Sexu indarkeria

Adingabeen kontrako sexu abusuei nola aurre egin azalduko du UEUren jardunaldi batek

Urriaren 7an eginen dute, Iruñean, Gure Sarea elkartearekin batera, eta haur eta gazteen kontrako sexu abusuen gaia euskaraz landuko duen lehenbiziko jardunaldia izanen da

Adingabeen kontrako sexu abusuei buruzko jardundiaren aurkezpena, gaur, Iruñeko Katakrak liburu dendan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Tubia.
2023ko irailaren 20a
13:21
Entzun

Gure Sarea elkarteak emandako datuak gordinak dira: bost haurretik batek jasaten ditu sexu abusuak. Desgaitasunen bat dutenen artean, bi neskatik batek eta hiru mutiletik batek jasan du, jasaten ari da edo jasanen du sexu indarkeria 13 urte bete aurretik. Sexu erasoetan, familian gertatzen direnak dira «gehiengo absolutu». Baina nola erreakzionatu behar da abusu bat gertatzen denean? Norengana jo behar da? Badago protokolorik? Egoera ikusirik, UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Gure Sarea elkarteak Haur eta gazteen kontrako sexu abusuak: Lan sareak ehuntzen jardunaldia antolatu dute: urriaren 7an izango da, Iruñeko Katakrak liburu dendan.

Abusuei nola aurre egin azalduko dute. Maitane Urizar Gure Sarea elkarteko kideak argitu du jardunaldiaren funtsa: «Helburua gaia plazaratzea da, baina, batez ere, guzien artean sexu abusuen oinarri den sekretua haustea». Ez da ikastaro bat izanen, gaia lantzeko jardunaldi bat baizik. Are, euskaraz gaia jorratzen duen lehenbiziko jardunaldia izanen da hau.

Urizarrek esan duenez, «pauso bat harago» eman nahi dute: «Sentsiblizazioa beharrezkoa da; ohartu behar dugu egoera zein den eta gaia zein larria den; baina bereziki garrantzitsua da azaltzea zer egin halako zerbait gertatzen denean». Izan ere, haurrekin harreman zuzena duten profesionalen graduetan, barne formakuntzetan eta masterretan ez da gai hori lantzen, Urizarrek salatu duenez, eta horrela zaila da kasuak hautematea. «Nola ikusiko duzu, inoiz ez badizute honi buruz hitz egin?».

Horri lotutako bi datu eman ditu Urizarrek: laguntza eskatu dutenen artean, %70ek ez dute laguntzarik jaso; eta, biktimek eskolan kontatu duten kasuetan, ikastetxeen %85ek ez dute deus ere egin. Horregatik, adingabeen kontrako sexu erasoei «arazo politiko larri gisa» heldu nahi diete, eta bereziki hezkuntzaren eta osasunaren eremuan auzi horri erantzuteko tresnak eta baliabideak eskaini.

Ikusi gehiago:Jardunaldiari buruzko informazio osagarria eta izena emateko

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak esan du haur eta gazteen kontrako sexu erasoen gaia «latza», «lazgarria» eta «oso gogorra» dela, eta, gizartean «kezka» eta «mina» sortzen dituen heinean, UEUk landu beharrekoa dela. «Ikuspegi akademiko batetik ekarpena egin nahi dugu, gaia hobeto ezagutu dadin, eta hortik aurrera arazoari aurre egiten saiatu». Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak gogorarazi du jardunaldia publiko zabalari irekia dela, baina profesionalek eta Nafarroako unibertsitate ikasleek dutela lehentasuna.

UEUren lana, Nafarroan
Ikastaroak eta jardunaldiak antolatzeko, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ari da UEU, eta emaitza «oparoa» eta «positiboa» lortu dutela azaldu du Kochek: 2023an hamahiru ikastaro eta bi jardunaldi antolatu dituzte, eta harrera «ezin hobea» izaten ari direla nabarmendu du. «Gaur arte eskaini ditugun zortzi jardueretan, 133 ikaslek parte hartu dute, eta 66 ikasle sartu ezinik gelditu dira». Udazkenerako antolatutako jardueretan ere jende «ugari» ari da izena ematen, Kochen arabera; beraz, kontent agertu da egiten ari diren lanarekin: «Gure alea jartzen ari gara goi mailako euskarazko formazioa eskaintzen eta normalizatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.