Ez dela aski, ez duela jarrera aldatuko. Su-eten iragarpena gutxietsita erantzun du Espainiako Gobernuak, eta azken aldiko leloari eutsi: betiko utzi behar du ETAk indarkeria. Jose Luis Rodriguez Zapaterok, presidenteak, hala esan du: «Deuseztatze agiria soilik itxaro dugu. Gobernuak ez du guardia jaitsiko». Aurrez, eguerdian, bidea markatu zuen Alfredo Perez Rubalcabak, Barne ministro eta presidenteordeak: «Hau ez da albistea». Orain artekoan segituko dutela: «Ez da ezer aldatu». Ramon Jauregik itxaropen gehiago du: «Izan daiteke amaieraren hasiera». Zapaterok «amaieraren ostertza» aipatu du, eta esan ez dutela «baldintzarik» onartuko.
Agiria gutxitxo jo bai, baina ezohiko jarrera hartu zuen Madrilek. Aurrekoetan erabaki zuen ez egitea agerraldirik, ETAk esandakoa gutxiesteko. Atzo, ez. Agiria zabaldu zenean, eguerdian, bilduta zen PSOEren Batzorde Federala —han ziren Zapatero eta Rubalcaba—, eta eten egin zuten bilera. Aurki egin zuen agerraldia Rubalcabak. «Agiriak komentario eta itxaropen asko sortu du, eta egoki da gobernuak duen iritzia ezagutaraztea», esan zuen, arrazoi gisa.
Arratsean, telebistan, hitz egin zuen Zapaterok. Su-etena ez dela ETAri gizarteak eskatzen diona eta Espainiako Gobernuak ez duela atzera egingo. Horiek bi ideia nagusiak: «Terrorismoaren aurkako politikari eutsiko diogu, demokraten batasuna gisa». Elkarrizketa baztertu du —«badakite zer egin behar duten»—, eta «porrota» izan du hizpide.
«Prozesu gogorra eta zaila»
Agerraldi laburra izan zen Rubalcabaren eguerdikoa, lau minutu eskasekoa; galderarik ez zuen onartu. Birritan esanda, titularra utzi zuen: «Ez da albiste txarra, baina hau ez da albistea. Hau ez da albistea». Haren arabera, menia ematea ez da aski, nahiz indarkeriaren mehatxua desagertu: «Galdetzen badidazue atzo [herenegun] baino lasaiago nagoen, baietz esango dizuet, zintzo. Baina galdetzen badidazue hau den amaiera, ezetz da erantzuna. Eta hau ote den gizarteak espero duena, ezezko garbia». Arratsaldean, irratian, baikorrago aritu zen Ramon Jauregi, Presidentetza ministroa: «Izan daiteke amaieraren hasiera». Bide beretik Zapatero, baina oharra eginda: «Prozesu gogorra, neketsua eta zaila izango da. Batuta egon behar dugu».
Ezker abertzaleari dagokionez, orain artekoa esan du Rubalcabak: «Ez da ezer aldatu esaten ari garenetik. Batasunak bi aukera ditu: ETAk indarkeria atzera bueltarik gabe eta betiko uztea—ez da gertatu—, edo Batasunak ETArekiko erlazioa dudarik gabe baztertzea». Oharra egin du: «Iragana ez da itzuliko. Argi izan behar dute». Zapatero bat etorri da.
Hauteskundeen harira egindako urratsa izan dela iradoki du Ramon Jauregik: «Gobernuak badaki sakonean su-eten taktikoa dela, eta irmo jarraituko du». Negoziazioren bat bultzatu nahian ikusi dute talde armatua. «Indarkeriaren amaierak prezioa izatea nahi du», esan du Rubalcabak; «ez gaude prest batere preziorik pagatzeko», Jauregik; «baldintzarik ez dugu onartuko», Zapaterok.
Agiriak berak dioena aztertuta, nazioarteko ikuskarien zeregina izan zuen hizpide Rubalcabak, eta ez dela beharrezko nabarmendu zuen. Espainiako Gobernuak lehen ere baztertua zuen hori, alegia, nazioarteko begiraleek egiaztatzea su-etena. «Zuzenbide estatuan, segurtasun indarrak dira egiaztatzen dutenak», Barne ministroaren esanetan. Orain arteko jarrera itxiari eutsi dio, hortaz.
PSOEko kideek, oro har, Rubalcabak zedarritutako bideari segitu zioten adierazpenak egitean. Salbuespenak, bi; Rubalcabak baino lehen hitz egindakoak biak, baikorrago. PSOEko Antolakuntza idazkari Marcelino Iglesiasek «albiste garrantzitsutzat» jo zuen menia, eta «ekintzekin» berresteko eskatu; Espainiako Kongresuko presidente Jose Bonok ere «ekintzak» eskatu zizkion ETAri.
ETAren su-etena. Espainiako Gobernuaren erantzuna
Adierazpena aski ez dela iritzita, berdin jarraituko duela esan du Zapaterok
ETAk indarkeria betiko utzi behar duela eta baldintzarik ez duela onartuko berretsi du; dena dela, «amaieraren ostertza» aipatu duNazioarteko begiraleak ez direla beharrezko adierazi du Madrilek, orain artekoari eutsita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu