Sariak

Adierazpen askatasunari gorazarre

Nestor Basterretxeari Urrezko Domina eman dio Gipuzkoako Diputazioak, eta Egin eta Egunkaria-ri, bereizgarriak.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko irailaren 26a
17:22
Entzun

Omenaldi hunkigarria izan da. Ez nau izutzen negu hurbilak kanta Iñaki Salvadorren piano doinuetan entzun bitartean, Xabier Leteren hitzei Mikel Laboak jarritako ahots sentitua entzun da, Jon Maia dantzari eta Egunkaria-ko langile ohiak mugimendua jarriz aurreskuari, omenduen oinen pean. Nestor Basterretxea, Iñaki Iriondo, Tomas Arrizabalaga, Itziar Arteaga, Bego Zubeltzu, Gurutze Zabalza eta Ainhoa Albisu izan dira oholtzan, omendu eta omenduen ordezkari.

"Jendarte osoaren, batez ere ahulenen edo ahotsik gabekoen lana saritzea", hori izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak egitekoa, Martin Garitano ahaldun nagusiak nabarmendu duenez. Nestor Basterretxea artista polifazetikoak Euskal Herriarekiko izan duen konpromisoa goratu du, eta Egin-ek eta Egunkaria-k "ahots berriak eta isilarazitakoak" hedatzen egindako lanaren garrantzia.

Egin-i bereizgarria, lehenik

Iñaki Iriondo, Tomas Arrizabalaga eta Itziar Arteaga Egin egunkariko eta irratiko langileak igo dira oholtzara lehenik, Egin-eko langileen izenean. Iriondok hartu du hitza eta eskerrak eman dizkie omenaldian izan diren guztiei. "Hamabost urte bete dira Egin egunkaria eta irratia itxi zituztenetik".

Egin egunkaria eta irratia ez zituztela irakurleek eta entzuleek itxi gogorarazi du. "Harro ginen egiten genuenarekin, eta harro gaude gaur ere". Askotan "beste inon" ateratzen ez ziren informazio eta iritziak ematen zituzten. "Aznarren aginduzko, Garzonek sinatutako, eta beste askok txalotutako itxiera izan zen. Pertsona askok lana galdu genuen, baina beste askorentzat askoz gogorragoa izan zen, okerragoa. Hamar lagun kartzelan daude. Kaltea ez zitzaion langile multzo bati egin, baina milaka lagun ahotsik gabe geratu ziren".

Baina hurrengo egunean hortxe zeudela, Euskadi Informacion kalera atera zutenean, hala ekarri du gogora Iriondok. Langileei esker, eta laguntza eskaini zietenei esker atera ziren kalera. "Hamabost urte pasatu dira, eta gutako askok beste kazetaritza proiektutan jardun dugu beharrean". Egin-ek gogo biziz eta letra handiz idatziko zituzkeenak idazten. Iriondo: "Eginez egin egingo dugu".

Egunkaria-ko langileak

Gurutze Zabaltza, Bego Zubelzu eta Ainhoa Albisu izan dira ekitaldian Euskaldunon Egunkaria-ko langileen izenean. "Itxi zutenean 260 langiletik gora" zirela gogoratuz hasi du hitzaldia Zabaltzak. "Egunkaria-ko langileak izan ginen gu. Sorreraz geroztik Ainhoa, hasi eta berehala ni, eta geroxeago Bego. Ez gara kazetariak, bai ordea Egunkaria-ko langileak. Denetarik behar baita egunkari baten barruan: kazetariak bai, baina saltzaileak, administrariak, diseinatzaileak, banatzaileak, informatikoak, kudeatzaileak, itzultzaileak ere bai".   

Baina langileak bakarrik ez, Egunkaria hasiera-hasieratik izan da herri ekimena. "Herri ekimena izan zen Egunkaria Sortzenek bere egitasmoaren eta 11 oinarrien inguruan bildu zuena. Euskalduna, euskaltzalea, zabala, baterakoia, militantea, profesionala, diruz lagundua, ez instituzionala, independentea alderdietatik, independentea erdarazko komunikabideetatik eta berria (modernoa)". Hori dena zen Egunkaria.

Eta hori baino gehiago ere bazen, gogora ekarri duenez: "Ezina ekinez egina". Ezina baitzen artean Egunkaria egitea. "Ez omen zen kazetaririk. Ez omen zen enpresa indartsurik. Ez omen zegoen irakurlerik. Ezinik ez zegoela erakutsi genuen". 

Egunkaria-n aritutakoei esker zabaldu zenBERRIAere. "Euskaldunon Egunkaria-n ikasi genuenarekin gai izan ginen, herri mugimenduari esker, euskaldunon egunkari BERRIA argitaratzen. Harro gaude horretaz ere!"

Baina "amesgaiztoa" ez da amaitu, haren hitzetan. "Oraindik ere, Egunkaria itxi zutela hamar urte bete diren arren, Auzitegi Nazionalean absolbituak izan arren, Egin-eko hamar lagun espetxean daude, Ainhoa eta Bego epaiketa zain daude, Joan Mari (Torrealdai), Txema (Auzmendi), Iñaki (Uria), Fernando (Furundarena), Mikel (Sorozabal) eta Joxemarirekin batera (Sors). Zuentzat da sari hau. Ea lehenbailehen amaitzen den zuen amesgaiztoa".

Nestor Basterretxeari Urrezko Domina

Artista handia igo da oholtzara, hunkiturik, bertaratu diren guztiei, omenduei “bidelagunei” eskerrak ematera. Bere gurpildun aulkitik altxatuta jaso du saria. «Ezustean» jasotakoa izan dela esan du, eta eskerrak eman dizkie aldundiko kideei horregatik. Bere ibilbidearen errepaso laburra egin du artistak, eta nabarmendu du bi gerrekin batera bizitzea suertatu zitzaion arren, ez zuela sekula bere «euskal sentimendua» galdu. Bere artelanen artean entresaka eginda, zazpi lan aipatu ditu Basterretxeak, eta duela 35 urte idatzitako testua ekarri du gogora artearen balioa goraipatu eta nabarmenduz.

Basterretxea saritzerakoan haren «konpromisoa» nabarmendu du Martin Garitano diputatu nagusiak, eta konpromiso horri eutsi izan diola beti «baita gerran eta erbestean ere». Artista moduan «aintzindaria» izan dela nabarmendu du, eta euskal artista handienekin «zuzeneko harremana» izan duela. «Diziplina guztietan» nabarmendu dela gogorarazi du Garitanok, eta Euska Herriaren «historia eta nortasuna» izan dituela beti ardatz.

Ezpata dantzariak

Ekitaldia hasi aurretik Gipuzkoako plazan hartu dituzte omenduak, ezpata dantzariek ohorezko dantza eskainiz. Egunkarietako langileen eta artistaren lana aitortzeko gerturatu dira gizarte, kultura eta politika eragileak. Tartean izan dira Karlos Garaikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak, eta Ikerne Badiola, Elena Franco eta Iñaki Errazkin diputatuak, besteak beste. Erakutsitako «konpromiso eta elkartasunagatik eta Gipuzkoaren irudi bikaina zabaltzeagatik» eman diote saria Basterretxeari, bereizgarria, berriz, ahotsik ez zutenei ahotsa emandakoei. Bi egunkariek adierazpen askatasun berrien sortzaile izateagatik merezi duten aitortza. Nork bere ibilbidea badu ere, biak jaio ziren Euskal herritarren babes eta beharrek eraginda; biak hil zituen Espainiaren bidegabekeriak. Eta bide haiek ibilitako langileek une gogoangarriak partekatu zituzten; sufrimendua ere bai. Sufrimenduaren aringarri izan dute gaurkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.