Abertzaleen ustez, prozesua atzera dezake Madrilen jarrerak

EAJk eta EH Bilduk Espainiako Gobernuari leporatu diote aintzat ez hartzea ETAk bere jarduna amaitu izana eta urratsak ez egiteaAtxiloketak txalotu ditu PSEk, baina «bi aldeek» pausoak eman behar dituztela dio

Erredakzioa
2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Duela urtebete jakinarazi zuen ETAk bere jarduna amaitutzat ematen zuela. Orduz geroztik,baina, Espainiako Gobernuak ez du erabaki hori aintzat hartu eta ez du konponbide prozesuan aurrera egiteko urratsik egin. Hala azaldu dute EAJk eta EH Bilduk, igande goizaldean Maconen (Frantzia) izandako atxiloketen karietara egin dituzten balorazioetan. Nahiz eta aldeak egon bata zein bestearen interprezioaren artean, bi alderdiek ohartarazi dute konponbide prozesua atzeratu dezakeela Madrilen jarrerak. EAJk, adibidez, ez du auzitan jarri polizia operazioa, baina salatu egin du Espainiako Gobernuak «soilik» arlo horretan urratsak egitea eta beste gai batzuk baztertzea. EH Bilduk, berriz, adierazi du ezin dituela atxiloketok «txalotu», gisa horretako polizia operazioak ez direlako konponbide prozesuarentzako «lagungarriak».

EH Bilduko Laura Mintegi izan da, hain zuzen ere, Espainiako Gobernuaren jarreran aurka gogorren mintzatu dena. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean kritikatu du halako neurri «errepresiboek» atzeratu egiten dituztela «hainbat gairi» eman beharreko irtenbideak. Besteak beste, presoen auzia aipatu du Mintegik. EH Bildukoak salatu duenez, Espainiako Gobernuak ez du urratsik egin nahi arlo horretan. Hala ere, nabarmendu du jarrera horrek ez duela «ez geldituko, ez baliogabetuko» euskal gizarteak alor horretan erakutsi duen borondate «irmoa eta behin betikoa», eta adibide gisa jarri du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak. «Gutxiengoan dira Espainiako Gobernuaren jarrera defendatzen duten alderdiak».

Konponbide prozesuari dagokionez, Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko elkarrizketak eta Espainiako Gobernuaren jarrera alderatu ditu Mintegik. «Espainiako Gobernuak ez daki bake prozesu bat zer den ere», nabarmendu du. FARCeko kideak eta Kolonbiako Gobernuko kideak herrialde hartako gatazka konpontzeko asmoz mahai berean eseri izana azpimarratu du EH Bildukoak. Ordea, salatu egin du Espainiako Gobernuak «ETAren jardun armatuaren amaiera iragarri zutenak» atxilotzen dituela, herenegun atzemandako Izaskun Lesakari erreferentzia eginez —Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren arabera, agiri hori irakurri zuten ETAko hiru kideetako bat da Lesaka—. «Hori ez da bidea. Espainiako Gobernuak ez lituzke atxilotu behar ETAren behin betiko amaiera iragarri zutenak. Hortik abiatu beharko litzateke», esan du Mintegik.

EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, berriz, esan du EAJk ez dituela auzitan jartzen atxiloketak, baina bai, ordea, soilik arlo horretan urratsak egitea eta beste gai batzuk baztertzea. Ortuzarrek espetxe politika jarri du adibide gisa, eta gehitu du Espainiako Gobernuak «urrats bakar bat ere» ez duela egin esparru horretan. Antzera mintzatu da Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentea ere. ETAk bere jarduna amaitu izana aintzat ez hartzea leporatu dio Espainiako Gobernuari.

Ezker abertzaleak, berriz, «irmoki» salatu ditu azken atxiloketak, eta elkartasuna adierazi die atxilotuen senideei. Komunikabideetara bidalitako ohar batean gogoratu du urtebete igaro dela Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia egin zenetik eta haren gomendioei jarraituz ETAk bere jarduera behin betiko amaitzeko erabakia hartu zuela. «Urtebete luze honen ondoren, ulertezina da era honetako atxiloketa politikoak egiten jarraitzea. Behin betiko bake bidea eraikitzeak elkarrizketa abiaraztea eskatzen du, eta salbuespen politikak behin betiko baztertzea», adierazi du ezker abertzaleak.

Aralarrek ere atxiloketak gaitzetsi ditu, eta nabarmendu du atxiloketak bertan behera utzi eta elkarrizketa lehenesteko garaia dela.

Jarduneko Eusko Jaurlaritzak, berriz, bestelako iritzia azaldu du. Polizia operazioa «bikaina» izan dela adierazi du Idoia Mendia eledunak, eta ETAri esan dio «desegiteko unea» iritsi dela. Halaber, adierazi du «oker» dabiltzala ETAren aurkako polizia operazioak etengo direla uste dutenak, «gaizkileak atxilotzea baita gobernuen eta polizien betebeharra». Nolanahi ere, PSE-EEko kideak adierazi du «bi aldeei» dagokiela orain pausoak ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.