Indarkeria matxista

Adingabe batek eraso matxista bat salatu du Azkoitian

Ostiral arratsaldean izan zen erasoa. Udalak irmoki salatu du gertatutakoa, eta bat egin du Itaiak arratsalderako deitu duen elkarretaratzearekin.

Itaiaren elkarretaratzea Azkoitiko (Gipuzkoa) plazan, martxoaren 8an. UROLA ERDIKO ITAIA
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 4a
16:21
Entzun

Adin txikiko neska batek joan den ostiral arratsaldean gertatutako eraso matxista bat salatu du Azkoitian (Gipuzkoa). Urola erdialdeko Itaiak bart eman zuen erasoaren berri, eta elkarretaratzea antolatu du gaur arratsalderako; 19:00etan egingo dute, herriko plazan. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.

Azkoitiko Udaleko bozeramaile batzordea albistea jakin bezain pronto bildu da, gaur eguerdian. Erasoa irmoki salatu dute, eta adierazi ez dutela inoiz onartuko «emakumeen aurkako inolako bortizkeriarik». Babesa helarazi diote biktimari, eta udalaren baliabideak haren eskura jarri dituztela azaldu dute. Eraso dioten emakumearen senideekin bildu ostean, Azkoitiko Udalak erabaki du bat egitea erasoa salatzeko antolatu den elkarretaratzearekin.

Plazaratutako oharrean, udaleko ordezkariek esan dute ezen, biktima adin txikikoa izanik, udalaren lehen ardura dela hura «ez birbiktimizatzea, eta bai haren bai gurasoen borondatea errespetatzea, egoera salatzeko antolatzen diren ekintzen inguruan». Gehitu dutenez, «udalak, nahitaez, biktimaren eta hurbilekoen intimitatea eta konfidentzialtasuna bermatu behar ditu. Horregatik, adierazpen edo agerraldi publikoak egin aurretik, biktimaren onespena eskatzen du, eta adin txikikoen kasuan, gurasoena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.