Sexu abusuak

Adingabeen aurkako sexu abusuen preskripzioa biktimek 35 urte betetzean iritsiko da Hegoaldean

Haurrak eta nerabeak indarkeriatik babesteko lege proiektua onartu du Espainiako Kongresuak. EH Bildu abstenitu egin da, eta EAJk kontra bozkatu du.

Haur batzuk, jolasean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Igor Susaeta.
2021eko apirilaren 15a
14:08
Entzun

Adingabeek jasandako sexu abusuen preskripzio epea biktimek 35 urte betetzen dituztenean hasiko da Hego Euskal Herrian. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteko lege proiektua onartu du, gaur, Espainiako Kongresuak, eta hori da, hain zuzen, berritasun nagusietako bat. Gainera, guraso alienazioaren sindromea debekatuko du (GAS), inguruan indarkeria matxista pairatzen duten adingabeen babesa indartuko du, eta testuak biltzen ditu, era berean, hainbat prebentzio neurri. Lege proiektua senatura bidaliko dute, tramitazioa jarrai dezan.

Haurtzaroan sexu abusuak jasandakoek eta haiekin lan egiten duten eragileek urteak zeramatzaten adingabeen aurkako indarkerien kontra borrokatzeko marko bat eskatzen, eta hori ezartzen du, hain justu, arauak.

Joan den ekainean aurkeztu zuen proiektua Espainiako Gobernuak, eta adierazi «umeentzako babes hesiak jartzea» izango zuela helburu. Azkeneko hilabeteetan 576 zuzenketa jarri dizkiote testuari —horietatik 200 pasa jaso dituzte lege proiektuan—, eta horiei buruz eztabaidatu dute alderdiek, auziari buruzko kongresuko batzordean. Gai arantzatsuenetako bat zen preskripzio epearen hasierako adina. Proiektua aurkeztu zuenean, biktimek 30 urte betetzean hastea proposatu zuen Espainiako Eskubide Sozialen Ministerioak. Atzo, ordea, proiektua bozkatua izan bezperan, hori 35 urtera atzeratzea adostu zuten gobernuko bazkideek —PSOE eta UP Unidad Podemos—, PPk, ERC Esquerra Republicanak, Ciudadanosek, EH Bilduk, BNGk eta Mas Paisek.

Kongresuaren gehiengo osoaren babesa behar zuen proiektuak lege organiko bat izaki, eta aise lortu du sostengu hori, EAJk eta Voxek soilik bozkatu baitute kontra: 268 alde, 57 kontra, eta 16 abstentzio. Jeltzaleen diputatu Iñigo Barandiaranek adierazi du hemizikloan «minez» baina «behartuta» bozkatuta zutela aurka. Uste du EAJk lege hori ontzea ez dela kongresuaren egitekoa. «Babestuko dugu Eusko Legebiltzarraren ekimena denean», gehitu zuen Barandiaranek.

EH Bildu, bestalde, abstenitu egin da, ERC bezalaxe, eta ez du legearen onarpena «oztopatu» nahi izan. Mertxe Aizpurua subiranisten kongresuko bozeramailearen esanetan, «aurrerapauso kualitatiboak, kuantitatiboak eta hobekuntzak» eman dira, baina legeak «argiak eta itzalak» ditu.

Hona hemen lege proiektuan jasotako berrikuntza nagusiak.

PRESKRIPZIO EPEA
Delitu larrien kasuan —sexu abusuak, esaterako—, biktimek 35 urte betetzen dituztenean hasiko da; egun, aldiz, 18 dituztenean abiatzen da. Arauaren helburua da biktimei denbora gehiago ematea. Izan ere, normalean denbora asko behar izaten dute pairatutakoa prozesatzeko eta hori salatzera ausartzeko. Ione Belarra Espainiako Eskubide Sozialen ministroak nabarmendu duenez, eliza katolikoa abusuen «konplize» izan da «gehiegitan», eta horrek «bukatu egin behar du». Hain justu, Euskal Herrian azken urteetan Eliza katolikoaren jardueraren barruan gertatuko hainbat sexu abusu azaleratu dira, baina biktimek ezin izan dituzte salatu, preskribatuta zeudelako.

JAKINARAZTEA EGINBEHAR
Legea indarrean sartzean, herritar orok administrazioei «derrigorrez» eman beharko diete adingabeen aurkako delitu zantzuen edota arrisku egoeren berri.

DEKLARAZIO BAKARRA
Delituak jasan dituzten 14 urtetik beherako adingabeek behin baino ez dute deklaratu beharko auzibidearen instrukzio fasean. Lekukotza hori froga gisa hartu ahal izango da epaiketan, eta, testuaren arabera, modu horretan adingabeak «birbiktimizatzea» eragotziko dute. Legeak bermatzen du, gainera, adingabeei, haien adina edozein dela ere, hitza emango zaiela prozesu judizial eta administratiboetan.

ESPEZIALIZAZIOA
Adingabeen aurkako indarkerian espezializatutako epaitegiak sortzea du asmo lege proiektuak. Indarrean sartzean —ondobidean, aste batzuk barru—, gobernuak urtebete izango du epaitegi horiei bide emango dien lege proiektu bat aurkezteko kongresuan.

GAS
Lehen zirriborroan ez zegoen jasota gurasoen alienazioaren sindromea (GAS) debekatzea, baina debekatu egingo dute. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ez du sindrome gisa aitortzen, eta elkarte eta erakunde feministak debekatu zezatela eskatzen ari ziren.

INDARKERIA MATXISTA
Proiektuaren arabera, indarkeria matxistaren biktima bat babesteko agindu judizial bat indarrean baldin badago, eta baldin badaude «egiaztatutako zantzuak» adierazten dutenak adingabeak indarkeria ikusi edo nozitu duela, bisita erregimenak bertan behera geldituko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.