Lekua egin behar diogu falta den lotura afektibo bati; prozesu psikologiko konplexu bat da dolua». Patxi Izagirre psikologoa ari da solasean. Esperientziatik. Pertsona askori lagundu die prozesu horretan; gertuko maiteren bat galdu duten andre eta gizon askori, eta heriotza hitzari lotutako pronostikodun paziente zenbaiti ere bai. «Atzera-bueltarik» ez du heriotzak, eta horregatik da hain galera mingarria. Hala ere, gehienetan aparteko artarik gabe bideratzen dira prozesuak. Aintzat hartu beharreko arrisku faktoreak badira, ordea, eta, horiek tarteko, bidea okertu egin daiteke: «Hor kontuan hartu behar da pertsona bakoitzak zer-nolako nortasun egitura duen, zelako sare soziala duen inguruan, eta zer tankeratako heriotza izan den. Bat-bateko heriotzak, esaterako, barneratzen zailak dira askotan». Aldagai horiek korapilatu egin dezakete dolu prozesu bat: «Ez da patologia bat, baina lehertu egin daiteke hor azpian dagoen nortasun estruktura ahul bat». Zauria «zornatzea» ekar dezake horrek, eta gaixotasuna. «Ager daitezke depresioa, antsietate nahasmenduak, nahasmendu psikosomatikoak... Nik askotan esaten dut gorputzak berak ateratzen dituela bota gabeko negarrak. Ager daitezke, halaber, egoera ebitatiboak, fobikoak». Ikusten dituzte sarri halakoak, eta sarriegi sentitzen dute «berandu» heldu direla arta profesionala jasotzera.
Iñaki Markez psikiatrak nabarmendu du noiz ipini behar den aparteko arta. «Psikiatriaren ikuspegitik, dolu patologikoak ohikotik aparteko adierazpenak ditu», azaldu du. «Hainbat eratan ager daiteke: dolua ez agertzea edo oso berandu agertzea, dolu oso biziak eta luzeak izatea, suizidioarekin lotutako ideiak agertzea, sintoma psikotikoak atzematea...». Zehaztasun zenbait ere eman ditu. Esaterako, doluarekin lotutako ohiko sintomeksei hilabete pasatu eta gero agerian segitzen badute, edota doluan dagoenak prozesuaren ondorioz ezin badie aurre egin bere eguneroko lan eta gizarte jarduerei, adi ibili behar da. Izan ere, ondo bidean, minak apalduz joan behar du. «Dolu prozesua ongi doa hildako pertsonarekin gogoratzen bagara nolabaiteko irribarretxo batez, esker onez; ez larriminez, edo saminez», azaldu du Izagirrek. «Baina horretara iritsi ahal izateko oso garrantzitsua da ikustea nolako nortasun egitura duen pertsona horrek, nolako baliabideak dituen hori barneratu ahal izateko». Eta giro on bat duen: solastatzeko, ez bakarrik sentitzeko.
«Ongi aterako da azpiegitura minimo bat daukana: ez dira behar ez dakit zenbat anai-arreba. Bizpahiru pertsona konfiantzazko hor egingo direnak: ez direnak izutuko. Dolu txarrak bestelakoak izaten dira; bakartuta bazaude, edo harremana apurtu baduzu familiarekin, lagunekin. Hor dago faktore garrantzitsu bat». Iñaki Peña da solaskidea, medikua, zaintza aringarrietan aditua, eta Aulki hutsak dokumentalaren egilea —heriotzaren eta hark lagatako absentzien ingurukoa da—. Bat-bateko heriotzek, ezustean heltzen direnek, edo gertaera bortitzen batek eragindakoek dolu konplexuagoak dituztela uste du. «Argi eta garbi. Eta, zenbaitetan, halakoetan laguntza profesionala behar da; oso zaila da bestela egitea».
Agur esateko aukera
Gainerako heriotzetan, gaixotasunaren ondorioz iragar daitezkeen horietan, aldez aurreko lanketa bat egin daitekeela uste du. «Minbiziak, esaterako, den hondamendi guztiarekin, horretarako bidea ematen du». Agurtzeko era izaten da, eskerrak ematekoa, bidean egindako okerrengatik barkatu esatekoa. Nolanahi ere, horretarako medikuen kontsultetan, ospitaletako oheburuetan, heriotzari begietara begiratzeko kultura garatu behar dela ohartarazi du. Eta bi aldeak —medikuena, eta pazienteena eta haien senideena— ikusten ditu usu uzkur horretan. «Izan ere, sarri, hilezkorrak bagina bezala bizi gara, beti gazteak izango bagina bezala... Etsigarria da hori. Eta, gero, beste joera hori: 'Dena zure baitan dago'. Ea, zure baitan daude gauza pila bat; garrantzitsua da jarrera. Baina nik behin eta berriz ikusi dut oso jarrera positiboa daukan jendea, eta horiek ere hil egiten dira. Gerta daiteke agian gehiago bizitzea, eta hori baino gehiago, hobeto bizitzea, baina hiltzen dira. Eta bestelako kasuak ere badira: paziente batzuk beti kexaka dabiltza, eta 90 urte bete arte bizi dira». Medikuen arloko trebakuntza behar bezala egituratu gabe ikusten du. «Norberaren esku dago arloan trebatzea», ohartarazi du. «Eta gure gremioan gutxiengoa gara. Badago beste topiko bat, baina esan beharra dago hori ere: alor hau oso femeninoa da, eta gizonok landu behar dugu gure alde femeninoa: argi eta garbi».
Gaixotasunetan pazienteak eta senitartekoak ongi informatzearen aldekoa da Izagirre ere.«Hain zuzen ere, pazientea sendatze bide batetik aringarri batera pasatzen denean, hor aukera paregabea sortzen da agurra landu ahal izateko». Doazenentzat heriotza «maitagarriagoak» dakartzala uste du, eta geratzen direnentzat dolu prozesu samurragoak. Informazioak beti izan behar du argia: diagnostiko baten unetik. Baina hitzak neurtuta, betiere. «Informazioa ematerakoan garbi jakin behar dugu noraino entzuteko prest dagoen pazientea; gezurrik esan gabe, baina, nolabait ere, egia tolerablea emanez: jasan daitekeena. Horregatik, garrantzitsua da pazientearen nortasuna ezagutzea». Zaintza aringarrietan dauden hainbat paziente artatu izan ditu. Batez ere, entzun egin behar dela pentsatzen du.«Gure lana da gehiago belarri izatea; eta norberak onartzen du bere diagnostiko hori. Askotan, pazienteak berak ez du aipatu nahi, baina behar duena da aurrean dagoena ez beldurtzea». Izan ere, usu etxekoen aurrean ukatu arren, heriotzaren atarian dauden gaixo gehienek gaitzaren larritasunaren berri dutela uste du, eta mesedegarria dela bi aldeek sekretua biluztea. «Kontua da askotan bakardade horretan ezin dutela horri buruz hitz egin; berehala malkoz betetzen dira, eta aldatu egiten dute gaia».
Heriotza. Dolua
Absentziari lekua egiteko zidorretan
Pertsona maite baten heriotzak ingurukoen artera dakartzan asaldura, oinazea eta tristura hartzen ditu doluak; ondo bidean, absentzia horren mina apalduta amaitzen da prozesua. Zenbaitetan, haatik, aparteko arta behar izaten da bideratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu