Abian dira Zorrotzaurreko lanak, bizilagunen adostasunik gabe

Zorrotzaurreko lantegiak eraisten hasi dira, baina Deustuko ubidea betetzeko lanek etenda jarraitzen dute

Maite Asensio Lozano.
2008ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Dagoeneko abian da Bilbo zaharberritzeko bigarren egitasmo handia, «azken 30 urteotan Euskadin izandako hirigintza ekimenik handiena», Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuaren arabera. Astelehenean bi zizaila sartu ziren Zorrotzaurren,datozen asteotan zortzi industria pabiloi eraisteko, eta hala, ingurua eraberritzeko lehen urratsa egiteko. Dena den, oraindik ez dago argi Zaha Hadid arkitekto irakiarrak diseinatutako Master Plana bere horretan gauzatuko den; izan ere, auzolagunen oposizioaren ondorioz, ez dituzte hasierako proiektuan ageri ziren bi etxe orratz altuenak eraikiko. Halaber, Deustuko ubidea betetzeko lanak geldiarazi zituen Bilboko Portu Agintaritzak maiatza amaieran, Bilboko Udalak Zorrotzaurreko Antolamendu Plan Berezia onartu eta ubidearen behin betiko lerrokatzea xedatu arte. Irailetik aurrera eztabaidatuko da plana, eta auzotarrek horren kontra jarritako alegazioak aztertu beharko dituzte; ordura arte, beraz, ezingo dira zalantzak argitu.

Datu zinez handiak mugitzen ditu Zorrotzaurreko egitasmoak. Ia 600.000 metro koadro ditu guneak, eta 5.680 etxebizitza eraikiko dira bertan, erdiak babes ofizialekoak; dagoeneko bertan dauden etxebizitzak, aldiz, zaharberritu egingo dituzte. Halaber, egunotan eraisten ari diren lantegien ordez, hainbat enpresaren egoitzak kokatuko dira, BBK, Idom eta IMQrenak, besteak beste. Erdigunean 40.000 metro koadroko parkea jarriko dute.

Gainera, Deustuko ubidea ireki egingo dute, eta Zorrotzaurre uharte bilakatuko da, Bilboko itsasadarrak eta ubideak bustita. Uhartea hirigunearekin lotzeko, zortzi zubi eraikiko dituzte, eta tranbia eramango dute bertaraino. Deustuko ubidearen beste aldean dauden auzoak ere eraberrituko dituzte, Botika Zaharretik Elorrietaraino. Lanon bidez eta ondoren ustez etorriko diren enpresen bidez, 5.000 eta 10.000 lanpostu bitartean sortuko direla espero du Madrazok. Plan Berezia garaiz onartzen badute, 2009an eraikinak egiten hasteko asmoa du Zorrotzaurre Kudeaketa Batzordeak; 2010ean, berriz, ubidea zabaltzeko lanak abiatuko lirateke.

Hala, proiektuak eskatzen duen inbertsioa Zaragozako (Espainia) Expoarekin eta «zortzi Guggenheimekin» alderatu du Madrazok, eta ausartenek Bilboko Manhattan uhartea izango dela adierazi dute. Ospe hori zertxobait gehiago puztu zuen astelehenean Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Izan ere, Zorrotzaurreko «lur sail bat edo bi» gordeko dituztela iragarri zuen, etorkizunean «beste museo bat» egin ahal izateko: «Agian Gulbekian, Prado edo Pompidourekin akordio bat lortzen dugu, Guggenheimekin egin genuen bezala».

Auzotarrak, kontra

Zorrotzaurre eta inguruko auzoak biziberritu behar direla badakite bizilagunek. 1970eko hamarkadan enpresak bertatik alde egiten hasi zirenetik, nabarmena izan da inguruaren gainbehera. Baina Zorrotzaurreko Master Planak, auzoa eta ubidearen erribera indarberritzeko baino gehiago «dirua ateratzeko» balioko duela uste du Kanala auzo elkarteak. Zorrotzaurren 450 lagun inguru bizi dira egun, baina elkarteak 8.000 sinadura bildu ditu inguruko auzoetan, Master Planaren aurka. Euren helburua 1995ean onartutako egitasmoa gauzatzea da. «Etxebizitzez beteko dute ingurua; auzoa kenduko digute, eta 1995ean onartu zen parkea kenduko digute», diote.

Baina gai batek eragiten du, bereziki, auzotarren haserrea: ubidea betetzeko asmoak. Deustuko ubideak 150 metroko zabalera du egun, baina zabalera hori erdira murritz daiteke, ubideari ura kentzeko eta horren ordez lurra jartzeko egitasmoak aurrera egiten badu. Bizilagunen iritziz, «lurzoruarekin espekulatzeko» erabiliko dituzte Botika Zaharra eta Elorrieta artean urari irabaziko dizkioten metroak. Eta horren bidez, Zorrotzaurreko plana ordainduko dute, ezin dituztelako kontuak berdindu». Izan ere, euren ustez, zaila izango da Zorrotzaurrera hainbeste jende erakartzea.

Baina, gainera, ubidea betetzeko ideia bera logikarik gabekoa iruditzen zaio elkarteari: «Europako gainerako hirietan ura berreskuratzen ari badira, nola bururatzen zaie hemen ura kentzea, eta, gainera, etxeak egiteko? Zer gertatuko da etorkizunean ur hori behar badugu?». Bizilagunek ez dute gaizki ikusten penintsula uharte bihurtzea, baina ubidea irekitzeak ekar ditzakeen ondorioez kezkatuta daude. Izan ere, Bilboko itsasadarren morfologia aldatuko da, eta urak ibilbide naturala jarraitzen badu, ubidetik sartuko da, erdira estutuko den ubidetik, hain zuzen. Auzotarren arabera, ubideak nola funtzionatuko duen zehazten duen azterlan hidraulikorik ez dago.



Datua

1.500

Lanetarako aurrekontua. Zorrotzaurre zaharberritzeko lanek 1.500 milioi euroko aurrekontua dute. Administrazio publikoek zein enpresa pribatuek jarriko dute, Zorrotzaurre «hiriaren eragile berria» izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.