NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Julio Lafuentek (Zaragoza, Espainia, 1951) karguan jarraitu nahi du, eta, horretarako, hilaren 14an errektorea aukeratzeko eginen diren hauteskundeetarako bere hautagaitza aurkeztu du. Bi arrazoi nagusi aipatu ditu erabaki hori hartzeko: batetik, duela lau urte errektore izateko urratsa egiteko zituen gogo eta asmo berak dituela gaur egun ere, eta, bertzetik, azken lau urteotan martxan jarritako hainbat proiekturi segida eman behar zaiela uste duelako, erabateko arrakasta lor dezaten. Hasitako lana bukatu nahi du Lafuentek, beraz. Errektore izateko lehian, Rafael Lara (Iruñea, 1969) izango du.
Proiektu nagusi horien artean, hiru azpimarratu ditu NUPeko errektoreak. Unibertsitatea Goi Mailako Heziketako Europako Espaziora moldatzeko egindako bidea aipatu du, batetik. «Urte bakar batean gure ikasketa guztiak espazio berrira egokitu ditugu, baina, oraindik ere, bertzelako aldaketa eta doitze lan batzuk egin behar dira». Bertzetik, NUPek Nazioarteko Bikaintasun Campus izendapena jaso izana nabarmendu du Lafuentek. «Arrakasta handia izan da, baina arlo horretan hasi berriak gara, eta aurrera jarraitzeko urratsak egin behar ditugu». Hirugarrenik, Tuterako campusa martxan jartzeko proiektuaz mintzatu da errektorea, eta arlo horretan ere urrats gehiago egiteko beharra azpimarratu du.
NUPek badu bertze erronkarik datozen urteotarako, Julio Lafuenteren hitzetan. Eta horien artean nagusietako bat izanen da gradu gehiago eskaintzea. «Egun, Espainiako unibertsitate publikoen artean gradu gutxien duen zentroa da gurea». Gizarte ikasketen, osasunaren esparrukoen eta ingeniaritzen arlokoen gradu gehiago eskaintzea ezinbertzekotzat jo du. Medikuntza ikasketak bereziki aipatu ditu, auzi horren inguruan eztabaida piztu delako jada. NUPek ikasketa horiek eskaini beharko lituzkeela uste du Lafuentek, baina nabarmendu du proposamenen zerrendak luzeagoa behar duela izan. «Medikuntzaz harago jo behar dugu; gehiago egin behar dugu».
Euskarari buruzko plana
Euskarari buruz mintzatu da, halaber, Lafuente. Zehaztasun handirik aipatu gabe, hala ere. Azpimarratu du unibertsitateak onartutako euskarari buruzko plan estrategikoaren esparruan lanean jarraituko duela datozen lau urteotan ere NUPeko errektore bada. «Plan horrek zehazten du gure jarduera, eta haren bidez aurrera egin beharko dugu. Aurreko ikasketak euskaraz egin dituzten ikasleei erantzuna ematen saiatu behar dugu».
Diru kontuei buruz, bertzalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko urte anitzeko hitzarmena izan du mintzagai Lafuentek. Izan ere, azken akordioaren epea bukatu eta gero, berritzeko hitzarmena oraindik ez dute sinatu bi erakundeok. Errektoreak erran du egoera horrek ez diola mesede egiten unibertsitateari. «Urte anitzeko hitzarmena beharrezkoa da. Hitzarmena berritzeko lanetan ginen krisi ekonomikoak eztanda egin zuenean, eta horregatik ez dugu oraindik sinatu». Hala ere Nafarroako Gobernuko eta NUPeko arduradunek lanean jarraitzen dutela azaldu du.
NUPeko errektoreak Nafarroako erakunde publikoei errespetua zor diela gaineratu du, baina, aldi berean, unibertsitateak bere autonomiari eta independentziari eutsi behar diela azpimarratu du. Funtsezkotzat jo du hori, bai eta unibertsitateko kide guztiek erakunde horren jardueran parte hartzea ere, nahiz eta erabakiak «hartu behar dituenak» hartzen dituen. Lafuentek ez du argitu orain arteko gobernu taldearekin jarraituko ote duen bozak irabaziz gero. Argi utzi du, hala ere, hauteskundeetara bera aurkezten dela, bera dela hauteskunde horiek irabazi edo galdu eginen dituena.
Rafael Larak NUPen webgunean aurkeztu du bere programa, eta, besteak beste, unibertsitateak finantzaketa hitzarmen iraunkor bat behar duela dio bertan. Horrez gain, talentua erakartzeko eta unibertsitatea gizartearekin nahiz industriarekin harremanetan jartzeko bideak ireki behar direla uste du. Ikasleei begira, besteak beste, matrikula bakoitzean bigarren deialdia berrazertzearen alde egin du Larak.
Euskarari buruz hauxe dio Larak bere programan: «Euskara Nafarroako kulturaren parte garrantzitsua da, eta unibertsitateak haren garapena bermatu behar du». Hain zuzen, beste plan estrategiko bat sustatuko duela dio.
Abiatu dute Larak eta Lafuentek NUPeko errektore izateko lehia
Errektoreak segida eman nahi dio bere proiektuari, eta beste hautagaiak beste euskara plan estrategiko bat sustatuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu