Denboralea

Abisu txikia uholde handirako

Euriak gogor jo du Pirinio bazterrean, eta arazo handiak eragin ditu eskualde horietan.Urak autoan zihoala harrapatuta, pertsona bat hil da.Gaur lasaituko da aroa, baina zaparradak itzuliko dira bihar

Elizondoko karriketan, autoak hara-hona ibili zituen urak. EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Seinale bat izan zitekeen bezperakoa. Arratsalde erdian gertatu zen, Sagasan, Nafarroan. Euriak gogor jo zuen, eta errekak ezin izan zion eutsi. Urak hartuta, bakartuta geratu zen herria. Leku gehiagotan zuten egoera bera atzo goizean. Mardul egin zuen euria —datua: Gorramendin, metro koadroko, 120 litro, 02:00etatik 09:30era—, eta urak bidetik atera ziren. Pirinio bazterrean izan dute kalterik handiena. Goizaldera hasi ziren arazoak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan; ibaiak asko hazi ziren, eta urpean geratu ziren erreka bazterreko herriak. Kalte handiena Arhantsusin (Nafarroa Beherea) izan zen: autoan zihoan gizon bat hil zen, urak eramanda. Nafarroan, Baztanen izan dituzte desmasia handienak. Asteak joango dira kalteak konpontzerako.

Abisu larria ez zen: horia. Ekaitza sortzeko arriskua bazela bai, lekuan-lekuan euria erruz egin zezakeela ere bai, baina horrelako uholderik-eta sortuko zenik ez. Goizaldera jo zuen alerta Paueko prefetak. Ordurako ura bere onetik aterea zen: ibai bazterrak urpean ziren, izan belardi, kale edo etxe. Oso azkar igo zen ura, eta, egoerari aurre egin ezinik, oso larrialdiko deia egin zuen prefeturak: ura sartzen ari zen lekuetan, igotzeko arriskurik gabeko tokietara. Kanbon (Lapurdi) eta Donibane Garazin antzeko irudiak zituzten goizeko lehen orduan: herritarrak, teilatuetan eta argindar zutoinetan, erreskate taldeen zain.

Egoera larria ikusita, departamendutik bidali zituzten suhiltzaileak eta poliziak, Iparraldean aski ez eta. Helikopteroak behar izan zituzten erreskateak egiteko: bost aireko erabili zituzten denera.

Baliabide horiekin guztiekin ere nahikoa ez zuten, ordea, egoera hari erantzuteko, eta prefetak laguntza eskatu zion Nafarroako Gobernuari —akordio bat sinatua dute erreskateetarako—. Iruñeko gobernuak ezetz erantzun zion, ordea, ezinezko zuela laguntzea.

Ordurako gorabehera handiak baitzituzten Nafarroan, batez ere Baztanen. 07:30 bueltan, nabarmen igo zen ura, eta arazoak izan ziren Elizondon eta Erratzun. Autoak hara-hona ibili zituen urak.

Elizondon une larriak izan zituzten. Bi erreskate «zail» egin behar izan zituzten. Bat, igerilekuan; herriko langile bat txalupa batean atera behar izan zuten, urak ezustean harrapatuta. Bestea, adinekoen egoitzan; sotora joan langile bat, ez aurrera ez atzera geratu, eta urpekariek erreskatatu behar izan zuten. Gisa bereko larrialdiak asko izan ziren han-hemen. Kanpalekuak hustu egin zituzten, badaezpada: Arizkunen, Nafarroan, atera egin zituzten haurrak udalekutik; Baigorriko (Nafarroa Beherea), Gotaine-Irabarneko (Zuberoa) eta Mauleko kanpalekuak ere hustu zituzten, bai Kanboko bainuetxea ere. Datua: Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan 461 esku hartze egin zituzten larrialdiko taldeek.

Arhantsusin ezin izan zuten onik atera urak erdian hartu zuen gizon bat. Autoan zihoan 84 urteko gizona, eta, zubi bat igarotzen ari zelarik, urak menderatu zuen ibilgailua. Izurakoa zen hildakoa.

«Aparteko ekaitza»

Zer gertatu zen, erakundeek behar bezala jardun zuten, kritika egin diote prefeturari, neurriak garaiz ez zituelakoan hartu. Alerta laranja ezarri zuen goizean, baina aurrez ez zuen neurririk martxan jarri. Nafarroako Gobernuak goizaldean jo zuen larrialdi deia: uholde arriskuagatik, lehen mailako alerta eman zuen, gorena. Javier Morras Nafarroako Barne kontseilariak ezinezkotzat jo zuen aurrez kontuak egitea, euriak toki batzuetan eraso baitzuen bereziki. «Aparteko ekaitza izan da, eta leku batzuk jo ditu bereziki. Indartsua eta azkarra izan da».

Kalteak oso dira handiak. Errepide asko urak hartuta egon ziren orduetan, eta hondaturik daude, batez ere Lapurdin eta Nafarroa Beherean. Bigarren mailako errepide askotan daude gorabeherak; uholdeez gain, luiziak ere pairatu dituzte. Errepideetan bakarrik ez dira izan desmasiak: Itsasu eta Kanboko tren geltokia urpean geratu zen, eta oinarrizko zerbitzuetan ere arazoak daude. Elizondon, osasun etxea urak estali zuen metro bat pasa, baita liburutegia ere.

Kalte ekonomikoak aintzat hartzekoak dira. Etxeetan eta saltokietan desmasia handiak izan dituzte; abisurik ez, eta neurririk hartzeko zeuden. Berebiziko kaltea etxaldeetan izan dute. 300 ardi itota hil ziren Donaixti-Ibarreko baserri batean (Nafarroa Beherea), eta beste 50 Donibane Garaziko hiltegian. Animalietan kalteak dira Nafarroan ere: Donezteben pottoka talde bat urak eraman zuen. Elizondon, irudia: bi amuarrain, etxe atari batean, itota. Auto asko daude hondatuta.

Laguntzen esperoan

Erakundeetako ordezkariek bisita egin zuten kalteak izan dituzten lekuetara. Bazkalondoan, Elizondon izan ziren Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea eta Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkaria. Ez zuten argibide handirik eman laguntzei buruz. Albak adierazi du erakundeen arteko koordinazioa beharko dela laguntza bideratzeko, eta azaldu du Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa hasia dela kalteak aztertzen.

Patrick Dallennes Baionako suprefeta Baigorrin eta Donibane Garazin izan zen. Hondamendi eremu joko dituzten itxaropena dute kaltea izandako herrietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.