Atxiloketetan legez kanpoko jarduerak egiten dituztela nabarmen uzten duen txostena ezkuta dezan eskatu dio Guardia Zibilak Fernando Grande-Marlaska epaileari. Apirilaren 14an egindako polizia operazioan, atxilotu eta inkomunikazio aldian, Jon Enparantza, Arantza Zulueta eta Iker Sarriegi abokatuei «tratu bikaina» emateko esaten zuen txostenak, eta gainerako beste zazpi atxilotuei miaketak iraun bitartean ere tratu ona emateko esaten zuen. Txosten horren zabalkundea eragozteko eta sumariotik ateratzeko eskatu dio Guardia Zibilak operazioa agindu zuen epaileari. «Terrorismoaren kontrako borrokan poliziak duen jarduera prozedura babeste aldera» eta txostenean agertzen diren poliziak «babesteko asmoz» eskatu dio hori. Gainera, atxilotuen defentsaren bertsioa zalantzan jarri, eta txostena nondik agertu zen ikerketa egiteko ere eskatu dio epaileari, «egoki ikusten badu».
Operazio hartan Guardia Zibilaren barne dokumentu bat agertu zen Jon Enparantzaren etxeko gutunontzian. BERRIAk ekainaren 1ean argitaratu zuen txosten horrek nabarmen uzten du inkomunikazio aldian legez kanpoko jarduerak egiten dituela Guardia Zibilak. Operazioan jarraitu beharreko argibideekin osatutako txostena da, eta hamasei orrialde ditu -sei eskuz idatzitakoak-. Gutxienez hiru irregulartasun ondorioztatzen dira txosten horretan: batetik, atxilotu batzuei tratu berezia ematen zaiela; bigarrenik, galdeketak egitea debekatuta dagoen arren Guardia Zibilak galdeketa taldeak osatzen dituela; eta hirugarrenik, galdeketak atxilotuen autoinkulpazioak lortzera bideratzen dituztela.
Polizia operazioko txostena
Txosten hori sumarioari batu zion defentsak, eta orduan epaileak argibideak eskatu zizkion Guardia Zibilari. Hiru orriko txosten batekin erantzun zion Guardia Zibilak, BERRIAk jakin ahal izan duenez, eta aitortu egin zuen Enparantzaren etxean agertu ziren paperak operazioan parte hartu zuen polizietako batenak zirela. Hark «lanerako zirriborro» gisa osatu bide zuen txostena, «operatiboa prestatzeko egindako hainbat bileratako informazioarekin».
Nolanahi ere, txostenari izaera ofiziala kentzen dio epaileari argibideak igorri zizkion teniente koronelak: «Txostena ez da Guardia Zibilarena, ezta Informazio Buruzagitzarena ere». Polizia batek bere erabilera propiorako egindako lanerako zirriborroa dela azaltzen du: «Lanerako zirriborro bat da, idatzi duenaren izaera pertsonala, indibiduala eta erabat partikularra duena, nahiz eta unitate honen zereginekin zerikusia duten gauzak jaso, eta zehazki operazioari dagozkionak».
Idatzi zuen polizia unitate hartakoa dela ere aitortzen du Guardia Zibilaren teniente koronelak hiru orriko idatzi horretan. Baina, defentsak esandakoaren kontra, nabarmentzen du ez zela operatiboaren «zuzendari» lanetan aritu baizik eta eskualdeko koordinazioan. Izan ere, txostenak polizia operazioaren diseinu orokorra jasotzen duenez, arduradunak egindakoa dela ohartarazi zuten hainbat abokatuk -Ainhoa Baglietto, Miguel Castells, Kepa Landa, Iñigo Iruin, Jone Goirizelaia, Alvaro Reizabal, Jose Mari Elosua eta Alfontso Zenon-, txostena agertu eta egun batzuetara egin zuten prentsaurrekoan.
«Ez zen bete»
Kontraesana ere badauka teniente koronelaren idatziak. Izan ere, «terrorismoaren kontrako borrokan poliziak duen jarduera prozedurak» babeste aldera txostena ezkutatzeko eskatzen dionean, han jasotzen den prozedura erabiltzen dela onartzen duen arren, idatziaren beste zati batean dio txostenean jasotzen diren jarduerak operazioan ez zirela «leialtasun osoz» bete; «bereziki zereginen banaketari, pertsonala izendatzeari, bitartekoen izendatzeari eta komunikazio judizialei dagokionean». Atxiloketak, miaketak eta inkomunikazio aldiko deklarazio hartzeak legeak agintzen duen bezala egin zirela azpimarratzen du Guardia Zibilaren txostenak.
Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak, eta Erramun Landa, Joxe Domingo Aizpurua, Jose Luis Gallastegi, Juan Maria Jauregi, Asier Etxabe, Nahia Zuriarrain eta Saioa Arregi atxilotu zituen Guardia Zibilak polizia operazio hartan. Aurreneko hirurei «tratu bikaina» eman behar zitzaiela jasotzen zen Guardia Zibilak operazioa prestatzeko erabilitako txostenean. Gainerakoei ere miaketak egin artean «tratu bikaina» eman behar zitzaiela esaten du. Aurreneko laurek inkomunikatuta eduki zituzten denboran ez zituztela tratu txarrak izan jakinarazi zuten epailearen aurrean deklaratu ostean; gainerako sei lagunek, ordea, tortura eta tratu txarrak salatu zituzten.
Jo egin zituztela, sexu erasoak egin zizkietela, ariketa fisikoak eginarazi zizkietela lehertzeraino, biluzik eduki zituztela, poltsa egin zietela... Zuriarrainek eta Agirrek biluztu egin zituztela salatu zuten, eta bularrak, titiburuak zein alua bortizki ukitu zizkietela. Negarrak eta oihuak etengabe entzuten zituzten.
Enparantzak ere jarri zuen salaketa, jo ez zuten arren, «mehatxuak» eta legez kanpoko galdeketak jasan zituelako.
Jatorriaz bi bertsio
Enparantzaren etxeko gutunontzian agertu zen txostena Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 3. Epaitegiaren esku dago. Enparantzaren emazteak gutunontzian topatu zuela ere jasota dago sumarioan. Baina Guardia Zibilaren teniente koronelak idatzitako testuan zalantzan jartzen da txostenaren jatorria hori ote den.
Poliziak dio txosten hori karpeta sailkatzaile batean zeukala, beste hainbat dokumenturekin batera. Karpetaren nolakotasunagatik, poliziari «gertagaitza» iruditzen zaio txosten hori «galtzea». Karpeta hura atxiloketaren une batean altzariren baten gainean utzi zuela dio, beste zerbait egiteko, eta, poliziaren ustez, miaketan zegoen beste norbaitek «deskuiduan» hartuko zuen txosten hura, karpeta utzita zegoela aprobetxatuz.
Abokatuen operazioko txostena ezkutatzeko eskatu dio Guardia Zibilak epaileari
«Atxilotu batzuei tratu bikaina» emateko agintzen zuen txostena sumariotik ateratzeko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu