Ostiralean Kanbon izango diren Nazioarteko topaketetarako gonbidapena jasota daukate Jerry Adams Sinn Feineko presidente ohiak eta Jonathan Powell Erresuma Batuko lehen ministro ohi Tony Blairren kabinete burua izandakoak. Aieten ere izan biak, ETAren jarduera armatuaren bukaera baino egun batzuk lehenago egin zuten bake konferentzian. Han izan zen Bertie Ahern Irlandako ministro ohia ere —hark ere jaso du Kanborako gonbidapena—.
Gertaera garrantzitsuak aurreikus daitezkeen aste honen testuinguruan baikor agertu dira Adams eta Powell Eitb-n. Nabarmendu dute Irlandako bake prozesuaren oso desberdina izaten ari dela Euskal Herrikoa, eta bereziki azpimarratu dute, ETAren erabakia aldebakarrekoa izango dela. Powellek nabarmendu du armak erabili dituen talde bat desagertzea berri ona dela.
ETAren desmobilizazioaren ostean, bakearen aldeko urrats gehiago beharko direla azaldu dute biek, eta seguru agertu dira horiek gertatuko direla. Adamsek eskaera zehatza egin dio Espainiako Gobernuari: has dadila euskal presoen auzia konpontzen. Izan ere, bere arabera, presoak Euskal Herriratzeko unea da.
Kanbo, ostiralean
Maiatzaren 4an egingo dituzte Kanbon (Lapurdi) bakearen aldeko nazioarteko topaketak. 12:00etan hasiko da ekitaldia, eta nazioarteko hainbat eragilek hartuko dute parte bertan. Amaieran, gainera, adierazpen bat irakurriko dute. ETAren desmobilizazioaren inguruko berriren bat espero da han.
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak hara joateko deia egin zien Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari eta Uxue Barkos Nafarroakoari. Nolanahi ere, ez dira izango ez Jaurlaritzako ordezkariak eta ezta Nafarroako Gobernukoak ere.