Euskara

Abian da Euskal Herri osoko ahozko ondarea 2012rako katalogatuta eta sarean izateko egitasmoa

2008ko apirilaren 17a
13:30
Entzun
Ainara Arratibel

Euskararen ahozko corpusa osatzeko asmoz aurkeztu dute Euskal Herriko Ahotsak ekimena. Horretarako, Euskal Herri osoko adinekoen bizipenak jasotzen ari dira bideoz 2004az geroztik. 2012rako Euskal Herri guztiko lekukotasunak izatea da haien jomuga. Orain arte egin duten lana www.ahotsak.com webgunean jarri dute.

1999. urtean hasi zen Deba Ibarreko Badihardugu euskara elkartea eskualdeko herrietako ahozko ondarea jasotzen eta sailkatzen. «Oso ekimen garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Herri horietako hizkuntza ondarea biltzeaz gain, hango herritarren garai bateko ohiturak eta bizipenak gordetzeko eta ezagutzeko aukera ematen zuen», dio Aintzane Agirrebeñak, Badihardugu elkarteko kideak. Grabaketa ugari zeudela konturatu ziren, baina soinua baino ez zen jasotzen horietan. Apenas zeuden irudiak. «Guk, ordea, irudiak duen indarra aprobetxatu nahi genuen. Euskararen ahozko ondarea protagonisten ahots nahiz irudiekin erakutsi nahi genion jendeari».

2004. urtean eskualdeko proiektu izatetik, Euskal Herri osora bideratutako ekimena izatera pasa zen Badiharduguren asmoa. Hala sortu zen atzo aurkeztu zuten Euskal Herriko Ahotsak proiektua. «Garbi ikusten genuen Euskal Herrian jende, erakunde eta elkarte ugari zeudela ahozko ondarea biltzen. Ezinbestekoa zen indarrak metatu eta ondare guztia proiektu batean biltzea», nabarmendu du Asier Sarasuak,ekimenaren bultzatzaileetako batek. Bide horretan, urte hauetan Euskal Herriko ahozko ondarea biltzen aritu diren elkarte, erakunde eta norbanakoekin aritu dira elkarlanean.

Elkarlan horri esker 968 hizlariren testigantzak jaso dituzte, eta 1.572 transkripzio inguru egin. 62 herritako ahozko ondarea bildu dute. Guztia 1.212 zintatan dago jasota.

Orain arte Gipuzkoako herrietako ahozko ondarea jaso dute, batez ere. «Lurralderik euskaldunena delako edo, Gipuzkoan ez da lehentasuna izan ahozko ondarea biltzea. Oso lan gutxi zegoen eginda».

Pixkanaka beste herrialdeetara zabaltzen ari dira. «Datozen urteetan ahalegin berezia egin nahi dugu Nafarroako eta Iparraldeko herrietan».

Lekukoak adinean aurrera doazela gogoratu du Sarasuak, eta lan handia egin beharko dutela datozen urteetan haien testigantzak jasotzeko. Espainiako Gerra Zibila jarri du mugarri gisa. «Hizkuntzari zein bizipenei erreparatuta balio ikaragarria dute gerra aurretik bizi izan zirenen testigantzak. Haien adina kontuan hartuta, 10 urte ditugu gehienez horiek biltzeko. Gainontzean galdu egingo ditugu».

Webgunea abian

Testigantza horien garrantzia eta premia kontuan hartuta, proiektuan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. «Etxean izan dezaketen edozein material izan daiteke baliagarria, nahiz eta haiei hala ez iruditu. Zintaren bat badute jar daitezela gurekin harremanetan».

Proiektu ireki, doako eta publiko gisa sortu da Euskal Herriko Ahotsak. Hala, ahalik eta jende gehienarengana iritsi asmoz, www.ahotsak.com webgunea sortu dute. Orain arte egin duten lana ikus eta kontsulta daiteke bertan. Orrialdean sartzen direnek, herriaren, gaiaren edo eta hizlariaren arabera kontsulta ditzakete sarean jarri dituzten bideoak. Adinekoen testigantzak jasotzen joan ahala bertan ipintzea da haien asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.