Alderdi abertzaleek gogor kritikatu dute ETAren indarkeriagatik «deserriratutako» euskal herritarrek Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan botoa emateko eskubidea izan dezaten PPk eginiko proposamena. Ezker abertzaleak eta EAJk PPri leporatu diote hauteskunde mapa «manipulatu» nahi izatea.
Komunikabideetara igorritako ohar batean, ezker abertzaleak esan du konponbide prozesuan ekarpena egiteko baino gehiago Euskal Herriko «errealitate soziopolitikoa manipulatzeko xedea» duela PPren proposamenak. «Orain arte, legez kanporatzearen politikaz baliatu dira horretarako. Gure herriak politika horiek gainditu dituenean, funtsik gabeko erroldaren manipulazioari ekin nahi diote, iruzurra iraunarazteko», salatu du.
Ezker abertzalearen arabera, gatazka politikoaren ondorioz Euskal Herritik alde egin behar izan duen pertsona orok izan behar du aukera eta eskubidea bere herrira itzultzeko eta, beraz, botoa emateko.
Indar politiko horren irudiko, PPren egitasmoak agerian uzten du alderdi horrek «beldur itzela» diola «proiektuen konfrontazio askeari». «Badakite esparru horretan oso ahulak direla, bai argudioetan, bai herri babesean».
Antzera mintzatu da Josu Erkoreka. Ohar batean, diputatu jeltzaleak esan du PPk ez duela onartzen «euskal errealitatea» eta horregatik «manipulatu» nahi duela egungo legedia. Erkorekak nabarmendu du «oso zaila» dela jakitea arrazoi hori dela-eta nork utzi zuen Euskal Herria eta nork ez.
Abertzaleek diote PPk hauteskunde mapa «manipulatu» nahi duela
Ezker abertzaleak eta EAJk uste dute Alderdi Popularrak «beldur» diola euskal herritarren iritziari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu