Abortuaren legearen aldeko ebazpena onartu du Gasteizko Udalak, aho batez

PPk, PSEk, EAJk eta Bilduk bat egin dute emakumeen eskubideen aldeko adierazpenarekin

Erredakzioa
2012ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Abortuaren legearen aldeko jarrera agertu du Gasteizko Udalak, aho batez. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, emakumeen eskubideen aldeko adierazpen instituzional bat onartu zuten atzo. Testuaren puntuetako batean, emakumeek euren osasun sexualaz eta ugalketaz erabakitzeko aukera izatea defendatu du. Adierazpenarekin bat egin dute udalean ordezkariren bat duten alderdi guztiek; PPko Encina Serranok, PSEko Maite Berrocalek, EAJko Blanca Guineak eta Bilduko Ane Aristik irakurri zuten adierazpena, udalaren izenean.

Emakumeen eskubideak bermatzeko asmoz, neurriak hartzeko konpromisoa agertu dute oharrean. Gasteizko Udalaren arabera, berdintasunaren bidean aldaketa garrantzitsuak egin dira jadanik, «mugimendu feministaren eta emakume elkarteen lanari esker». Talde horiek emakumeen eskubideen alde Gasteizen egin duten lana nabarmendu dute adierazpenean. Hala ere, berdintasun politikak indartzea beharrezkotzat jo dute udaleko ordezkariek, oraindik emakumeen eta gizonen artean botere harremanak agerian daudela uste baitute. Hartu beharreko neurrien artean, emakumeek euren osasun sexualaz eta ugalketaz erabakitzeko aukera bultzatzea aipatu dute.

Hain justu, Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak herengun abortuari buruz egin zituen adierazpenen biharamunean agertu du abortuaren aldeko jarrera Gasteizko Udalak. «Egiturako indarkeria batek bultzatzen ditu emakumeak abortatzera», adierazi zuen Gallardonek Espainiako Kongresuan.

Barcina, legearen kontra

Nafarroako Parlamentuan zeresana eman dute Gallardonek herenegun Espainiako Kongresuanabortuaren inguruan egindako adierazpenek. Atzo, osoko bilkura zuen parlamentuak, eta Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinak adierazi zuen indarrean dagoen abortuaren legea aldatzea «berez» dagoela justifikatua eta ez dela «beharrezkoa» bestelako adierazpenik egitea. UPNren jarrera argia izan dela adierazi zuen Barcinak: «Gure alderdiak bizitza babesten du».

PSNko ordezkari eta Nafarroako Gobernuko presidenteorde Roberto Jimenezi, berriz, «benetako zentzugabekeria» iruditzen zaizkio Gallardonek abortuari buruz esandakoak: «Espainiako gizarteak orain arte zituen eskubide batzuk arrisku larrian daude PPrekin». Politika, ekonomia eta lan arloa ez ezik eskubideen arloa ere «atzeraka» ari dela uste du PSNko ordezkariak. Emakumeei ez erasotzeko eta kalterik ez egiteko eskatu dio Jimenezek Espainiako Gobernuari. «Ulerbera izan behar du andreen egoerarekin, baita haurdunaldia eteteko duten askatasunarekin ere».

Gallardonen hitzak gaitzesteko Nafarroako Parlamentuan adierazpen instituzional bat aurkeztuko duela iragarri du PSNk. Ekimen hori astelehenean eztabaidatuko dute bozeramaileen batzordean. Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteari Justizia ministroaren adierazpenak zuzentzeko eskatuko diote oharrean. «XXI. mendean, eta gizarte demokratiko batean, herritarren ordezkari bat den aldetik, oso desegokiak dira Gallardonen hitzak». Adierazpenean diotenez,ministroak erakutsi du «genero indarkeria kontzeptua eta hark uzten dituen ondorioak» ez dituela ezagutzen. Eta modu horretako jarrerak emakumearen aurkakoak direla uste dute, emakumeak bigarren mailan uzten dituztela. «Emakumeen eskubideei dagokienez, atzerapausoa ekarriko dute PPren politikek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.