Bizkaiko Foru Aldundiaren GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen enpresa batzordeak jakinarazi duenez, adingabe batek berarekin lan egiten duen gizarte behargin bat sastakatu eta zauritu du. Aldundiaren tutoretzapeko etxebizitza batean izan da erasoa, Bilboko Txurdinaga auzoan. Zenbait adingabe bizi dira etxebizitza horretan, eta gehienak lo zeuden erasoa gertatu zenean; haietako bat erasotzaileari aurre egiten saiatu zen. Zauritutako langilea emakumezkoa da, eta ebakiak ditu lepoan eta gorputzaren goiko aldean. Aldundiaren Gizarte Ekintzako Sailak jakinarazi duenez, ospitaleratu egin dute, eta «arriskutik kanpo» dago.
Tartean adingabeak daudela eta, erakundeek ez dute aferari buruzko informazio askorik eman nahi izan, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du erasoa gertatu dela eta ustezko erasotzailea atxiloturik dagoela.
GUFEko enpresa batzordeak «elkartasuna eta babes osoa» helarazi dizkio zauritutako langileari, eta «onartezintzat» jo du erasoa. Haren hitzetan, ez da «gertaera bakana» izan, eta agerian jartzen du «aspalditik» pairatzen ari diren egoera. «Gure etxebizitzetako adingabeen soslaia gero eta konplexuagoa da, eta horrek bat egiten du langile eskasiarekin; bereziki, langile bakar batek adingabe bat baino gehiago artatu behar baditu, beharrezko laguntzarik gabe».
Enpresa batzordeak jakinarazi du GUFEko zuzendaritzarekin lanean ari dela «langile guztien segurtasuna» bermatzeko. ELA, LAB, UGT eta SATSE sindikatuek osatzen dute enpresa batzordea. «Neurri eraginkorrak» eskatu dituzte: batez ere, laneko arriskuak eta arrisku egoerak prebenitzeko protokoloak eta ebaluazioak eguneratzea, eta «behar beste baliabide material eta giza baliabide» jartzea zeregin horretarako.
Enpresa batzordearen esanetan, horrelako neurrien bitartez langileen osasuna eta segurtasuna bermatu nahi dute, baina, halaber, behar-beharrezkoak dira adingabeei «arreta duina, profesionala eta segurua» eman ahal izateko.
LABek oharra plazaratu du, eta bat etorri da enpresa batzordearen iritziarekin eta eskakizunekin. «Ez da kasualitatea». Haren aburuz, gertatutakoa «prebentzio faltaren ondorio» da, eta agerian uzten du «sistemaren utzikeria», baita lan baldintzen prekarizazioa ere. «Ez dugu onartuko langile batek bere lana egiteagatik erasorik jasatea, ezta egoera horiek normalizatzen jarraitzea ere», erantsi dute. «Gertakaria larria, onartezina eta salagarria da», sindikatuaren iritziz, «eta erakundeen erantzun irmoa eskatzen du».
Aspaldiko kezka
Adingabeekin lan egiten duten gizarte beharginen kezka ez da oraingoa. Aspalditik salatu dute ez dutela baliabide nahikorik, egoitzetan eta etxebizitza babestuetan lankideak eskas dituztela, eta horrek bide ematen diela hala hitzezko jazarpenari nola eraso fisikoei. Nafarroan, esaterako, adingabeekin lan egiten duten esku hartze sozialeko langileek agerraldia egin zuten duela hiru bat hilabete Nafarroako Parlamentuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordean, eta lan baldintza kaskarren berri eman zieten parlamentariei.
Agerraldi hartan, erasoak ere hizpide izan zituzten Nafarroako esku hartze sozialeko langileek. Datuak eman zituzten: zentro batean, hilabete bakar batean hitzezko 61 eraso izan zituzten, 56 eraso fisiko, 47 salaketa kalte materialengatik, eta sei objektuak botatzeagatik. Batez beste, egunero eraso bat erregistratzen dute, eta erregistratu gabeko erasoak ere ez dira gutxi. «Langileek ohikotzat hartzen dituzte erasoak, baina ez luke hala izan behar», esan zien Sara Legarda Egea esku hartze sozialeko langileak parlamentariei.
Sistema goitik behera aldatzeko eskatu zuten Nafarroako esku hartze sozialeko langileek. Errealitatea erakundeen aurretik doala esan zieten parlamentariei, errealitatea aldatu dela, baina esku hartze sozialeko sektorea ez. «Zer gertatu behar du edo noraino iritsi behar dugu egoera alda dadin?», galdetu zien Maitane Erro Cinca esku hartze sozialeko langileak.