Euskal Herrian abizena aitarengandik jasotzea izan da ohitura, baina historiari begiratuz gero, ikus daiteke usadioa beti ez dela hain zurruna izan. Adibidez, aita Manuel Larramendi euskal idazle eta jesuitak (1690-1766)amarengandik, Manuela Larramendirengandik jaso zuen abizena, eta ez Txomin Garagorri aitarengandik. Bizkaiko Ibarra familia boteretsuak ez luke abizen hori izanen, XVIII. mendean leinuko ama batek alabari pasatu ez balio, eta azken horrek semeari. Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeko idazkariaren arabera, amaren deitura ematea ez zen praktika orokortua, baina gerta zitekeen, batez ere ama zenean etxearen jabea. «Foruak desagertu arte egon zen indarrean aukera hori».
Gaur egungo abizen sistemak XVI. mendean du jatorria, Trentoko Kontzilioan. Bertan, Elizak erregistroa sortzeko erabakia hartu zuen. Ordura arte, abizena ezartzeko sistemak «nahasiak» ziren, Gorrotxategik dioenez. Toponimoa, lanbidea edo bertzelako ezaugarriren bat erabiltzen zen deitura zehazteko. Kontzilioaren ondoren, ordea, bi sistema nagusi ezarri ziren Euskal Herrian: «Euskal Herri atlantikoan, baserriaren izena, eta barrualdeko Euskal Herrian, berriz, abizen konposatua, familiaren izenarekin eta toponimoarekin». Arabako eta Nafarroako hegoaldean etxeek ez zuten izenik izaten; horregatik, bertzelako sistema ezarri zen.
Mikel Azurmendi antropologoak ere Nombrar, embrujar (Izendatu, sorgindu) bere lanean bat egiten du azalpen horrekin. Bertzeak bertze, Pierre de Lancre magistratu frantziarrak gai honen inguruan idatzitako aipu aski adierazgarria bildu zuen Azurmendik: «Sen oneko gizon oro ahalegintzen da bere izena, bere familia eta bere etxea betikotzen; horren ordez, [euskaldunek] haien izena eta familiarena etxe madarikatu batean lurperatzen dute». XVII. mende hasieran Lapurdin zuzendu zuen sorgin ehiza krudelean idatzi zituen solas horiek De Lancrek.
Magistratu frantziarrak euskal abizenak gogor kritikatu bazituen ere, Gorrotxategik hagitz garrantzitsuak zirela azpimarratu du. «Espainiako Erresuman hijosdalgos, nobleak, zirela froga zezaketen euskaldunek».
Trentoko Kontzilioa egin zenean (1543-1563), Euskal Herria hiru estatutan zatitua zegoen: Nafarroako Erresuma, bertakoa, alde batetik (Nafarroa Beherea soilik, 1610ean Frantziarekin bat egin zuen arte), Espainiako Erresuma eta Frantziako Erresuma. Kontzilioan erabaki zen erregistroak egiteko administrazio zibilaren hizkuntza erabiltzea. Euskarak inolako ezagutza ofizialik ez zuenez, Hego Euskal Herrian gaztelaniaz egin ziren erregistroak, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, gaskoieraz hasiera batean, eta, ondoren, nagusiki frantsesez. «Horren eraginez, gure deiturak erdaren sistema fonetikoetara moldatu zituzten», azaldu du Gorrotxategik.
Hasieratik, beraz, euskal deiturak erdal administrazioek baldintzatuta egon dira. Baina noiz ezarri ziren gaur egun Hego Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herrian ezarrita dauden abizen sistemak? Gorrotxategik uste du XIX. mendean Espainiako Erregistro Zibila sortu zenean ezarri zela bi abizenak erabiltzeko sistema, aitarena lehenengo, eta amarena ondoren. «Kurioski, bi deitura erabiltzea, eta ordena horretan, Kataluniako ohitura da, eta hortik hartu zuen Espainiako Administrazioak», nabarmendu du Gorrotxategik. Ipar Euskal Herrian, berriz, «litekeena da» Frantziako Iraultzaren ondoren abizen bakarra, aitarena, legez ezarri izana.
Deitura, ondare kulturala
Espainiako Erregistro Zibila aldatzeko lege proiektuak, aldaketak ekar diezaizkieke euskal abizenei. Gorrotxategiren iritziz, irizpide nagusia izan beharko litzateke desagertzeko arriskuan dauden deiturei lehentasuna ematea. Horren harira, oroitarazi du Espainiako eta Frantziako legedian aspalditik,-Espainian, frankismoabaino lehenagotik- aukera egon dela emakumearen abizena lehen tokian jartzeko, hura desagertzeko arriskuan dagoen deitura bada. Bi arrazoirengatik ezarri zen hori: «Alde batetik, abizenak ondare kulturala direlako; bertzetik, erregistroak jendea sailkatzeko sortu zirelako. Guztiek deitura bera badute, lana zailtzen da».
ABIZENAK. ESPAINIAKO ERREGISTRO ZIBILAREN LEGE PROIEKTUA. Aita Larramendi, amarengatik
Euskal Herriko abizenen sistema XVI. mendean egituratu zen. Foruak galdu ziren arte, kasu batzuetan emakumeak ere eman zezakeen deitura. Aldaketa eta erreforma guztiak erdal administrazioen arabera egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu