Hautagai abertzaleek jasoko dute boto gehien Eusko Legebiltzarrerako bozetan, inkesta gehienen arabera —EAJ aurreneko indarra, eta EH Bildu bigarrena—. Batzuek besteek baino lehia estuagoa espero duten arren, EAJk eta EH Bilduk, biek dakite elkarren arerio nagusi direla. Hala, elkarren kontrako hitzak egin zituzten atzo. Bortitzago batzuek, lasaiago besteek, baina desberdintzen dituena argi utziz denek.
Biek diote independentistak direla, baina desberdin ikusten dute bidea. EAJk «garaia kontuan hartu» behar dela esan zuen herenegun, eta 2015erako «Euskadirentzat estatus berezia» lortuko duen proposamena daukala dio. Iñigo Urkullu jeltzaleen hautagaiakatzo esan zuen «autogobernua mantendu eta hobetu» egin behar dela. EH Bilduren irudiko, ordea, estatutua «arazoaren zatia da eta ez konponbidea». Koalizioaren Arabako zerrendan bigarren postuan da Hasier Arraiz;atzoko ekitaldian esan zuen Euskal Herriak «Europan estatu librea» izan behar duela.
Krisitik irteteko ere proposamen desberdinak dituzte: «30 urteotan herriaren garapena eta kohesiorako bermea izan den eredua» proposatu du EAJk; eta eredua aldatu behar dela dio EH Bilduk, egungo krisia «sistema krisia» dela uste duelako eta horrek erakusten duelako «eredua amaituta» dagoela.
Urkulluk gogor egin zuen atzo EH Bilduren kontra. Krisia kudeatzeko «gaitasunik eza» aurpegiratu zion koalizioari, eta ez hori bakarrik, baita besteen lana «trabatzea» ere. Gipuzkoak eta «Euskadik» gobernatzen dakiten agintariak «behar» dituztela esan zuen: «Ez erabakirik hartzen ez duten kudeatzaileak, beste aldera begiratzen dutenak eta grebara batzen direnak, kudeaketaren ardura beste batzuena balitz bezala. Eta okerragoa dena, euren gutxiengo gehiengoarekin gizartearen aurrera egiteko gaitasuna baldintzatzen dutenak». Ez zuen hor amaitu: kudeaketarako «gaitasunik eza» ezkutatzeko «tik totalitarioak» izatea aurpegiratu zion.
«Garai berriak» datozela argudiatuta, «iraganaz eta sortutako minaz» ahaztea ere aurpegiratu zien. Lanik egin ez, eta esloganekin bizitzea: «Oso erraza da esloganetatik bizitzea, ikurrinean bildu eta 'Gora Euskadi!' oihuak jaurtitzea, abertzaletasunaren txapeldunak sentitzeko. Baina garai berri hau amnesiarik gabe irabazi behar da».
Urkulluk argi dauka EH Bilduk ez duela «kontsignen katalogoa» besterik: «Zer egin nahi duten bakarrik esaten dute, baina inoiz ez nola, norekin eta noiz». Urkulluk konpromisoa hartu du EAJ izango dela «Euskadi aurrera aterako» duena.
Bereizita, baina lasaiago
Jeltzaleen kontra egin bazuen ere, lasaiago egin zuen EH Bilduko hautagai Hasier Arraizek. 2015eko estatus berriaren proposamenaz hitz egin arren justu zertaz ari den ez argitzea egotzi zien jeltzaleei: «Ez dakigu zer den, baina iruditzen zaigu bilgarri asko baina eduki gutxi izango duela», esan zuen. «Espainian jarraitzea bizi guztiko zigorra da».
Arabako zerrendak aurkeztu zituen EH Bilduk atzo, Gasteizen. Arraizek han esan zuen krisi ekonomikoari buelta emateko EH Bilduren aukera dela «alternatiba bakarra». EAJk, PPk eta PSE-EEk «gauza bera» proposatzen dutela dio: «Egungo krisira ekarri gaituen eredua». Horren aldean honako hau eskaintzen du Bilduk, Arraizen arabera: «Gauza desberdinak egitera gatoz. Ez dugu kudeaketan soilik aritu nahi. Herritarrentzako politika egin nahi dugu».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Abertzaleak, elkarri harrika
«Esloganetatik bizitzea» egotzi dio Urkulluk EH Bilduri, eta «gaitasunik eza» ezkutatzeko «tik totalitarioak» edukitzeaEH Bilduk oharatazi du autogobernu gehiagorekin arazoa ez dela konpontzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu