Europako Konstituzioa ituna / erreferenduma

Abstentzioaren beldur

Bihar herri galdeketa dago. Hegoaldeko biztanleak Europako Konstituzioari bai edo ez esateko galdeketa izango da. Hamabost egun igaro dituzte alderdiek kanpainan. Batasunak, EAk, Ezker Batuak eta Aralarrek, itunaren kontrako botoa eskatu dute; PPk, PSE-EEk eta EAJk, berriz, aldekoa.

2005eko otsailaren 19a
13:12
Entzun
Kanpaina hotza izan da. Eta hotz joan dela ikusita, hainbat alderdi larritzen hasi dira azken egunotan, abstentzioaren beldur; abstentzioa altua izango dela aurreikusten baita. Hori dela eta, bozkatzera joatearen garrantzia azpimarratu dute azken egunotan. Horren adibide dira atzo EAJk eta PSE-EEk, eta herenegun Batasunak helarazitako mezuak: Imazen ustez, oso garrantzitsua da bozkatzera joatea, «estatuen indarra ahultzen delako itunarekin». Lopezek Gasteizen esan zuen ez dela broma nagikeriagatik etxean geratzea, «asko baitago jokoan».Herritarrak bozkatzera erruz joateko eskatu zuen Batasunak, «Euskal Herria existitzen dela agerian uzteko». Izan ere, Batasunaren aburuz, itunak ez du Euskal Herria aintzat hartzen eta estatuen eredu neoliberala indartzen da herrien Europaren aurrean. Ildo beretik egin du EAk kanpaina. EAko presidente Begoña Erraztik Gasteizen adierazi zuenez, Konstituzioak ez du errespetatzen autodeterminazio eskubidea, eskubide sozialetan oso ahula da, eta estatuei erabateko boterea onartzen die.

EAJk, berriz, kontrakoa ulertzen du. Alegia, bere ustez, itunak estatuen arteko mugak gainditzen eta autogobernuan sakontzen laguntzen du, eta estatuen erabateko boterea mugatzen du. Ondorioz, bere ustez, Hegoaldeko eta Iparraldeko herritarren arteko elkarlana errazten du. Gainera, Europako Konstituzioa eta Estatutu Proposamena bateragarriak dira, EAJren EBBko lehendakari Josu Jon Imazek atzo Bilbon adierazi zuenez.

Maria San Gilek justu aurkakoa esan zuen, baina EAJk eskatzen duen boto berdina eskatzeko, baiezkoa eskatzeko. PPko ordezkariaren ustez, Europako Konstituzioari bai esanda «indarkeriari eta Ibarretxeren Planari» ez esaten zaio.Bestalde, Ezker Batuak Bilbon egin zuen ekitaldia atzo. Julia Madrazok hartu zuen hitza. Bertan ohartarazi zuen ezezkoak edo abstentzioak irabazten badu, PPk, PSOEk eta EAJk onartu beharko dutela itunak ez duela balio. Era berean, autodeterminazio eskubidea ez onartzea gaitzetsi zuen.

«Inperio bokazioa»

Ezezkoaren Aldeko Ekimenak ere ituna gaitzetsi zuen kanpaina amaierako ekitaldian. Sabino Cuadrak eta Marije Fullaondok hartu zuten hitza. Cuadrak aipatu zuen estatuek sortutako itun horrek antzina Europak zuen inperio bokazioa berreskuratzea duela helburu. Horri aurre egiteko, Fullaondok bozkatzera joateko eskatu zuen, «Euskal Herria badela erakusteko».

Bestalde, hainbat mobilizazio egin ziren bihar ezetz bozkatzeko eskatzeko. Bermeon, 200 lagun elkartu ziren manifestazioan. Ezetzaren Aldeko Ekimenak, Batasunak, EAk, ELAk eta LABek egin zuten deialdia. Iruñean ere, EAko gazteek, Aralarrekoek, ELAkoek, ESKkoek, CGTkoek, STEE-EILASekoek eta Batzarrekoek elkarretaratzea egin zuten itunari ezetz bozkatzeko eskatzeko.Itun bera oinarri hartuta, mezu kontrajarriak iristen dira kontalariaren arabera. Baina, kontuak kontu, bihar da, Hegoaldean, itunari baiezkoa edo ezezkoa emateko hitzordua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.