Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Otsaileko oihartzun urrunak

Orain bost hilabete Zaldibarko luiziak eragindako astindu politikoa lausotu egin du pandemiak, eta pisu txikia hartu du gaiak kanpainan. Jaurlaritzako kideek ez dute jarrera aldatu: EAJk eta PSEk galdetu zaienean baino ez dute auzia aipatu.

Arantxa Gonzalez ministroa izan zen atzo Mendiarekin. G. ESTRADA / EFE.
Maite Asensio Lozano.
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Otsailaren 6an Verter Recycling-en zabortegia amildu zenean, eta handik bost egunetara Iñigo Urkullu lehendakariak bozetarako data apirilaren 5ean ezarri zuenean, askok ziurtzat zuten Zaldibarko krisiak higadura eragingo zuela Eusko Jaurlaritzaren gidariengan. «Euskal Prestige» izango omen zen. EAJren sendotasun irudia kolokan jar zezakeen hondamendiak, gertatutakoagatik baino gehiago, gertatutakoa kudeatzeko moduagatik: orduan, barkaezina zirudien Urkulluren bost eguneko isiltasunak, Zaldibarrera gerturatu ez izanak —nahiz eta bi langile zeuden (eta dauden) desagertuta—, eta luiziaren osteko lehen agerraldia hauteskundeetara deitzeko baliatu izanak. PSE-EErentzat ere zigorra ekar zezakeen, gobernu jardunean bigarren mailako rola izan arren, haren esku egon delako Ingurumen Saila, eta harena delako zabortegiaren kontrolean antzemandako gabezien ardura.

Hedabideek asteak eman zituzten Debabarrenean, eta haserrea ez zen berehala baretu zabortegiaren inguruko herrietan: Eibarko eta Ermuko bizilagunek koronabirusaren aurretik ezagutu zituzten maskarak eta itxialdia, hondakin artean piztutako suteak etxeratzera behartu baitzituen, nahiz eta Jaurlaritzaren hasierako mezuek garrantzia kendu zieten handik ateratako kearen toxikotasunari. Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen familiek ere hitza hartu zuten, minez,desagertutako senideak bilatzeko baliabide eske. Herritarrek manifestazioak egin zituzten: kexak, beldurrak eta ezinak azaleratu zituzten. Eta hondakin politika hizpide bihurtu zen, baita Euskal Herriko mugetatik kanpo ere.

Gero pandemia etorri zen, eta bestelako haserreek, kezkek, beldurrek, ezinek eta heriotzek bete zituzten lerroburuak. Zaldibarko luizitik hamarkadak joan direla irudi lezake egun, baina oraindik bi langile daude hondakin azpian, eta erantzun gabeko galdera askoren oihartzuna entzun daiteke tarteka. Azken egunotako albisteek ere agerian jarri dute auziaren dimentsioaren beste aurpegi bat: gaur goizaldean irekiko dute guztiz A-8 autobidearen Zaldibarko zatia; bost hilabete behar izan dituzte eroritako zaborra handik ateratzeko, errepidea prestatzeko eta ingurua egonkortzeko. Hauteskunde kanpainan zehar, baina, lausotu egin da krisi hark otsailean eragiten zuen larridura; Zaldibar Argituz plataformak ekarri zuen gogora atzo, Eibarren manifestazioa eginez.

Autokritika gutxi

Dena den, zaborraren kudeaketarekin lotutako ekitaldi sektorialak egin dituzte asteon, Zaldibarren inguruetan, Equok, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk: bestelako gestio eredu bat aldarrikatu dute; PPk ere babesa agertu die desagertuen senideei. Gobernua osatzen duten bi alderdiek, ordea, nahiago izan dute gaiari buruz ez mintzatu, oraingoz behintzat. Kazetarien galderei erantzunez baino ez dute Zaldibarko krisia aipatu. Azken adierazpenetan, Urkulluk nabarmendu du enpresa pribatu batek kudeatu duela zabortegia eta harena dela ardura, baina ez du kudeaketa soilik publikoaren aldeko apusturik adierazi. PSE ere ez da Zaldibarrera agertu kanpainan, baina ekitaldi bat egin du asteon Verter Recycling-en sarreratik kilometro batera: Eibarko ospitalean, «sozialistei esker» lortu zutela oroitzeko. Hango alkate izana da Iñaki Arriola —han bizi da—, Gipuzkoako zerrendako hirugarrena eta Ingurumen sailburua, baina ez zen ekitaldian izan.

Zaldibarko krisiaz autokritika egitea galdegin izan zaie EAJri eta PSEri. Ahoskatzearen ahoskatzeaz, zentzua galtzen ari den hitzetako bat da autokritika, baina Debabarreneko herritarrei lasaitasun apur bat eragin liezaieke Jaurlaritzak onartzeak hutsuneak egin dituela zabortegiaren kontrolean eta hondamendiaren kudeaketan. Aldiz, kontrako bidea hartu du asteon Idoia Mendia lehendakarigai sozialistak, ETB2n emandako elkarrizketan: «Denok egin behar dugu autokritika: Eusko Legebiltzarrean hondakinei buruzko ekimenik ez da izan azken hamar urteotan». Parlamentuko webgunean bilaketa azkar bat egitea nahikoa da ikusteko dozenaka galdera, mozio, proposamen eta jarduera egin direla soilik azken legegintzaldian; tartean, birziklatzea hobetzeko neurriei buruzko txosten bat.

Madril erreferentzia hartuta ari da kanpaina egiten Mendia. Auzi identitarioak baztertzera deitu du, eta Espainiako Gobernuak pandemian egindako kudeaketa aurkeztu du berme gisa. Horretarako, Madrilen laguntza ere izaten ari da. Kanpainako bigarren asteburu honetan Euskal Herrian izan dira hainbat buruzagi: herenegun, Salvador Illa Osasun ministroak hartu zuen hitza, eta gaur bigarrenez parte hartuko du kanpainan Pedro Sanchez gobernuburuak. Atzo Arantxa Gonzalez Atzerri ministro tolosarrak lagunduta aritu zen Mendia. COVID-19ak eragindako krisitik ateratzeko, segurtasun eta egonkortasun premia nabarmendu zuen: «Banatuko gaituen kontsultarik ez dugu behar. Fidatzeko moduko gobernua behar dute herritarrek, Espainiaren proiektu konpartituarekin bat egingo duena, Europaren trenera igoko dena. Nazionalismo gutxiago behar dugu, eta Europa gehiago».

Elkarrekin Podemosek ere Madrilgo ordezkaritza zabala ekarriko du datorren astean: Pablo Iglesias, Alberto Garzon eta Yolanda Diaz ministroak dira etortzekoak. EH Bilduk atzo egin zuen asteburuko mitin nagusia, Bilbon; EAJren ustelkeria kasuez jardutean, ereduen arteko alderaketara jo zuen berriro Maddalen Iriartek: «Guk ez dugu inoiz eskua kutxan sartu, eta ez dugu egingo». Jeltzaleek, berriz, gaur dute kanpainako ekitaldi berezienetako bat: ibilaldi eta hitzartze bana egingo dute Zaldiaran, Hernio eta Serantes mendietan. Atzo, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz mintzatu zen Urkullu. Datuak, portzentajeak eta inbertsioak aipatu zituen xede gisa, betiere bikaintasunari lotuta: «Euskadiren aurkezpen txartelaren parte izan behar da berdintasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.