Hans Gaasbeek behin baino gehiagotan izan da Euskal Herrian. Abokatuen eskubideen urraketak salatzen dituen batzordeko presidente gisa, gertutik ezagutzen ditu hainbat euskal legelariren kasuak. Hain zuzen ere, Alfonso Zenon abokatuaren epaiketan lekuko gisa deklaratzera etorri da aste honetan Euskal Herrira; epaiketa atzeratu egin da, ordea. Zenonek salatu zuen bere bezero bat torturatu egin zutela, eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek salaketa jarri zuen abokatuaren aurka, Ertzaintza eta bera iraintzea egotzita.
Zer dela-eta zaude Euskal Herrian egunotan?
Alfonso Zenon abokatuaren aurkako epaiketan lekuko izateko deitu ninduten, baina epaiketa atzeratu egin da. Hala eta guztiz ere, AED elkarteko defentsaren defentsarako batzordeko presidente gisa etorri naiz.
Noiz sumatu zenuten behar bat zegoela defentsaren defentsan aritzeko?
AEDn, abokatuen lana babestu beharra antzeman genuen; bereziki, giza eskubideak errespetatzen ez diren herrialdeetan. Modu horretan sortu zen batzordea. Uste dugu abokatuaren jarrera, abokatuaren lana bereziki garrantzitsua dela eta haien lana modu independente batean egin behar dutela, eta aske sentituz: inolako mehatxurik jaso gabe, eta inolako errepresiorik pairatu gabe. Gainera, hori ezinbestekoa da zuzenbide estatu batean. 1989rako, Filipinetara joan ginen begirale moduan, han ezkerreko abokatu asko beren lana egiteagatik erailtzen ari zirelako.
Noiz hasi zineten arduratzen Euskal Herriko abokatuen egoeraz?
Euskal Herriari dagokionez, orain dela urte asko hasi ginen egoeraz kezkatzen. Esaterako, Txomin Gorostizaren aurkako epaiketara begirale gisa etorri ginen, eta, ordutik, asko erreparatu diogu Euskal Herriko abokatuen egoerari. Arreta berezia jarri izan dugu abokatuak atzeman izan dituztenean, eta inkomunikatu izan dituztenean. Azken kasua Alfonso Zenonena da. Abokatuak kartzelatu izan dituztenean salatu izan dugu, eta sakabanaketa politikaren aurka ere agertu gara.
Abokatuen eskubideak urratzen direnean, zein ekintza jar ditzake martxan elkarteak horri aurre egiteko?
Ezer gutxi egin dezakegu, bertoko abokatuek ere ezin duten legez. Epaiketetara joaten gara begirale moduan, atxilotutako abokatuak bisitatzera joaten gara, eta protesta gutunak eta txostenak bidaltzen dizkiegu tokiko gobernuei eta erakundeei. Azken batean, AED Europako erakunde bat da, eta harremana dauka Europako beste hainbat erakunde askotarikorekin.
Europan, Espainiako Estatua da abokatuen eskubideak urratzen dituen herrialde bakarra, ala protesta eta salaketa ekintzak egin behar izan dituzue beste estaturen batean ere?
Edozein tokitan gerta daitezke horrelako gauzak, lege antiterroristak direla eta. Europari dagokionez, Bielorrusia eta Ukrainatik jaso ditugu salaketak azkenaldian, abokatuek presiopean lan egiten dutela esanez. Horrez gain, jakin dugu Tunisian abokatuen bulegoak arakatu dituztela.
2012ko urtarrilean, gutun bat igorri zenioten Turkiako Gobernuari, salatzeko atxilotu egin zituztela alderdi politiko kurduetako auzipetutako kideen defentsan aritutako abokatuak. Zertan da kasu hori?
Gutuna igortzea Abokatu Jazarriaren Egunari lotutako ekinaldi bat da. Defentsaren defentsarako batzordekook martxan jarri genuen egitasmo bat da, Europako beste hainbat elkarterekin elkarlanean, eta oroitzapenaegiten dugun bigarren urtea izan da aurtengoa. Hainbat elkarretaratze egin genituen Turkiako zenbait enbaxadaren eta kontsulaturen aurrean, Europako hamabost hiri esanguratsutan. Turkian, hainbat alkate eta abokatu epaitu dituzte lege antiterroristak baliatuta, eta horietako askok urteak daramatzate kartzelan. Nabarmentzekoa da, adibidez, Muharram Erbey abokatuaren kasua: AED eta beste hainbat elkarte biltzen dituen IDAHAE erakundeak Giza Eskubideen Saria emango dio datorren urrian, Berlinen egingo den ekitaldi batean, baina bera ezingo da han izan saria jasotzeko, kartzelan dagoelako. Aurreko urtean, berriz, Irango abokatuen egoera salatu genuen, eskubide urraketak biltzen zituzten hainbat txosten bidalita herrialde horren enbaxadetara. Askotan, ez dituzte gure txosten horiek hartzen; ez dute onartzen gure lana, eskusartze gisa ikusten dutelako.
Estatuez gain, nortzuek egiten dute abokatuen jardueraren kontrako presioa?
Estatuek eta gobernuek egiten dute presioa gehienetan, baina talde politiko fanatikoek ere abokatuen kontrako jazarpena erabiltzen dute hainbat herrialdetan. Horren adibide argiak dira Kolonbia eta Filipinak. Han, gobernuek ez diete inolako babesik ematen abokatuen jarduerei, eta ez dute lan handirik egiten adierazpen askatasuna eta halako eskubideak bermatzeko ere. Alfonso Zenonen kasuan ere ikus dezakegu adierazpen askatasuna urratu dela. Alde batetik, abokatuei lan egiteko orduan Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko beste erakundeek onartzen dizkieten eskubideak urratu dira kasu horretan, eta, beste alde batetik, adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat ere izan da. Izan ere, abokatuen lanari lotutako oinarrizko printzipioak babesteaz gain, adierazpen askatasunaren urraketak ere salatzen ditugu elkarte gisa.
Hans Gaasbeek. AED abokatu elkarteko kidea
«Adierazpen askatasunaren eskubidea urratu da Zenonekin»
Europako Abokatu Demokraten Defentsarako batzordeko presidente gisa, Hans Gaasbeekek ondo daki eskubide urraketen berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu