Duela hiru urte Iruñerrian egin ziren polizia operazioetan atxilotuak izan ziren bederatzi gazte nafar uneotan epaiaren zain daude. Ekin edo Segi erakundeetako kide izatea egotzita, fiskalak zortzi eta hamar urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu euren aurka. Atzo Iruñean egindako prentsaurrekoan, auzipetuek zein euren senideek azpimarratu zuten jardun politikoa egiteagatik zigortu nahi dituztela eta bere errugabetasuna aldarrikatu zuten. Onartuko duten epai bakarra absoluzioa dela azpimarratu zuten ozen.
Epaiaren zain dauden honetan, iragan astean aske utzi zituztenMaider Caminos, Alberto Lopez, Luis Goñi eta Aritz Azkona. Hiru urtetik gora pasa dituzte behin-behineko espetxealdian, eta sakabanaketa jasan dute; Mikel Jimenezek eta Xabier Sagardoik egoera horretan jarraitzen dute.
2008ko udan abiatutako polizia operazioetan atxilotuak izan ziren, eta inkomunikazio aldian torturak jasan zituztela salatu zuten. Epaiketa, berriz, iragan azaroan egin zen. Atzo, auzipetuek, tratu txarrak jasan zituztela berresteaz gain, gogorarazi zuten torturapean ateratako deklarazioetan soilik oinarritu dela euren aurkako akusazioa.
Auzipetuek elkartasuna adierazi zieten oraindik espetxean diren Jimenezi eta Sagardoiri, eta Espainiako eta Frantziako estatuei eskatu zieten «salbuespeneko lege neurri guztien amaiera eta espetxeratutako guztien askatasuna».
Expe Iriarte eta Asier Biurrun Eleak mugimenduko kideek bat egin zuten auzipetuen mezuarekin. Eleak-ek azpimarratu zuen jazarpen politikoa eta kriminalizazioa «iraganari dagozkion irudiak» izan beharko luketela. Horregatik, uste dute absoluzioa izan behar duela epai bakarra, eta «zigorra edozein dela ere» oso larria litzatekeela iritzi diote. Herritarrei «adi» egoteko eskatu diete.
Absoluzioa baino ez dutela onartuko nabarmendu dute bederatzi gazte auzipetuk
Eleak-ek bat egin du gazte nafarrekin, eta gogorarazi du horietatik seik hiru urte igaro dutela espetxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu