Baptiste Lambert (UMP). Baigorriko auzapez eta Garazi-Baigorri herri elkargoko lehendakariorde.
Jacques Etxandi (Modem). 59 urte. Anhauzeko auzapeza.
Beñat Minondo (PS). 52 urte. Bidarraiko zinegotzia.
Hiriburu
Alain Iriart (independente). 48 urte. Hiriburuko auzapeza, Hiriburuko herri elkargoko lehendakaria eta Bil ta Garbi hondakinen tratamendurako herrien arteko sindikatuko presidentea da.
Jean-Luc Hauziart (EH Bai). 43 urte. LABeko sindikalista.
Jean-Michel Vuillemain (PCF).
Jean-Pierre Vergnolle (PS). 59 urte.