'Bateragune auzia'. Epaiketa

Absoluzio eskaera auzitegiko atean

Ezker abertzaleko, Aralarreko, EAko eta ERCko ordezkariak Madrilen izan ziren auzipetuei babesa adierazteko eta «epaiketa politikoa» gaitzesteko.

Joan Tarda, Aitor Bezares eta Niko Moreno, atzo, Auzitegi Nazionaleko atarian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Bateragune auziko epaiketa epaiketa politikoa dela salatzera eta auzipetuentzat absoluzioa eskatzera, Espainiako Auzitegi Nazionaleraino joan ziren atzo ezker abertzaleko, Aralarreko eta ERCko kideak. Ezker abertzaletik Aitor Bezarez eta Niko Moreno joan ziren, Aralarretik Jon Abril eta Txentxo Jimenez eta ERCtik Joan Tarda. Rio Frio kafetegian elkartu ziren libre dauden auzipetuekin eta abokatuekin —han zen Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Egunkaria auzian epaitu eta absolbitua—, eta haiekin batera egin zuten auzitegirainoko bidea. Han, barrura sartu ziren auzipetuei animoak eman, eta adierazpenak egin zituzten.Pello Urizar EAko kidea ere izan zen Madrilen, auzitegi barruan, baina beranduago iritsi zen. Bilduko bozeramailearen arabera, epaiketa «ezerezean» amaituko da, ezingo dutelako frogatu auzipetuek ETAren aginduetara ari zirela.

Epaiketaren kontra dauden politikari eta pertsona guztien izenean hitz egin zuen Tardak. «Demokraziaren izenean, eta Euskal Herriaren askatasunaren, bakearen eta demokraziaren aldeko konpromiso irmoarekin, normalizazio prozesuaren kontrako beste oztopo hau salatzen dugu». Herri guztiek autodeterminazio eskubidea dutela azpimarratu zuen, eta eskubideei ezin zaiela mugarik jarri. Euskal Herriko indarkeriarik gabeko testuinguruan prozesu horren alde lanean ari diren auzipetuen absoluzioa eskatu zuen. «Euskal Herriarekin eta baketze prozesuarekin jarrera aktiboa mantentzeko konpromisoa dugu».

Bateragune auziko epaiketa Euskal Herrian hasi den prozesuaren kontrako epaiketa dela salatu zuen Bezaresek. «Epaiketa politikoa da, prozesua zapuztu nahi duena». Epaitzen ari diren zortzi lagunak atxilotu zituztenean eztabaida prozesua eragozten saiatu zirela, eta orain ere bide berean jarraitzen dutela. «Orduan kale egin zuen estatuak, eta orain ere berdin gertatuko zaio. Euskal Herrian hasitako prozesuak ez du atzera bueltarik». Auzipetuak absolbitu beste aukerarik ez dagoela ohartarazi zuen, eta Espainiako Estatuari eskatu zion «behingoagatik arduraz joka dezan», Euskal Herrian beste aukera bat ireki dela badakielako, eta «estatuak asko duelako esateko». Prozesuari oztopoak jarri beharrean «gaurko epaiketa, Aurore Martinen kontrako errepresio dinamika eta horrelako estrategiak» alboratzeko eskatu dio. «Estatuko beste nazionalitateetatik» etorritako elkartasuna eskertu zuen Bezaresek, ezker abertzalearen izenean.

Bezares hizketan ari zela sartu zen presoak zekartzan Guardia Zibilaren autobusa auzitegira, zarata handia eginez. Zarata gehiago ere izan zen. Haren atzetik pasatu zen gizonezko bat, «hiltzaileak!» oihu eginez. Inork ez zion erantzun eta horretan gelditu zen dena.

Jon Abrilek ere auzipetuen absoluzioa eskatu zuen. Auziak izaera politikoa duela nabarmendu zuen, eta politika egiteagatik ezin dela inor auzipetu, «eta are gutxiago zigortu», adierazi zuen. «Politika egitea da beti eskatu duguna. Soilik bide politikoen aldeko apustua egin duen ezker abertzalea nahi dugu, eta hori ezin da zigortu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.