Egoera eta aukera berri baten ateetan gaudela uste du Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak. Eta bake aukerak gizartean sortu duen«itxaropenari» erantzuteko erantzukizuna dute orain alderdi politikoek, haren esanetan. Urkulluk ziurtatu du EAJk ez dizkiola «sekula» trabarik jarriko bakearen alde «zintzoki» lan egiten duenari, baina, horretarako, ezinbestekotzat jo du bakea behingoz «kalkulu politikoetatik at» uztea. Izan ere, EAJko buruak ohartarazi dubake bidean «etekinak» bilatzen badira, bakea bera «eskuraezin» bilaka daitekeela.
Azken hilabeteotako gertakarien inguruan, gogoeta egin du EAJko presidenteak Forum Europa-Tribuna Euskadik Bilbon antolatutako hitzaldian. Jarduera ekonomikoa, autogobernua eta parte hartze politikoa hizpide izan ditu, besteak beste. «Herri honek azkenean bakea eta ekonomia berrabiatzea lortzen badu, etorkizun bikaina izango du», adierazi die hitzaldia entzutera joandakoei.
Urte luzez biolentzia nagusitu ostean, «Euskadik bide berriak» jorratu behar dituela azpimarratu du Urkulluk. EAJ «ausarta» izango da ibilbide horretan, bainaaldi berean «zuhurtziaz» eta «irmotasunez» jokatuko du. Azken egunotan Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioen inguruan piztutako polemika ez zaio ondo iruditu Urkulluri, eta gogorarazi du EAJnegoziazio horien jakitun zela, baina sekula ez zuela hartu-eman horien berri eman, alderdia «bakearen alde arriskatzeko prest» egon delako beti.
Testuinguru horretan kokatu du ezker abertzalearen legeztatzearen beharra. Haren ustez, «onurak» baino ez ditu ekarriko Sortu legeztatzeak, eta, gainera, ez dio «inolako arriskurik» ekarriko Espainiako Estatuari. EAJko presidenteak ez du zalantzarik ezker abertzaleak jada eman dituela «gehiengoak exijitutako pausoak», eta «inoiz hartu ez dituen konpromisoak» hartu dituela bere gain.
Orain, ezker abertzalearen eskuetan baino ez dago apustu hori bururaino eramatea, EAJko presidentearen irudiko. Horregatik, printzipio etikoak epe laburreko hauteskunde interesekin uztartu nahi izatea «iruzurra» egitea dela eta horrek konponbidea urrundu baino ez duela egiten ohartarazi du.Hori dela eta, interes politikoagatik ezker abertzalea legeztatzea ETA desagertzearekin ez lotzeko eskatu du. Urkullu kritikoa izan da oso jarrera hori dutenekin, eta ezker abertzalearekin printzipio etikoak nahierara erabiltzen ari direla salatu du: «Denbora luzeegia daramagu geure burua demokratatzat hartzen dugunon artean iruzurra egiten. Iruzurretan ari gara Alderdien Legearekin, eta gizarteari aurkezten dizkiogun jarrera publikoekin».
EAJko buruaren ustetan,printzipioak hauteskundeei begirako mugimendu taktikoen gainetik jartzen badira, indarkeria lehenago amaituko da. Bide horretan aurrera egin nahi bada, ezker abertzalea legeztatu behar dela iritzi dio Urkulluk,eta egoerak eskatzen duen mailara jokatzeko eskatu du, «trantsizioan Alderdi Komunista erabaki politiko batengatik legeztatu zen bezala».
Abertzaletasuna
Sortu legezkoa izan eta hauteskundeetara aurkeztea nahiko luke Urkulluk,eta ziur da ezker abertzalea nola edo hala egon egongo dela bozetan. Haren iritziz, abertzaletasunaren argazkia «sakabanatuegia» dago orain, baina «argitu» egingo da maiatzeko hauteskundeetan. Areago, bozen ondotik, abertzaletasuna «moldatu» egingo dela uste du EAJkopresidenteak, egun alderdi abertzaleek osatutako eskaintza «gehiegizkoa» delako.Hauteskundeen ondoren alderdi abertzaleen batuketa posible ikusten duela esan du.
Hauteskundeen osteko aliantzei ez die aterik ixten EAJko buruak, ezta ezker abertzalearekin ere. Nolanahi ere, aliantzez hitz egin aurretik, programak eta egitasmoak eztabaidatu behar direla esan du, eta oraindik ez dagoela ezer erabakita. «Etorkizuna idazteke dago». Alderdi politiko guztiekin harreman normalizatua izan nahi du EAJk, eta, geroko aliantzei begiratu aurretik, «oraina» landu nahi du. Eta orain EAJren lehentasunen artean ez dago PPrekin akordiorik egitea: «Oraindik ibilbide luzea egiteko dago».
Gainera, PSE eta PPren arteko aliantza sendo ikusten du EAJko buruak. Areago, Patxi Lopez lehendakariak PPrekiko «erabateko mendekotasuna» duela iritzi dio. Urkulluren ustez, itun horren babespean sortutako gobernuarekin «atzerakada» etorri da: «Ez da gure herriak garai latz hauetan dituen erronkei erantzuna emateko behar duen gobernua; ez da fidagarria». Azaldu duenez, EAJk politika egonkortzeko eta ekonomia berpizteko akordioak eskaini dizkio Eusko Jaurlaritzari, baina horrek ez ditu onartu.
Abertzaletasuna birmoldatuko dela iragarri du Urkulluk
Bakea hauteskunde kalkuluetatik eta kalkulu politikoetatik at utzi behar dela ohartarazi du EAJko EBBko buruakUrkulluren esanetan, Sorturen legeztatzeak «onurak» baino ez ditu ekarriko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu