Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Laura Garrido. PP

«Abertzaleei aurre egiteko egiazko indarra izango gara»

EAJ «erradikalekin» akordioak lortzeko prest ikusten du Garridok. PSE, berriz, EAJren makulu bihurtu dela deritzo. Beraz, PP jo du «egonkortasun politikoa» eta «oreka» bermatzeko aukera bakar gisa.

Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainaren zortzigarren egunean, ibilbidearen erdia eginda hitz egin du BERRIAk Laura Garridorekin (Gasteiz, 1971). PPko Arabako zerrendan hirugarren postuan aurkeztuko da. Orain arteko kanpaina «ondo» doala deritzo, eta, «herritarrengandik hurbil» egoteko ahaleginean, alderdi popularraren ahotsa «geroz eta indar handiagoarekin» entzuten ari da, haren esanetan.

Kanpainaren erdia igaro da. PPren mezua herritarrengana iristea lortzen ari zarete?

Herritarrek argi eta garbi ulertzen dute gure mezua: abertzaleen aurrean PP dela alternatiba bakarra. Hori da Alfonso Alonsoren kanpainaren ardatz nagusia, eta uste dut abertzaleak ez direnen botoak jasoko ditugula.

Polemika handia sortu da euskararen inguruan, PPk eta PSEk administrazioan euskara eskaizunak murrizteko egin duzuen proposamenaren harira.

Hizkuntzaren erabilera bermatu behar da, EAEn bi hizkuntza ofizial ditugulako. Administrazioari buruz hitz egiten dugunean, ordea, komenigarria da lurralde bakoitzaren errealitatea aztertzea. Ez da gauza bera Gipuzkoako zenbait herritan, adibidez Beasainen, euskarak duen erabilera, eta Guardian (Araba) edo Gasteizen duena. Bestalde, euskarari balio gehiegi ematen zaio eskaintza publikoetan, trebakuntza eta esperientziarekin alderatuta. Guk uste dugu berdintasun printzipioaren aurka doala.

Euskara eskakizunak murriztea ez al da traba administrazioaren funtzionamendu elebiduna lortzeko?

Desberdindu behar dugu zein lurralderi buruz hitz egiten ari garen, euskararen erabilera guztiz desberdina delako. Euskararen erabilera bermatzeko ez da beharrezkoa langile publiko guztiek euskaraz jakitea. Euskararen erabilera bermatu behar da, baina kontuan izanik zenbat erabiltzen den toki bakoitzean. Gaur egun, ez da kontuan hartzen, eta horrek egiten du azkenean euskara driskriminatzailea izatea.

Zein helburu ezarri dio PPk bere buruari hauteskunde hauetarako?

Hauteskunde hauek ez dira errazak, inkesten arabera, [Elkarrekin] Podemos indar handiarekin sartuko baita legebiltzarrean. Ikusiko dugu zenbateko indarrarekin sartzen den azkenean; baina, sartzen bada, legebiltzarraren osaketa nahiko banatua egongo da. Jakinik inkestek guri boto gutxiago eman ohi dizkigutela, helburua ordezkaritza mantentzea da. Bi eserleku gutxiago ematen dizkigute, baina guk uste dugu manten ditzakegula [aurreko legealdian 10 ordezkari izan ditu PPk].

Eusko Legebiltzarrean PPk ordezkaritza sendoa izatea garrantzitsua izango dela diozue.

Oso garrantzitsua izango da, gu izango baikara abertzaleei aurre egiteko, oreka lortzeko eta kontrapisua egiteko egiazko indarra. Ikusi dugu PSEk EAJri babesa eman diola, eta, azkeneko hauteskundeen ondoren, foru aldundietan eta udaletan elkarrekin gobernatzen dutela. Nik uste dut PSEk diskurtsoa galdu duela Euskadin ere, eta ez du sinesgarritasunik. Horregatik diogu abertzale ez direnen ahotsa gu izango garela hurrengo legebiltzarrean.

Madriletik etorritako PPko ordezkarien bisitak ugariak izaten ari dira kanpaina honetan. Zeri erantzuten dio?

Espainiako Gobernuak egoera ekonomikoari buelta eman dio. Pentsa dezagun nolako egoera geneukan 2011n boterera heldu ginenean. Gu salatzen ari garena da Urkulluren gobernuak ez diela aurre egin hemen ditugun arazoei. Argi eta garbi frogatzen dute adierazle ekonomikoek. EAEko ekonomia Espainiakoa baino gutxiago haziko da. Euskadin, %2,2ko hazkundea aurreikusten da, eta Espainian, %3,2koa. Gure aktibitate tasa oso baxua da. Enplegu sorrera Espainian baino motelagoa da.

Autogobernuaren tresnak egoki ez erabiltzea leporatu diozue EAJri.

Urkullu jaunak ez ditu erabili autogobernuak eskaintzen dituen erremintak. Lanbide ez da eraginkorra. Hutsuneak ditu, eta porrot egin du. Bestalde, hemen ordaintzen ditugun zergak leku askotan dituztenak baino handiagoak dira. Guk itun fiskal bat proposatzen dugu, familiak eta enpresak laguntzeko. Urkulluk aukera nabarmenak galdu ditu, eta horregatik dira gure adierazleak Espainiakoak baino baxuagoak.

Enplegua sortzea da PPren lehentasuna. Zein neurri proposatzen dituzue?

Lanbideren berrantolaketa ezinbestekoa da. Gazteentzako, emakumeentzako eta epe luzeko langabetuentzako planak proposatu ditugu. Baita enplegu plan bat ere, lurralde bakoitzaren enplegu tasaren araberako estrategia bereziekin. Era berean, ezinbesteko jotzen dugu autonomoak, ekintzaileak eta enpresariak laguntzea, eta, horretarako, zergetan kenkariak ezartzea proposatzen dugu: pertsona bat kontratatzeagatik edo ordezkatzeagatik, 3.000 euroko kenkaria.

Ekonomiarako eta enplegua sortzeko arrisku gisa aurkeztu duzue erabakitzeko eskubidea.

Dena lotuta dago. Egonkortasun politikoa badago, konfiantza sortzen da; konfiantza badago, arlo ekonomikoan eta sozialean ere egonkortasuna dago, eta inbertsioak erakartzen ditugu, gure enpresak lehiakorragoak dira, eta enplegua sortzeko aukerak ditugu. Azken urteetan, ordea, ikusi dugu EAJ prest egon dela erradikalismoarekin itunak sinatzeko, boterea eskuratzearen truke. Nik uste dut formula hori errepikatu daitekeela hurrengo legebiltzarrean. Azkenean, badakigu alderdi abertzaleek zer egiten duten: subiranotasuna lehentasun gisa ipintzen dute.

Zein izango da PPren eskaintza autogobernuari dagokionez?

Gernikako Estatutua garapenerako eta elkarbizitzarako orain arteko formula baliagarriena izan da, eta izango da. Adostasun oso zabala izan zuen. Guk pentsatzen dugu autogobernuan sakondu dezakegula, herritarren bizi kalitatea hobetzeko; ez alderdi interesak asetzeko.

Hurrengo urteetan elkarbizitzaren alorrean urratsak egiteko aukerarik ikusten duzu?

Aurreko legealdian, Bake eta Elkarbizitza taldea martxan jarri zen, itun bat sinatu genuen. Aldiz, ezker abertzaleak ez zuen gutxieneko zoru etikoa onartu nahi izan. Aukera galdu dugu. Bestalde, Urkulluren gobernuak abiarazi dituen neurri guztiak gatazkaren teoria indartzeko izan dira. Beharrezkoa da gertatu denaren kontakizuna egitea, baina kontakizunak egiazkoa izan behar du. Ezin dugu ahaztu gertatu dena, eta hiltzea gaizki egon zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.