Aidatu elkarteko presidentea

Cristina Blanco: «Adinekoen suizidio tasa dramatikoa da, baina ikusezina»

Blancok uste du «alarmismoa» sortu dela gazte eta nerabeen suizidioaren inguruan, eta bigarren mailan utzi direla zaharren kasuak. Ohartarazi du adinekoen kasuetara «berandu» iritsi ohi dela, beti ez delako seinalerik egoten.

Cristina Blanco, Aidatu elkarteko presidentea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Cristina Blanco, Aidatu elkarteko presidentea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Datuak setatsuak dira: Hego Euskal Herrian, 100.000 biztanleko zortzi pertsonak beren buruaz beste egiten dute urtero; soslaiari begiratuz gero, 15 eta 19 urte bitartekoen artean bik egiten dute, eta 80 eta 94 urtekoen artean, berriz, hamazazpik. Sexuari dagokionez, beren burua hiltzen duten gazteen artean hamarretik ia hiru dira gizonezkoak; 90 eta 94 urte artekoen artean, berriz, erdiak.

Cristina Blanco soziologoa da, Aidatu Euskal Suizidiologia Elkarteko kidea, eta suizidio bat gertuan pairatu duen senitartekoa. Zaharren suizidioaz aritu zen joan den astean Gasteizen, Asafes buru osasuneko arazoak dituztenen eta senideen Arabako elkarteak antolatutako mintegi batean. Uste du bizitzaren zama eta dolua kudeatzeko ezintasunak eragina izan dezaketela adinekoen suizidio ideietan, batez ere gizonengan, eta bizitzaren azken etapan heriotzarekin «modu osasuntsuan» konektatzeko aukera eman behar dela.

Pandemiaz geroztik, asko hitz egin da nerabeen osasun mentalaz eta suizidioaz, baina deus gutxi zaharren suizidioaz. Zer iritzi duzu?

2021etik aurrera, oso lerroburu larriak eta guztiz nahasgarriak irakurri ditugu gazteen suizidioaz. Baina gazteen suizidioaren inguruan sortutako alarmismoa ez dago datuetan oinarrituta. Osasun mentalaz eta ongizate emozionalaz hitz egitea beste kontu bat da, baina ezin ditugu nahastu suizidatzea pentsatzea, saiatzea eta suizidioa bera. Pandemiaren ondoren, arreta guztia haur eta nerabeen osasun mentalera eta suizidiora bideratu da, eta ez dut esaten arazo bat ez dagoenik, baina gehiegizko garrantzia eman zaio, eta beste arazo batzuk bigarren mailan utzi dira. Adineko pertsonen suizidio tasaz ari naiz: dramatikoa da, baina erabat ikusezina.

Zergatik da hain ikusezina?

Lehentasun kontua da. Nerabe baten suizidioak askoz ere eragin emozional handiagoa du 90 urteko pertsona batenak baino. Horrez gain, hezkuntza zentroetan beldur handia dago nerabeen osasun mentalaren inguruan, eta horrek gazteen patologizazioa ekarri du. Kontuan hartu behar da Espainia dela munduan buruko sendagai lasaigarri gehien kontsumitzen duen herrialdea, baita gazteen artean ere.

Zeintzuk dira adineko bat bere buruaz beste egitera eramaten duten arrazoi nagusiak?

Lehenik eta behin, adinekoen suizidioaren ikusezintasuna nabarmendu behar da. Ikerketa oso gutxi egiten dira, eta egiten direnak, lagin oso txikiekin. Adibidez, 2023an Nafarroan 21 lagunekin egin zen ikerketa bat, eta ikuspegi kuantitatibo hutsetik egin zuten.

«Nerabe baten suizidioak askoz ere eragin emozional handiagoa du 90 urteko pertsona batenak baino»

Zer ikerketa mota behar dira, zure ustez?

Bereziki ikerketa kualitatiboak. Pertsonei ahotsa eman behar zaie, eta galdetu nola ikusten duten bizitza, heriotza, edota haien ustez zerk ematen dion zentzua bizitzari. Gaur egun, ordea, adinekoen testigantzak apaingarri modura erabiltzen dira diskurtso aurrefabrikatuetan, baina ez zaie entzuten.

Zergatik erabaki dezake adineko batek bere burua hiltzea?

Bizitzeak ez duela merezi pentsatzeko arrazoiak egon daitezke, hala nola gaixotasun fisikoak eta mentalak, batez ere degeneratiboak. Eutanasia, adibidez, egoera larrietan planteatzen da, pertsonak eskubidea baitu esateko «Ez dut tratamendurik nahi; hil egin nahi dut». Horrek guztiak eragina du bizitzari zentzua aurkitzearekin. Eta ulergarria da, neurri batean, sentimendu hori. Iritsi ahal baita une bat non ez diozun zentzua ikusten bizitzen jarraitzeari, bizitzeaz nekatu zarelako. Zertarako bizi orduan? Ikertu beharreko zerbait dela uste dut.

80 urtetik gorakoen artean, gizonen suizidio tasa emakumeena baino handiagoa da. Zer dela eta?

Besteak beste, gizonek okerrago kudeatzen dutelako dolua. Adinekoei dolua asko metatzen zaie, eta faktore inportante bat izan daiteke suizidioan. Gizonen kasuan zama handiagoa pilatzen zaie. Horrek genero rolekin du zerikusia. Emakume batek, adina edo egoera dena delakoa izanda ere, osasun mentaleko arazoengatik medikuarengana jotzen badu, ez dago gaizki ikusita; baina gizonen kasuan bai. Askotan esaten da gizonek ez dutela laguntza eskatzen, eta ez nago horrekin ados. Laguntza eskatu, eskatzen dute, baina berandu, horrek dakarren estigmarengatik.

«Adinekoei dolua asko metatzen zaie, eta faktore inportante bat izan daiteke suizidioan. Gizonei zama handiagoa pilatzen zaie. Horrek genero rolekin du zerikusia»

Desiratu gabeko bakardadeak zer lotura du adinekoen suizidioarekin?

Zahartzaroaren inguruan dugun ikuspegiarekin du zerikusia, batez ere. Zahartzaro aktiboa neurrigabe sustatzen ari gara, zaharren bizitzak jardueraz betez, bakarrik senti ez daitezen, edota erabilgarri eta gazte senti daitezen. «Adina ez dago gorputzean, buruan baizik», esaten da. Bada, ez, barkatu, adina gorputzean dago, eta denok hil egingo gara. Zahartzaroan jarduerak antolatzea ongi dago, baina ezin dugu aukera bakartzat hartu. Bizitzaren azken etapan heriotzarekin modu osasuntsuan konektatzeko aukera ere eman behar da; bestela, gero kolpea etorriko da, eta handia izango da.

Zaharrak adinkeriaz tratatzea kaltegarria izan daiteke bide horretan?

Erabat. Adinekoek bizitza bat izan dute, funtzionalak izan dira, eragin bat izan dute inguruan, baina zahartu ahala hori desagertu egin da. Eta, gainera, infantilizatu egiten ditugu. Zainduak izateko beharra dute, maitatuak izateko beharra dute, eta funtzionalak izaten jarraitzeko formulak bilatu behar ditugu haientzat, baina adinkeriarik gabe. Galdetu beharko genieke zaharrei ea gustuko duten haurren modura tratatuak izatea.

Zeintzuk dira suizidioaren seinaleak zaharren artean?

Arazoa izaten da adinekoen kasuan berandu iristen garela, eta beti ez dagoela seinalerik. Gainera, seinale bat egoteak ez du zertan esan nahi pertsona horrek bere burua hilko duenik. Tristura, heriotzaz hitz egitea... horiek guztiak kontuan hartu behar dira, baina hortik aurrerako pausoa da laguntza eskatzea. Eta hor dator benetako zailtasuna.

«Bizitzaren azken etapan heriotzarekin modu osasuntsuan konektatzeko aukera ere eman behar da; bestela, gero kolpea etorriko da, eta handia izango da»

Laguntzeko moduan?

Bai. Beti esaten da zuzenean galdetu behar dugula ea suizidio ideiarik duen, uste baitugu pertsonak egia esango digula. Eta hor dago okerra, ez baitute beti egia esaten. Ez gazteek, ez helduek, ez eta adinekoek ere. Gainera, suizidio arriskuan daudenek, aurretik osasun mentaleko arazoak izan badituzte, sarritan ez dute egia esaten, beldur direlako berriz ospitaleratuko ote dituzten.

Beraz, galdetzea ez da nahikoa.

Ez. Ezin dugu pentsatu galdera eginda bizitza bat salbatuko dugula. Erantzuna baiezkoa bada, laguntza bila joko dugu, baina zer gertatzen da laguntzarik aurkitzen ez bada? Edo aurkitzen den laguntza ez bada egokia? Horregatik diot: ezin dugu konfiantza osoa jarri laguntza sistemaren erantzunean. Beti egon behar du B plan batek.

Zer esan nahi duzu B planarekin?

Ez badu funtzionatu laguntza eskatu duzun lehen aldiak, ez etsi, jarraitu bilatzen. Zaintzaile asko errudun sentitzen dira gauzak ez badira ongi ateratzen, eta esan behar zaie: «Zure esku egon den guztia egin baduzu, ez da zure errua».

Zein da suizidioa saihesteko irtenbidea?

Ez dago errezeta magikorik. Baina uste dut gaztetatik landu beharko genukeela bestelako ikuspegia: bakarrik egoten ikasi, bizitzaren zentzua bilatu, heriotzari buruz pentsatu, pentsamendu kritikoa landu...Europa iparraldeko herrialdeetan, esaterako, asko dakite bakardadearekin bizitzeaz, eta guk ere, bizitzaren zati batean, horretan trebatu beharko genuke, hau da, geure buruarekin bakarrik egoten eta ez hainbeste besteen menpe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.