«Adingabeen abortatzeko eskubideari begira gutxi konpondu du lege berriak»

Hamarkadak daramatza kontrazepzioa sustatzen eta emakumeen abortatzeko eskubidea babesten; Nafarroan berriki jazo den lege aldaketak berritasunik ez duela ekarri uste du.

ainara arratibel gascon
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Hegoaldean berriki indarrean sartu den Abortuaren Legeak osasun profesionalei eta emakumeei «babes juridiko handiagoa» eman diela nabarmendu du Pablo Sanchezek (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1950), Andraize emakumeen arretarako zentroko ginekologoak. Kontrazepzioko Euskadiko Elkarteak atzo Iruñean egindako kongresuan hartu zuen parte Sanchezek.

Urtebete da biharamuneko pilula errezetarik gabe salgai dagoela Hego Euskal Herriko farmazietan.Zer balorazio egin duzue?

Zalantzarik gabe, ona. Aspalditik genioen emakumeek askatasun osoa izan behar dutela biharamuneko pilula eskuratzeko. Jada antzeman da neurriaren ondorioa. Aspaldian ez bezala, aurten behera egin du abortu kopuruak Espainian. Alde txar bakarra du legeak, pilula botiketan eskuratuta emakumeek ez dutela kontakturik sexualitateari eta ugalketari lotutako osasun profesionalekin. Kontaktu hori izatea komeni da. Andraizen, adibidez, biharamuneko pilula ematen diegun emakumeekin hitzordu bat egiten dugu handik egun batzuetara. Horren helburua da besteak beste antisorgailuen inguruko informazioa ematea, halako egoerak errepika ez daitezen. Sanchez auzipetua izan zen orain hogei urte emakume batzuei abortatzeko bidea ematen zien txostenak egiteagatik.

Neurria indarrean sartu zenean, ordea, sexualitateri lotutako informazioa eta hezkuntza sustatu behar zirela adierazi zuen Espainiako Osasun Ministerioak.

Bai, baina ez da egin. Nafarroan, gainera, alderantziz izan da. Halako prestakuntza eta hezkuntza programetara bideratutako dirua gutxitu egin da. Ikastetxeetan, adibidez, ez dago programa bateratu bat. Zentro bakoitzak bere kabuz antolatzen du prestakuntza hori.

Nafarroan oraindik ere emakumeek trabak dituzte informazio hori eskuratzeko, baita biharamuneko pilulaak lortzeko ere, ezta?

Bai. Hori ez da aldatu urtebete honetan. Oraindik ere biharamuneko pilula emateari uko egiten dioten botikak daude Nafarroan. Larriena da administrazio publikoak utzi egiten diela hori egiten. Izan ere, halako zerbait ez eskaintzeko kontzientzia eragozpena argudiatzea bidegabea eta zentzugabea da. Emakumeari dagokio pilula hori hartu nahi duen edo ez erabakitzea.

Hilabete batzuk igaro dira, halaber, Abortuaren Lege berria indarrean sartu zela. Zein hausnarketa egin duzue topaketetan legeari buruz?

Legeak abantaila handiak ditu, garrantzitsuena eta erabakigarriena da emakumeen esku uzten duela abortatzeko azken erabakia. Ez du osasun profesionalen txostenen menpe egon behar horretarako. Alde horretatik, babes juridiko handiagoa ematen digu, bai guri eta bai emakumeei. Ni neu auzipetuaegon nintzen orain hogei urte, aldeko txostenak egiteagatik. Beste eztabaida bat da ezarri diren epeak nahikoak ote diren. Hor iritziak askotarikoak dira. Baina nik uste nahikoak direla. Gainera, legearen karietara beste hainbat urrats egitea espero dugu: pilula antisorgailua osasun publikoak finantzatzea, adibidez. Gaur egun, baliabide ekonomiko urriak dituzten emakume askok zailtasunak dituzte antisorgailu ziurrak lortzeko.

Eztabaida gehien zerak sortu zuen: adingabeek gurasoen baimena behar ote zuten abortatzeko.Azkenean, arau orokor gisa erabaki zuten gurasoei jakinaraziko zitzaiela, baina azken hitza adingabeak izango zuela. Egoki iruditzen zaizu hori?

Egia esan, gai horrek arazo handiak eman izan dizkigu emakumeen arretarako zentroetan; batik bat 16 urtetik beherakoetan. Alde horretatik, lege berriak ezer gutxi konpondu du, 16 eta 18 urte artekoei bakarrik eragiten baitie. Hortik beherakoekin zer egin?Nire ustez, Frantziako legea da egokiena, baina ez dira ausartu hori kopiatzera. Hor, legeak zera dio: abortatzeko adingabeak pertsona heldu batek lagunduta egon behar duela -18tik gorakoa-. Baina ez du zehazten nor. Lagun bat edo bikotekidea izan daitezke, adibidez, 18 urte beteta badituzte. Bestela, hasieran proposatu zuten bezala, gurasoei jakinarazi gabe egiten utzi beharko litzaieke. Baina hor agerian geratu da berriro ere eskuinaren eragina.

Legea aldatu arren, Nafarroan ez da aldaketa handirik izan, ezta?

Zoritxarrez ez. Alor horretan, Nafarroako Gobernuak bigarren mailakoak balira bezala tratatzen ditu emakumeak. Bizi diren lurraldean abortatzeko duten eskubidea urratzen jarraitzen du. Beste erkidegoetara bideratzen ditu, legeak ematen dizkion zirrikitu txikienak baliatuz. Ez dute onartzen Nafarroan abortuak egitea, ez osasun publikoan ezta pribatuan ere. Gainera, ez dute borondate politikorik egoera konpontzeko.

Espainiako Gobernuak, ordea, ez du ezer egiten Nafarroan legea bete dadin.

Ez, eta hori salagarria da. Legea betetzera behartu beharko luke Nafarroako Gobernua. Hori bezain garrantzitsua da gure ustez, kontzientzia eragozpena arautzea. Izan ere, Nafarroako Gobernuak erabiltzen duen argudioetako bat da legeak ez duela kontzientzia eragozpena arautzen. Hala egingo balitz, ez luke aitzakiarik izango. Baina ez dira ausartzen. Batzuetan, medikuek uko egiten diote abortatzeko bideez eta moduez informazioa emateari. Hori onartezina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.