Mutil-lagun ohiak zortzi labankada eman zizkion Adama Aua Bariri. 27 urte zituen emakumeak. Emakumea lo zegoela eman zion lehen labankada, eta ihes egiten saiatzen ari zela sartu zizkion gainerakoak. Bilboko Otxarkoaga auzoan gertatu zen hilketa, goizeko zazpiak aldera. 2004ko irailaren 27a zen.
Ikusi gehiago
Aua Barik, haren lagun batek eta hiltzaileak diskoteka batean topo egin zuten, igande gauean. Aua Bariren lagunaren etxera joan ziren hirurak handik. Emakumearekin sexu harremanak edukitzen saiatu zen gizona —Fabricio J. S., 21 urtekoa garai hartan—, baina uko egin zion emakumeak. Lotara joan zenean, eraso egin zion gizonak, labana bat aterata. Ginea Bissaukoak ziren sortzez biak.
Bizilagunek iskanbila handia sumatu zuten, eta Poliziari deitu zioten. Ertzainek pisu aurreko eskailburuan aurkitu zuten emakumea, bizirik oraindik, baina odol asko galduta; handik minutu batzuetara hil zen, ordea. Larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten bizirik mantendu.
Hiltzaileak pisutik alde egin zuen, baina handik ordubetera eraikinean bertan atzeman zuten, beheko solairuan ezkutatuta. Ihes egiten saiatu zenean atxilotu zuten. Bizkaiko Lurralde Auzitegian epaitu zuten, 2006ko martxoan, eta 22 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten.
Kartzelan zegoela, beste gizon bat hil zuen Fabricio J. S.-k, Kordoban (Espainia). 2014ko ekainean gertatu zen. Kartzelako dutxetan, Jose Marquez izeneko preso bat hil zuen, kolpeka. Hilketa horrengatik, hemezortzi urteko beste kartzela zigor bat eman zioten. Kartzelazain batzuei eraso egiteagatik ere beste auzi batean epaitu zuten.