ABIADURA HANDIKO TRENA. HIRIETAKO LOTURA. 1.200 milioi eurotik gora kostatuko da tren lasterra hiri nagusiekin lotzea

Iruñean, Bilbon eta Irunen ondoan egingo dituzten hirigintza proiektuekin finantzatu nahi dituzte AHTak sortuko dituen gastuak

Iñaki Petxarroman / Aitor Renteria
2010eko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Abiadura handiko trenak (AHT) lur azpiko geltoki berria izango du Abandon. Herenegun aurkeztu zuen Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroak AHTak Bilborekin izango duen lotura berria. Lur azpian egingo du ibilbidea AHTak Bizkaiko hiriburuan, zazpi kilometroan, eta lur azpian izango du geltokia ere.

Egungo geltokia eta trenbideak okupatzen duten orubea (85.000 metro karratu) hirigintza plan berri bat egiteko baliatuko dute. Hain zuzen ere, hirigintza plan horren bidez finantzatu nahi dituzte trenbide egitasmoaren gastuak. Ministroak ez du ezagutarazi proiektuaren gastua, baina 300 milioi eurotik gorakoa izan daitekeela diote adituek.

AHTaren geltokiaren gainean -lur azpian hura ere- FEVEko eta Renfeko trenen geltokia izango da. Bi etorbide berri egingo dituzte hirigune berrian, hutsik geratzen diren egungo trenbidearen eta geltokiaren lurrak aprobetxatuta. Hainbat eraikuntza birrinduko dituzte, berriak egiteko: etxebizitzak, bulegoak eta merkataritza zentroak eraikiko dituzte, besteak beste. Obrak aurrera eramateko erakunde uagarik osatutako enpresa publiko berri bat sortuko dute.

AHTaren Bilboko lotura ez ezik, abian dira gainerako hirietakoak ere. Eskema antzekoa da guztietan ere: trenbide eta geltoki berriak egingo dituzte gehienetan, eta egungo trenbideen geltokiek utzitako lurrak erabiliko dituzte hirigintza proiektuak egiteko. Hala egingo dute, besteak beste, Iruñean, Irunen eta Bilbon.

Gasteizen ere lur azpian

Gasteizen denbora luzean egon dira AHTaren sartzea nola egingo den zehaztu gabe. Lur azpian egingo dute Arabako hiriburuko ibilbidea, eta 476 miloi euro beharko dituzte obrak egiteko. Sustapen Ministerioak, Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak elkarlan protokoloa adostua daukate. Obrak egiteko Sustapen Ministerioak 100 bat milioi euro jartzeko konpromisoa hartu du, Jaurlaritzak 117 milioi, Gasteizko Udalak 67 milioi euro, eta Arabako Aldundiak 50 milioi. Halaber, Trenbide Azpiegituren Administratzaile Adifek 142 milioi euro jarriko ditu Dato kaleko geltokian (egungo geltokian) egin behar diren loturak eta moldaketak aurrera eramateko.

Protokoloa iazko abenduan sinatzekoak baziren ere, hil honetara atzeratu dute. Gasteizen sinatuko dute, eta bi hilabetean lur azpiko lana aurrera eramango duen erakunde publikoa osatuko dute. Geltoki berria Latinoamerika kalearen eta Arriaga parkearen inguruan egongo da.

Gipuzkoan lau geltoki

Gipuzkoan izango ditu abiadura handiko trenak geltoki gehien. Hiriburuan, Donostian, egungo Atotxako geltokia moldatuko dute AHTari harrera egiteko. Geltoki horretatik 5,7 kilometrora, Astigarragan, Euskal Y-aren nazioarteko geltokia egongo da. Geltoki horretan Paris eta Madril arteko distantzia luzeko trenak geratuko dira; eta, Donostian, aldiz, Bilbo, Gasteiz, Madril eta Iruñea artekoak, besteak beste. Bi geltokiak ere trenbide batez lotuko dituzte. Proiektuak 250 milioi euroko aurrekontua du.

Bi geltoki horiek ez ezik, Gipuzkoan beste bi geltoki egiteko asmoa dute proiektuaren bultzatzaileek: Irunen eta Ezkio-Itsason. Irunen, Lapurdiko lotura nondik egingo den oraindik zehaztu gabe dagoenez, Euskal Y-ak geltoki bat izatea erabaki du Sustapen Ministerioak.

Aste honetan Jose Antonio Santano Irungo alkateak jakinarazi duenez, hurrengo asteotan zehaztuko da Irungo trenbide esparru berria. Esparru horrek geltoki intermodala hartuko du, non AHTaren geltokia, topoa eta Renferen aldiriko trenak elkartuko diren. Tren geltokia ez ezik, enpresak, unibertsitate zentroak, etxebizitzak eta merkataritza zentroak izango dira esparru berrian, 53 hektareako gunean.

Santanok adierazi du proiektua autofinantzatuko dela, hirigintza egitasmoak sortuko dituen mozkinen bidez. Proiektuak 60 milioi euroko gastua izango du.

Ezkio-Itsason beste geltoki bat egiteko asmoa daukate, trenak gelditzeko.

Iruñean, Zizur Nagusi ondoan

AHTarekin batera hirigintza proiektu bat joatea asko erabilitako metodoa da hiriguneetan. Iruñean, esaterako, Iruñea eta Zizur Nagusi artean egin nahi duten AHTarentzako geltoki berriarekin batera, 9.000 etxebizitza egiteko asmoa dute, 7.875 Etxabakoitzen, geltokiaren inguruan; eta 1.125 Sanduzelain.

Proiektu hau onartuta dago Udalez gaindiko Eragineko Arloko Plan batean (PSIS). 2007an onartu zuten plana, baina moldatu dute, etxebizitzaren «merkatuaren egoera berrira egokitzeko». Hirigintza proiektuak 151,7 milioi euroko kostua aurreikusten du. Bestalde, Iruñeko trenbide eta geltoki berriak egiteko 110 milioi euroko aurrekontua beharko dela jakinarazi dute proiektuaren bultzatzaileek. Obrak aurten hastea nahi du Nafarroako Gobernuak. Proiektuaren aurkako taldeek kritikatu dute hirigintza proiektua baliatu nahi izatea tren lasterraren azpiegitura berria finantzatu ahal izateko.

Baionan, zehaztu gabe

Frantziako trenbideak kudeatzen dituen RFF enpresak eta Frantziako Gobernuak ezagutarazi dute AHTren balizko ibilbidea Lapurdin. Mila metroko zabalera duen eremua atxiki dute horretarako, eta 2010ean 500 metrora murriztuko dute eremu hori. 2010ean ere, datorren urteko Herri Onurarako inkesta egin aitzin, ikerketa gehiago egin beharko dituzte, bereziki bide berrien eta Baionako geltokiaren arteko lotura finkatzeko.

Bide berrien xedea aurkeztu zuelarik, RFFk geltoki berri bat agindu zuen Lapurdin. Geroztik, Lapurdiko lau Herri Elkargoei eskatu zien Tours-Bordele arteko AHT xedearen parte bat ordaintzea, ordura arte aipatu ez zena. Geltokirik egin ezean ez zutela ordainduko ihardetsi zioten haiek.Finantzaketa bermatzeko, bide berrietako AHTak Baionara sartzea proposatu zuen RFFk, jakinez AHTak gelditu behar zuela, denbora galduko dela eta, horrez gain, balizko tren kopurua zehaztu gabe dagoela. Oraindik zehaztu gabe dago ea geltokia berria izango den, edo egungoa moldatuko duten.

«Legez kanpokoa da bidea, ez baitu kontuan hartzen hautetsien iritzia; kasu egin ezean, auzipetu genezake RFF»

ALAIN IRIART
Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusia

Jose Blancoren bisitaren aurkako protesta, Bilbon

Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroaren aurkako protesta egin zuten dozenaka lagunek herenegun Abandoko geltokiaren ondoan. Bilbo inguruan mugitzen diren gehienei abiadura handiko trenak inongo zerbitzurik ez diela egingo salatu zuten protesta egileek.



«AHTak Europaren erdian kokatuko du Euskadi, eta Espainiarekin lotuko du, modu ziur eta iraunkorrean»

JOSE BLANCO
Espainiako Sustapen ministroa


1.030 etxe kaltetuak Ahurti eta Milafranga artean

Uso mezulariak askatu zituzten Hiriburuko supermerkatuko aparkalekutik atzo 200 bat lagunek. Sarkozyren gobernuari bitartekari bat ekartzea eskatzen dio usoaren mezuak, egungo trenbideak nola hobets daitezkeen aztertuko lukeen bitartekaria. Halaber, AHTaren aurkako desadostasuna helarazi die. Han zeuden Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilari nagusia, Roland Hirigoien Errobi-Aturri Herri elkargoko lehendakaria, Cade kolektiboko bozeramailea, eta Mugerre, Urketa, Ahurti eta Milafranga herrietako ordezkariak ere. Guztiek berretsi zuten urtarrilaren 23ko manifestaziorako deia. Egindako kalkuluen arabera, AHT berriak 1.030 etxerieragingo die kaltea Herri Elkargoko eremuetan.



Mobilizazioak iragarri dituzte hurrengo egunetan Bizkaian

Abiadura handiko trenaren aurkako batzarrak hainbat mobilizazio antolatu ditu datozen egunetan Bizkaian: asteazkenean elkarretaratzea deitu du Basoinsa enpresaren aurrean, 10:30ean, AHTa eraikitzeko lanetan diharduela eta; egun berean, 20:00etan, Basauriko PSOEren egoitzan elkartzeko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.