Adinak erabakitzen du bidea

Bizkaian 18 urte betetzen dituzten migratzaileei irtenbide bat emateko sortu zuten Hemen programa. 18 urterekin baino gehiagorekin heltzen direnek gutxienez hiru hilabete itxaron behar dute aterpea lortzeko.

Hemen programan parte hartu duten gazte batzuk. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko otsailaren 23a
05:15
Entzun

«Gazte asko zentroetatik ateratzen ziren eta, maleta eskuan, gizarte eragileengana joaten ziren irtenbide baten bila». Hori izan da, orain gutxi arte, Bizkaiak erakutsi duen irudia, Iker Bocos Zehar Errefuxiatuekin elkarteko inklusio arduradunaren arabera. Honako hau zen egoera: bakarrik zetozen gazte migratzaile adingabeak Bizkaiko Foru Aldundiak hartzen zituen babespean, baina 18 urte betetzean guztiek ez zuten beste baliabideetara jotzeko aukerarik. Hori dela eta, horietako asko kalean geratzen ziren. Egoera horri buelta eman nahian, Hemen programa sortu zuten hainbat gizarte erakundek.

Hain zuzen, «galera bati» erantzuna emateko sortu zuten Hemen programa duela hamasei urte: 18 urte betetzen zituzten gazteei irtenbide bat emateko. Egun, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak gidatzen du, eta Bocos da programaren arduraduna: «Adingabeen baliabideetatik emantzipazio programetara ez zegoen deribazio zuzenik». Zer esan nahi du horrek? Gazteek kalean eman behar izaten zutela denbora bat, programa horietan sartu baino lehen, sartzea lortzen bazuten.

«Oso gazteak dira eta egoera zaurgarrian daude: guztiek behar zuten alternatiba bat, eta orain badute».

IKER BOCOSHemen programaren arduraduna

Egun, Bizkaiko adingabeen zentroetan 18 urte betetzen dituzten gazteei «balorazio bat» egiten diete, «gaztearen trebetasunak, gaitasunak eta zentroan egindako ibilbidea aztertuz». Horren arabera, aldundiaren edo Hemen programaren baliabide batera bideratzen dituzte: «Oso gazteak dira eta egoera zaurgarrian daude: guztiek behar zuten alternatiba bat, eta orain badute». 

Laguntzaren arabera sailkatzen dituzte baliabideak. Aldundiak «intentsitate handiagoa» duten baliabideak eskaintzen ditu: «Bizilekuetan, hezitzaile bat egon behar da une oro». Hemen programan, berriz, «autonomia pixka bat» duten gazteak daude: ez dute une oro hezitzaileen laguntza behar. Besteak beste, Izangai, Peñascal kooperatiba eta Harribide fundazioa dira programaren parte. Eta momentu honetan, 80 plaza dituzte. 2006tik, 2.578 gazte artatu dituzte: «Urtean, 200 eta 300 gazte inguru». Guztiak mutilak dira; neskak ez dira Hemenera ailegatzen, beste baliabide batzuetara bideratzen baitituzte. Datua adierazgarria den arren, Bocosek nahiago du arretagunea kopuruetan ez jarri. «Bakoitzak bere istorioa du eta bakoitzak laguntza zehatz bat behar du».

Oraindik konpontzeko

Adingabe izateak edo adinez nagusi izateak guztiz baldintzatzen ditu gazteen egoera eta aukerak. Adingabeak direnean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek hartzen dituzte tutoretzapean, eta hainbat zentrotara bideratzen dituzte. Adinez nagusiak baldin badira, berriz, ez dute zuzenean zentrora joateko aukerarik. «Askok kalean egin behar dute lo; badaude haiek laguntzeko programa batzuk, baina ez da nahikoa», onartu du Bocosek. Eta erantsi du oraindik lan asko dagoela egiteko.

Bocosek esandakoa berretsi du Hussinek —nahiago du bere izena ez eman—. 35 urte ditu eta Aljeriakoa da. Urtebete darama Bilboko kaleetan lo egiten. Ayoub, Mustafa eta Youssef —ez dute euren izena aipatu nahi— lagunekin batera, bere egoera kontatu du, Bilboko Atxuri auzoan kafe bat hartzen duen bitartean: «Gogorra da kalean lo egitea; hotza egiten du». Ayoubek ere kalean egiten du lo. Marokoarra da, 36 urte ditu, eta duela bi urte iritsi zen Bilbora.

Hussinek eta Ayoubek ez bezala, pisu batean bizi da Mustafa. 24 urte ditu, eta adingabe zenean iritsi zen Bilbora. Zentro batera bidali zuten, eta handik pisu batera. «Sei hilabete egon nintzen bertan, eta gero kalean egin behar izan nuen lo», zehaztu du. Nahiz eta orain kalean lo ez egin eta legez kanpoko egoeran ez egon, egoera «ez da erraza» Mustafarentzat. Egun, lana bilatzen ari da.

«Guk etxe eskubidea eskatzen dugu, eta ez aterpea izateko eskubidea».

LUIS RODRIGUEZAtxuri Harrera Sareko kidea

Lau lagunak Atxuri Harrera Sarearen parte dira. Taldea auzoko hainbat lagunek sortu zuten duela urte batzuk, Bilbora ailegatzen ziren herritarrak laguntzeko. Egun, besteak beste, kontsigna zerbitzu bat dute. «08:30etik 09:00etara eta 21:00etatik 21:30era irekitzen dugu», zehaztu du Mustafak. Izan ere, eurek laurak arduratzen dira zerbitzua irekitzeaz. «Gazteak euren arropa uztera datoz, jolastera, hitz egitera, edota tea hartzera». Elkarrekin egoteko momentua ere bada, auzokideek elkar ezagutu dezaten. 

Atxuri Harrera Sarearen zerbitzura biltzen diren gazte gehienak kalean bizi dira, Luis Rodriguez taldeko beste kideetako batek esan duenaren arabera. Magrebetik etorritako gazteak dira gehienbat, 18 eta 30 urte bitartekoak; asko duela gutxi heldutakoak dira, eta ez dakite ez euskaraz ez gaztelaniaz.

Baina zergatik egiten dute lo kalean? Kide guztiek baieztatu dutenez, ez da erraza aterpe batean tokia lortzea. Hain zuzen, Youssef aterpe batean bizi da. Bertan tokia lortu aurretik, zortzi hilabete eman behar izan zituen kalean lo egiten. «Mendi batean bizi nintzen, kanpin denda batean», gogoratu du. Marokoarra da, eta 28 urte ditu. Haren esanetan, aterpe batean tokia lortu aurretik, gazteek hiru hilabete eman behar dituzte hirian; Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuan (GLUZ) berretsi behar dute zenbait hilabete bertan igaro dituztela. Behin epe hori igarota, aukera izan dezakete aterpean tokia lortzeko.

Aterpeak, gainera, ez dira irtenbiderik onena. «Aterpe bat ez da etxebizitza bat», nabarmendu du Rodriguezek. Oro har, herritarrek goizeko zazpietan edo zortzietan alde egin behar dute bertatik, eta 21:00ak arte ezin dira sartu. «Egun osoa eman behar dute kalean». Gainera, aterpe batzuetan 25 edota 30 pertsonak batera egiten dute lo. «Nire kasuan, bost pertsona gaude logela berean», zehaztu du Youssefek. «Aterpeak ere baditu bere gauza txarrak, baina kalean egotea baino hobea da». Rodriguezek errepikatu du: «Guk etxe eskubidea eskatzen dugu, eta ez aterpea izateko eskubidea».

Hainbat gizarte eragilek GLUZen aurrean egindako protesta. BERRIA
Hainbat gizarte eragilek GLUZen aurrean egindako protesta. BERRIA

Nahiz eta aterpea lortzeko ezarritako denbora hiru hilabetekoa izan, Atxuri Harrera Sareko kideek ohartarazi dute gero eta hilabete gehiago itxaron behar dutela hura lortzeko. «Orain lau edo bost hilabete izan daitezke», ohartarazi du Ruizek. Aterpea lortzeko, GLUZera joan behar dute. Bertan, «duintasunik gabeko tratua» jasotzen dute. Izan ere, «izugarrizko» ilarak itxaron behar dituzte bulegora sartzeko, ezin baita aurretiazko ordua eskatu. Hortaz, gazte askok atean bertan egiten dute lo. Eta nahiz eta gau osoa bertan eman, gerta daiteke egun horretan bulegora ez sartzea. «Zortea baldin baduzu, sartuko zara; bestela, ez», aipatu du Mustafak. 

«Lehen hamabost pertsona artatzen zituzten goizez eta beste hamabost arratsaldez; orain, berriz, lau pertsona egunean», esan du Youssefek. Ildo beretik, Rodriguezek azpimarratu du GLUZen lana ez dela oso gardena: «Ez dago irizpiderik, ez dakigu ezer haien datuen inguruan, eta ez dakigu euren zerbitzuek nola funtzionatzen duten».

Jantokirako txartelik ez

Atxuri Harrera Sarearen beste ildoetako bat salaketa da. Hain zuzen, oraintxe, GLUZaren jarduna dute hizpide; zerbitzuaren «narriadura» salatzea da euren asmoa. Alde batetik, «arazo kroniko» bat dago, Rodriguezen hitzetan: «Ohitu gara gazteak, ailegatzen direnean, kalean lo egin behar izatera; baina hori ez dago ondo». Beste alde batetik, jantokirako txartelen auziak okerrera egin du. «Lehen, Bilbora ailegatzen ziren guztiek jantokirako txartela eskuratzen zuten; azkenaldian, berriz, jendeari ez diote txartelik ematen».

Egoera ikusita, Atxuri Harrera Sareak protesta egin du duela gutxi GLUZen aurrean, beste hainbat harrera sarerekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformarekin eta SOS Arrazakeriarekin batera. Azaldu dutenez, eguneko otordu bat eskuratzeko, gazteek hainbat gau eman behar izaten dituzte atearen aurrean. «Kide bat hogei egun egon zen ilaran; egun batzuetan, gainera, bertan egin zuen lo», gogorarazi du Rodriguezek. Bost aldiz lortu zuen bulegora sartzea, eta azkenekoan eskuratu zuen jantokirako txartela.

20

Jantokiko txartela lortzeko itxarondako egunak Atxuri Harrera Sareko kide bat hogei egun egon zen gizarte larrialdietako udal zerbitzuaren ilaran; egun batzuetan bertan egin zuen lo. Bulegora bosgarren aldiz sartu zenean eskuratu zuen jantokirako txartela.

Zerbitzuak eskaintzen duen tratua ere kritikatu dute. «Ez da posible aurretiazko hitzordua ez ematea eta egunak eman behar izatea kanpoan itxaroten». Gazteak lagunduta sartzea ere exijitu dute. Askotan, nahiz eta itzulpen zerbitzua egon, guztiek ez dute ulertzen zer eskatzen dieten. «Itxarongela duin bat ere nahi dugu, abenduan, esaterako, ez daitezen hainbeste ordu kanpoan egon; hori ez da batere duina».

Bilboko egoeraz gain, beste herri batzuetan arreta jartzearen beharra azpimarratu dute: «Gizarte Zerbitzuen legearen arabera, 20.000 biztanletik gorako udalerriek janari eta aterpe zerbitzua eman behar diete premia dutenei; eta, besteak beste, Basaurik, Sestaok, Portugaletek eta Leioak ez dute ezer».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.