Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Cerdan auziaren harira gaur Espainiako Kongresuan aurkeztu dituen neurriak ez dira nahikoa izan EH Bildurentzat eta EAJrentzat. Ustelkeriaren aurkako proiektu legegile bat plazaratu du Sanchezek, besteak beste ustelkeriari bide ematen dioten enpresak zigortzeko. Barkamena ere eskatu du berriro, eta onartu du amore emateko aukera ere aztertu duela, baina baztertu egin duela proiektu progresistaren alde. Baina, ganberako euskal alderdi abertzaleen arabera, hori guztia jada ez da nahikoa, eta «beste fase batera igaro» beharra dago legealdiak aurrera egingo badu, hori bai, lehendabizi ustelkeria «oso-osorik argituta». Batera edo bestera, Sanchezek oso akusazio gogorrak entzun ditu Kongresuan bazkideen aldetik, baina gobernuari eusten dieten indar politiko horien artean ez da bakarra azaldu prest legealdia amaiarazteko.
EH Bilduko eledun Mertxe Aizpuruak aurrez aurre esan dio Sanchezi PSOEren barruan zabaldu den ustelkeriari aurre egiteko, eta eginkizun hori «osorik» betetzeko esan dio, «langileek ordaindu ez dezaten» egoera hori, «agian krisi honek aurrean eramango baititu eskubideetan eta askatasunean egin diren aurrerapenak». Aizpuruak ziurtatu du ustelkeria «78ko erregimenaren ezaugarri berezkoa» dela, eta Sanchezek aukera paregabea duela orain bere garaian «eman ez zuten erantzuna» emateko: «Ustelei buruz asko hitz egiten baitugu, baina ez enpresa ustelei buruz, ezta indar polizial ustelei eta epaile ustelei buruz ere».
EH Bilduko bozeramaileak onartu du Sanchezek plazaratu dituen neurriei balioa ematen dietela, baina gogorarazi dio ustelkeria «egungo sistemaren barruan» dagoela, eta beste fase batera igaro behar dela, neurri horiek ez diotelako erreparatzen jatorriari, eta ez dutelako aintzat hartzen «78ko erregimenaren ostean harekin hautsi ez izana». Edonola ere, ziurtatu du EH Bilduk ez duela parte hartuko «Sanchezen gobernua eta indar plurinazionalak botatzeko martxan dagoen makro-operazio polizialean, judizialean eta mediatikoan». Aizpuruak esan dio Sanchezi eskuina ez dela ezkutatuko eta «tresna guztiak» baliatuko dituela legealdia bukarazteko, «edozeinen aurka joanda».
Zer dagoen jokoan
«Izan ere, eskuin muturreko indar horiek oso argi dute edozein saio demokratizatzaile galarazteko helburua dutela, estatu plurinazionalean aurrera egin ez dadin», adierazi dio Aizpuruak presidenteari. Hala, Sanchezi eskatu dio krisia aukera bihurtzeko, «egiturazko neurriak hartzeko 78ko hipoteka» atzean gera dadin. «Ez dago jokoan zure gobernua edo legealdia. Zera dago jokoan: birzentralizazio aro batera abiatuko garen edo ez, aro erreakzionario batera bagoazen edo ez».
«Ez da nahikoa esatea PP eta Vox okerragoak direla. Alternatiba sendo eta programa politiko berri bat eraikitzeko ordua da, ausardiaz, konplexurik gabe, nazioen eta estatuaren arteko harremana errotik aldatuz»
MERTXE AIZPURUAEH BILDUKO eleduna
Hori ekiditeko, ez da nahikoa eustea, EH Bilduko eledunaren hitzetan. «Ez da nahikoa esatea PP eta Vox okerragoak direla. Alternatiba sendo eta programa politiko berri bat eraikitzeko ordua da, ausardiaz, konplexurik gabe». Fase berrian, herritarrak babestuko dituen neurri sozial eraldatzaileak eskatu ditu, programa plurinazional bat martxan jartzea, «nazioen eta estatuaren arteko harremana errotik aldatuz».
Aizpuruak erantsi du «inboluzio, autoritarismo eta birzentralizazio asmoen aurka irmotasuna» nahi dutela Espainiako Gobernuan ustelkeria zantzu guztiei aurre egiteko. Bukatu aurretik, argi utzi nahi izan du EH Bildu ez dela joan Kongresura legealdia amaitzera. Eta PPri mintzatu zaio esateko «ohorea» dela hark deitu ez izana oraintsu egindako bilera sortan. Mugak ezartzeaz arituz gero «Euskal herritarrek muga PPri» ezarri diotela gaineratu du. «Euskal Herritik ez zarete pasatuko», esan die Kongresuan eserita zeuden PPko diputatuei.

EAJren konfiantza «ZIUan» dago
EAJ gogorragoa izan da Sanchezekin, eta ohartarazi dio alderdiaren babesa ezbaian dagoela. Hasteko, esan dio ustelkeriaren aurka gaur plazaratu dituen neurriak ez direla nahikoa aurrera egiteko helburua badu. «Barkamena eskatu duzu berriro, baina ez dituzu azalpen guztiak eman», esan dio Vaquerok presidenteari. Gertatu den ustelkeria auziari begira Sanchezek «erantzukizun bikoitza» duela ziurtatu du, Santos Cerdan eta Jose Luis Abalos hark izendatu zituelako PSOEko Antolakuntza idazkari, eta zertan ari ziren jakitea haren ardura ei zelako.
Vaquerok oso argi aurpegiratu dio ez duela «dena» azaldu auziari buruz. «Triangelu toxiko bati» erreparatzen dio Sanchezek, baina jeltzaleak uste du oraindik ez direla azaleratu auziko erantzun guztiak: «Zergatik kargugabetu zenuen Abalos 2021ean? Noiz jakin zenituen Koldori buruzkoak? Zer egin duzu azken urte hauetan auzi horri aurre egiteko? UCOren txostenari berehala eman diozu egiazkotasuna. Zalantza asko daude, eta argitu egin behar dituzu, xehetasunak emanez».
«EAJren konfiantza ZIUan dago jadanik; konpondu orain dugun teilatuan sortu diren itoginak, zure aldean baitaude. Garaiz zaude, baina denbora azkar doa aurrera»
MARIBEL VAQUERO EAJko eleduna
Edonola ere, Vaquerok agindu du Sanchezek aurkeztutako neurriak aztertuko dituztela, nahiz eta oraingoz horrelako ekimenak «txipiroi tinta baino ez diren». Cerdan auziari mugak jarri ahal izateko, hau da, PSOEko arduradun gehiagora zabalduko ez dela jakiteko, «benetako erantzunak» eman behar ditu Sanchezek, Vaqueroren arabera. «Ezin baita beste bi urte egon beldurraren mezuari loturik, eskuin muturra etorriko den xantaiari loturik».
Eta ohartarazpen gordina egin dio eledun jeltzaleak presidenteari: «EAJren konfiantza ZIUan dago jadanik. Ez baduzu ustelkeria auzi hau mugatzeko benetako urratsik egiten, hiru aukera dauzkazu: konfiantza mozioa egin; dimisioa eman eta zure alderdikide bat presidente izendatu; edo hauteskundeetara deitu. Konpondu orain dugun teilatuan sortu diren itoginak, zure aldean baitaude. Garaiz zaude, baina denbora azkar doa aurrera».
PP eta EAJ, aurrez aurre
PPren eledun Alberto Nuñez Feijoorekin ere trukatu ditu esaldi batzuk Vaquerok. Aurretik, Feijoo oso gogorra izan da EAJrekin, gogoratu baitu Mariano Rajoyren aurkako mozioan ezinbestekoak izan zirela jeltzaleak. «Azpiratuta edo diru laguntzekin» aritzen ote diren galdetu die PPko buruak, eta «ustelkeriaren konplize» direla azpimarratu du. Halaber, EAJri ohartarazi dio mugitzen ez bada PSEk EH Bildurekin adostuko dituela gobernuak, eta gero «fatxak» esango dietela jeltzaleei.
Bada, aurpegiratu dizkionak ikusita, Vaquerok zera erantzun dio: «Zozoak beleari ipurbeltz». «Ez zaudete inori lezioak emateko moduan. Paktuaz hitz egin nahi baduzue, gogoratu dezagun PSErekin batera Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren aurka egin zenutena, hura lehendakaritzatik kentzeko». Eta, bukatzeko, hausnarketa bat egin du, eta PPrentzat mingarria izan da, eragin duen marmarra aintzat hartuta. Vaquerok esan du Feijook Espainiako presidente batek sekula egin ezin duena egin duela Kongresuan: «Lehiakide politikoen familiari eraso egin: hori marra gorri bat da». Izan ere, PPko buruak «zein prostituzio etxeri esker» bizi izan den galdetu dio Sanchezi, eta, Kongresuko saioak inoiz baino gehiago hiperboleen lehiaketa bat bazirudien ere, harridura puntu bat eragin du ganberan.