Gizartea zahartzea egundoko arazoa ez baizik egundoko aukera dela uste du Helduak Adi! elkarteko buru Mari Angeles Amenabarrek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1946). Gizartea era erradikalean aldatzeko aukera ikusten dute Amenabarrek eta haren kideek, eta hartarako borrokan ari dira, gizarte barneratzaileagoa desio baitute. Hartarako, adinekoentzako ikastaroak antolatzen dituzte, gizartean aktibo eta eraginkor izateko baliabideak eurenganatzeko, parte hartzea pizteko. Helduak Adi! taldeak helduen elkarteak biltzen ditu, eta ekimen berritzailea da haiena; EHUko udako ikastaroetan eman duen hitzaldian Amenabarrek adierazi zuenez, behe-behetik gora egiteko bokazioa duen ekimena.
Helduak Adi! ekimena M-15 mugimenduarekin alderatu du entzule batek hitzaldian. Adinekoen mobiliazioa indarra hartzen ari al da?
Nik uste gazteek, gazteak diren heinean, beste gaitasun batzuk dituztela; zaharrak askoz ere motelagoak gara zenbait kontutan. Baina gero eta gehiagok sinesten dugu lana amaitzean dena ez dela amaitzen; guk ez dugu uste orduan zahartzen garenik, baizik eta jaiotzen garenetik hiltzen garen arte ari garela zahartzen. Bizitza osorako prozesua da. Lana lagatzen duzunean, bat-batean zahartzen zara? Ez, ba! Gainera, zenbaitek uste duenaren aurka, helduon egoera dimentsio askotarikoa da. Lehen, pentsioak eta medikuak izan zitezkeen helduen kezka; orain, berriz, lana, ezagutza, kultura, parte hartzea... bestelako dimentsioak konkistatzen ari gara. Gizartea demografikoki zahartzen ari delako egundoko arazoa datorkigula pentsatzen du askok. Egundoko arazoa ala egundoko aukera! Bizitzaren amaieran, mendekotasuna heltzen zaigunean, behar jakinak sortzen zaizkigu, bai. Baina, bitartean, izugarrizko gaitasuna dugu enpresan eta edozein lekutan ikasi dugunaz baliatzeko.
Egoera demografiko horrek gizarte eredua era erradikalean aldatzea eskatzen duela defendatzen duzu.
Argi dago gizarte eredu bat hiltzen ari dela, eta etorkizuneko ereduaz... ez dut nik arrastorik. Baina badakit gure prozesua berritzailea dela. Ez du estruktura itxia izateko bokaziorik; alegia, gure elkartearen helburuekin bat datorren edonor batu daiteke, baldintzarik gabe. Etengabeko eboluzioan gaude gu.
Zein dira Helduak Adi! elkarteko kideen printzipioak?
Giza balioak aldarrikatzen ditugu guk. Balio intelektualak, kulturalak eta sozialak alor guztietan bultzatu nahi ditugu, herritarrak aktiboak garelako. Helduak Adi! osatzen duten elkarteen esperientzia eta ekimenak koordinatzen saiatzen gara, gure arteko elkarlanean, instituzioekin hartu emanetan... Helduon eskubideak erreibindikatzen ditugu: duintasuna, independentzia, parte hartzea... oztopo pertsonal, sozial, politiko eta kulturalak deuseztatzeko borrokatzen gara, horma bat baitira helduon parte hartzerako. Oztopoak oztopo, gizarte barneratzailea nahi dugu, eta ez helduok baztertuko gaituen gizarte bat.
Adinekoen eskubideen alde borrokatu ez ezik, gizartea bera aldatzeko bokazioa duzue, beraz.
Gizartea aldatzeko aukera izan dezagun ari gara borrokan. Gizarte honetako partaide gara, bai, baina baztertuta gaude, ez zaigu hartan eragiteko aukerarik aitortzen. Kontatuko dizudana bene-benetan pasa zen: helduentzako jardunaldi batzuk izan ziren Madrilen, eta ba al dakizu zer eman zieten hara joan ziren zaharrei opari? Karta joko bat. Horrek estereotipoei buruz dena esaten dit niri. Beste batean, lagun batek telefonoz irratira deitu eta non eta Donostian obrak nola zihoazen galdegiteko tenorea izan zuten.
Diskriminazioaren aurka, ez zarete kartetan jolasten gelditu, ez. Askotariko ekintzak antolatzen dituzue elkartean.
Pertsona helduei loturiko estereotipoak ezabatzea helburu duen kanpaina batean gabiltza orain. Horrez gain, helduentzako ikastaroak ere prestatzen ditugu, baina ez pentsa grekoa ikasteko eskolak direnik. Hori ez dago batere gaizki, baina helduen parte hartzea bultzatuko duten ikastaroak dira guretzat interesgarrienak. Pixkanaka-pixkanaka, gizartean aktibo eta eraginkor izateko baliabideak geureganatu nahi ditugu eskola horien bidez.
Zein da Helduak Adi! elkartearen ibilbidean poztasun gehien eman dizun proiektua?
Ni enpresa mundutik nator, eta oso kuadrikulatua izango naiz, akaso. Baina plan estrategikoa egin behar zela argi nuen. Zera pentsatu genuen: Guk, 2020an, nola bizi nahi dugu? Helmuga urruti jarri, amets egin. Helmuga han jartzen baduzu, amets hura betetzeko ahaleginak egingo dituzu. Lortuko duzu ala ez, baina ahaleginak egingo dituzu, ziur.
Eta zer amesten duzue urrutiko helmuga horretarako?
Pertsona helduon kolektiboak egun gazteek zein emakumeek duten aitortza izatea administrazioan eta politika sozialetan. Adinekoentzat Emakunderen tankerako institutu bat nahi genuke. Eta helduok parte hartzaile aktibo izango ginateke, nola ez. Politikariek guretzako neurriak hartzen dituztenean, han ez da erabakiak baldintzatzeko gureetako inor egoten. Hala, ezagutzen al duzu zuk inor 65 urtetik gorakoa politikaren munduan?
Mari Angeles Amenabar. Helduak Adi! elkarteko presidentea
«Adinekoentzat Emakunderen tankerako institutu bat nahi genuke»
Gizarte eredu bat galzorian dagoela uste du Mari Angeles Amenabarrek; eredu hori zinez aldatzeko borrokan ari da Helduak Adi! elkartean, adi eta mobilizaturik baitaude adinekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu