Emakume nafarrek ezingo dutela bertan abortatu berretsi zuen atzo Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Gobernuak Abortuaren Lege berria beteko duela adierazi zuen, baina andreak Nafarroatik kanpora bidaliko dituzte haurdunaldia etetera. Ohiko aitzakia erabili zuen jokabide hori argudiatzeko: «Kontzientzia eragozpena ez dago araututa, eta zalantza juridikoak ditugu».
Zerbitzua «legeak dioen bezala» bermatuko dela dio Kutzek. Izan ere, astelehenean indarrean jarritako araudiak ez ditu autonomia erkidegoak abortatzeko zerbitzua osasun sare publikoan eskaintzera behartzen, eta lurraldean haurdunaldiak eteten dituen zentrorik ez badago, emakumeak kanpora bidaltzeko aukera ematen du. «Horrela egingo dugu emakumeen, langileen eta osasun erakundearen segurtasun juridikoa babesteko», erantsi du Kutzek.
EAEn, «pribatizaziorantz»
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, itunpeko klinika pribatuetara bideratu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak borondatezko haurdunaldi eteteak, eta asmo horren harira kezkaturik agertu dira hainbat sindikatu. «Mozorrotutako pribatizazioaz» mintzatu da ELA, zerbitzu publiko baten bidez sare pribatua «finantzatuko» delakoan.
Haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan libreki aborta dezakete andreek, eta ebakuntza horiek dira Jaurlaritzak EAEn dauden zazpi kliniketara eraman nahi dituenak. Aldiz, Osakidetzak bere gain hartuko ditu arrazoi medikoengatiko abortuak. Izan ere, klinika pribatuek ez dute haurdunaldiaren hamalaugarren astetik aurrera aborturik egiteko kreditaziorik; besteak beste, ebakuntza horiek baliabide material bereziak eskatzen dituztelako.
Orain arteko jardunaren arabera, haurdunaldi etenen %90 inguru egingo lirateke itunpeko sarean. 2008an egindako abortuei buruz Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 480 euro inguruko kostua du ebakuntza bakoitzak.
Abortu Lege berriaren inguruan «duda juridikoak» ditu Maria Kutzek
Kontzientzia eragozpena araututa ez egoteak «segurtasun eza» eragiten duela dio Osasun kontseilariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu