Aburto «harro» dago Bilbok «Europako futbol hiriburua izatea» lortu duelako

«Lortu duguna bat dator Bilboren estiloarekin: helburua lortu arte borrokatzearekin», adierazi du Bilboko alkateak. EH Bilduk dio «Athleticen partida garrantzitsu batean baino bezero gutxiago» izan dituztela ostalari askok.

Manchester United taldearen jarraitzaileak atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Manchester United taldearen jarraitzaileak atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2025eko maiatzaren 22a
12:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Bilboko alkate Juan Mari Aburto pozarren dago Bilbok Europa Ligako finala hartu ondoren, ekitaldia nola atera den ikusita. «Harro, asebeterik eta oso eskertua» azaldu da Aburto, Bilbok «Europako futbolaren hiriburu» izatea lortu duelako. Alkateak uste du hiriak «maila eman duela berriro» finalaren antolakuntzari dagokionez.

Udalean egindako agerraldi batean, Tottenham eta Manchester United taldeek jokatutako finala hiriarentzat izandako erronkaz aritu da alkatea. Bilboko eta Bizkaiko herritarrei esker ona azaldu die, lehenik eta behin, «eragozpenak jasan dituztelako», batik bat, esan duenez, trafikoari eta, oro har, mugikortasunari dagokienez. Jarraian, eskerrak eman dizkie merkataritzari, zerbitzuei, ostalaritzari eta gaua igarotzeko gelak eskaintzen dituen sektoreari. Aburtok uste du alor horiek ulertu dutela «aukera bat egon dela hiriak irudi ona eman dezan».

Era berean, esker oneko azaldu da komunikabideekin, «ekitaldiaren alde jarri direlako, hiriaren, lurraldearen eta herrialdearen alde». Ulertu ei dute herritarrei informazioa eman behar zietela, «eta alarmismorik gabe azaldu zer gertatzen ari zen». Aburtok mezu bat jaso zuen atzo gauean, UEFA Events elkarteko buru Martin Callenek bidalia, eta mezu hori irakurri die kazetariei: «Antolakuntza mailan egiten ari den lana top level [maila gorenekoa] da». UEFAko ordezkariak mintzagai izan zituen segurtasuna, mugikortasuna, garraioa, aireportuak, garbitasuna, jarraitzaileentzako guneak... «Ikusi ditudan onenetakoak izan dira», idatzi ei zion Aburtori.

«Bildu den euro bakoitzak Bilboren ekonomiari eragingo dio, Bizkaiarenari eta Euskadirenari. Bilbo, gaur-gaurkoz, hiri motorra da»

JUAN MARI ABURTO Bilboko alkatea

Bilboko alkateak eskerrak eman dizkie, halaber, Ertzaintzari eta Bilboko Udaltzaingoari, haien «profesionaltasun handia» dela eta. «Egoera oso konplexua kudeatu dute, ordenari eutsiz, tinko eta prestasun onarekin».

Amets bat betetzea

Bilboko Udalarentzat amets bat betetzea izan da Europa ligako finala hartzea. Amets hori hasi zen Bilbok apustu sendoa egin zuenean kirol ekitaldi handiak San Mames Barrira ekartzeko; euskal erakundeek horien aldeko apustua egin dutela erantsi du Aburtok. Gogoratu du Eurokopa bat kendu ziotela Bilbori, «aitzakia merkeak erabiliz, asmo txarrez, eta jokoan diru asko zegoela».

«Lortu duguna bat dator Bilboren estiloarekin: helburua lortu arte borrokatzearekin», adierazi du, paparra aterata. Azpimarratu du lortu dutela UEFAk bi final eramatea Bilbora, Emakumezkoen Txapeldunen Ligakoa iaz, eta atzokoa. Gaineratu du lau urtez lan izugarria egin dela, eta urte horietan Bilbok Tourraren hasiera, Vuelta, Errugbiko finalak eta MTV sariak antolatu dituela. Atzoko finalarekin «helburua betetzat» jo du alkateak.

Ez du ezkutatu oso pozik dagoela «Bilbo berriro nazioarteko mapan» dagoelako. «Konplexurik gabeko hiri baten itxura eman dugu: prestatua, eskuzabala, kultura anitzekoa, irekia, eta oraina eta geroa dituena». Alkateak ez dauka oraindik finalari lotutako datu ekonomikorik, baina helarazi du lan asko ekarri duela, «enplegua eta bilketa». Azaldu du ekonomia eta enplegua mugitzeko antolatzen direla atzoko finalaren mailako ekitaldiak: «Bildu den euro bakoitzak Bilboren ekonomiari eragingo dio, Bizkaiarenari eta Euskadirenari. Bilbo, gaur-gaurkoz, hiri motorra da ingurunearentzat».

Eragozpenak eta istiluak

Atzoko finalak erakarritako milaka futbol jarraitzaile ingelesek salneurri oso garestiak ordaindu dituzte ostalaritzan eta hotel eta bestelako aterpetxeetan. Atzo eta herenegun, ez zen istilu larririk egon, baina egon ziren batzuk, esaterako jarraitzaileen arteko borrokak, jaurtiketak tarteko; kexu ziren Bilboko herritarrak ere ez ziren gutxi izan. 

EH Bilduko udal bozeramaile Maria del Riok adierazi du atzoko finalak azalera ekarri duela «nolako mugak dituen Bilbok halako makroekitaldiak hartzeko». «Herritar asko, batez ere Bilboko gune jakin batzuetan, nekatuta daudela adierazten ari dira, Bilbo halako ekitaldien agertoki nagusia izateagatik eta, aldiz, bilbotarrak figurante hutsak». Koalizio abertzaleko bozeramaileak gogorarazi duenez, bilbotarrak «ekitaldi honen parte izan gabe, beren errutinak aldatu behar izan dituzte; are gehiago, kasu batzuetan medikuntza  eta hezkuntza zerbitzuak eten behar izan dituzte».

«Autokonplazentziarik gabeko azterketa zorrotza egin beharko litzateke kostuen eta onuren inguruan»

MARIA DEL RIO EH Bilduko zinegotzi eleduna

Halako makroekitaldien eragin ekonomikoari ere erreparatu dio Del Riok; batzuek egiten dituzten kalkuluak zalantzan jarri ditu: «Autokonplazentziarik gabeko azterketa zorrotza egin beharko litzateke kostuen eta onuren inguruan», proposatu du. Bide horretan, ziurtatu du hainbat ostalari eta hornitzaileren aurreikuspenak ez direla bete. Jende kopuruari begira, ohartarazi du ostalari batzuek «Athleticen partida garrantzitsu batean baino bezero gutxiago» izan dituztela: «Era berean, denda eta merkatu askotako salmentetan eragin negatiboa izan du, eta hala jakinarazi digute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.