Duela bi hilabete, Nafarroako Auzitegi Nagusiak zigorra murriztu zion 2023an Burlatan hamahiru urteko neska bat bortxatzeagatik zigortutako gizonezkoari. Ebazpenaren arabera, «zentzuzkoa» da 33 urteko gizonezkoak pentsatu izana bortxatu zuen neska 16 urtetik gorakoa zela. Hortaz, 16 urtetik beherakoei eginiko sexu eraso delitua leporatu ordez, sexu erasoa da egotzi dioten delitua.
Hain justu, lau urte eta erdi murriztu diote zigorra gizonari. Joan den urtarrilean, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren 2. atalak hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zion. Akusatuak helegitea jarri zuen, eta Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibil eta Penaleko aretoak martxoan erabaki zuen zigor hori zortzi urte eta sei hilabetera murriztea.
Espainiako Zigor Kodeak 8. tituluan jasotzen ditu sexu eraso delituak. Bertan, bereizi egiten dituzte sexu eraso delitua eta 16 urtetik beherakoei egindako sexu eraso delitua. Bakoitzak zigor diferenteak ditu. «Delitu generikoa indarkeria sexuala da, baina erasoa 16 urte baino gutxiago dituen bati egiten bazaio, delituak astungarria du», azaldu du Laia Serra abokatuak. Hortaz, azken delitu horiek zigor handiagoak dituzte.
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren erabakiak gizartearen erabateko gaitzespena jaso zuen. Burlatako mugimendu feministak, esaterako, protestara deitu zuen. Horrez gain, Nafarroako Fiskaltzak jakinarazi zuen kasazio errekurtsoa aurkeztuko zuela epaiaren kontra, «lege urraketa» egon zela iritzita. Espainiako Auzitegi Gorenari eskatu zion epaia bertan behera uzteko.
2023ko abuztuan gertatu zen erasoa, Burlatako jaietan. 13 urteko neska lagun batekin joan zen bertara. Epaileak epaian jaso zuenez, neska erasotzailearekin hizketan hasi zen kalean, eta musuka hasi ziren. Gizonezkoak atari batera sartu zuen indarrez, eta bertan bortxatu zuen.
Helegitearen argudioa
Lehenengo ebazpenaren kontra jarritako helegitean, akusatuaren aldeak adierazi zuen «kontuan hartu beharreko oker bat» zegoela; izan ere, akusatuak ez zuen biktimaren adinaren berri, eta 16 urte zituela uste zuen. «Adina eztabaida juridikoaren parte da horrelako delituetan», esan du Serrak. «Ez da ezohikoa izaten defentsak adinaren ezagutza zalantzan jartzea». Hala ere: «Ez diote faktore astungarria kenduko, soilik adinaren berri ez zuela esanda». Serraren arabera, «arrazoizko zalantza batek» egon behar du.
Azken sententziak hainbat argudio erabili ditu zalantza hori badagoela adierazteko eta zigorra murrizteko. Sententzia irakurri eta gero, Serrak zera ondorioztatu du, auzitegiak adierazi duela «adinaren ezagutza zalantzan jar zezakeen hainbat elementu» egon zitezkeela. Besteak beste, biktimaren itxura aipatu dute sententzian: erasoa gertatu zenean, 1,68 metroko altuera eta 71 kiloko pisua zuen neskak.
Horrez gain, sententzian hau jaso dute: adingabeari aurrez egindako proban, zorroztasunez eta zuzentasunez hitz egiten zuen, eta horrek erakusten zuen bazuela «heldutasun puntu bat». Argudiotzat jo dute, halaber, gertakariak 01:30ean gertatu izana, biktimak preserbatiboak izatea poltsan eta alkohola edan izana. Horrez gain, jaso dute adingabea lagun batekin zegoela gau horretan, eta lagun horrek 17 urte zituela.
«Esango nuke auzitegiak auzokidearen datu horrekin ebatzi duela zalantza zentzuzkoa zela, ez zela bakarrik defentsarako argudio bat, baizik eta beste pertsona batzuek ere zalantza bera izan zutela»
LAIA SERRAAbokatua
Bizilagun batek Poliziari esandakoa ere hartu dute kontuan. Auzokideak atarira sartzen ikusi zuen biktima, eta Poliziari adierazi zion neskak 20 urte inguru zeuzkala. «Esango nuke auzitegiak auzokidearen datu horrekin ebatzi duela zalantza zentzuzkoa zela, ez zela bakarrik defentsarako argudio bat, baizik eta beste pertsona batzuek ere zalantza bera izan zutela».
Horiek horrela, auzitegiak frogatutzat eman du «sexu erasoan sarketa bat» izan zela eta «indarkeria» baliatu zuela, baina ebatzi du erasotzaileak pentsa zezakeela neskak 16 urte baino gehiago zituela. Hala jaso dute: «Hori guztia oso-osorik aztertuta, eta kontuan izanda auzipetuak adingabea une horretan ezagutu zuela eta ez lehenago, [auzipetuak] arrazoiz pentsatu ahal izan zuen ez zela 16 urtetik beherakoa».
Auzitegiak ebatzi du frogatuta geratu dela «tipo penalari lotutako oker bat» egon zela. Tipo penalari lotutako oker bat izaten da baldin eta norbaitek delitu bat egiten badu baina ez badu tipo objektiboari dagozkion elementuen berri. Elementu horiek lotura izan dezakete bai arau haustetzat jotzen den egitate multzoarekin eta bai astungarriekin edo arau haustearen kualifikazioari eragiten dioten inguruabarrekin ere. Kasu honetan, akusatuaren aldeak helegitean argudiatu du akusatuak ez zuela biktimaren adinaren berri.
Hego Euskal Herrian, Espainiako Zigor Kodearen 14. artikuluak arautzen ditu oker horiekin lotutako kasuak. Hartan zehaztutakoaren arabera, frogatzen baldin bada tipoari lotutako oker bat egon zela, tipo horri lotutako elementuak ezin dira baliatu astungarria ezartzeko. «Baldin eta oker hori arau haustea kualifikatzen duen egitateari edo inguruabar astungarri bati buruzkoa bada, egitate edo inguruabar hori ez da aintzat hartuko», 14.2. artikuluaren arabera. Hori oinarri hartuta, auzitegiak astungarria kendu du, argudiatuta «zentzuzkoa» dela akusatuak biktimaren adinaren berri ez jakitea.
Udalen gaitzespena
Ebazpena atera berritan, Burlatako mugimendu feministak deitutako protestara batzeko deia egin zuen herri horretako udalak. Are, agiri baten bidez «harridura eta atsekabea» agertu zituen, eta salatu zuen bigarren instantziako erabaki hori «biktima entzun eta ikusi gabe» hartu zutela: «Estereotipo matxistetan oinarritzen da balorazio hori, eta berriz biktimizatzen du sexu erasoa jasan duen neskatoa».
Gertakari «arbuiagarri haiek» jaso zirenean bezala, «babesa eta elkartasuna» adierazi zizkieten biktimari eta haren sendiari. Iruñeko Udalak ere gaitzetsi zuen zigorra murriztu izana.