Herrialde asko dira azken urteetan haur bat adoptatzeko irizpideak gogortu dituztenak. Horien artean zorrotzenetakoa Txina izan da. 2007ko apirilean onartu zituen Txinako Gobernuak adoptatzeko baldintza berriak. Hala, ordutik, bikote homosexualek, ezkongabeek, gaixotasunen bat duten pertsonek, batxilergoa gainditu ez dutenek eta urtean familiako kide bakoitzeko 7.325 euro irabazten dituztenek ezin dute haur txinatarrik adoptatu. «Horrek eragin handia izan du, Txinatik haur asko adoptatzen baitziren», nabarmendu du Villarrek. Horretarako arrazoia jasotzen duen adopzio eskari mordoa dela uste duBizkaiko Foru Aldundiko Familia Harrera eta Adopziorako Saileko arduradun Consuelo Alonsok. «Eskaera gehiago dituzte haurrak baino, eta baldintzak gogoratu behar izan dituzte». Ume Alaia adopzio elkarteko gizarte langile Rosa Barrioren ustez, Txinan aldatu egin da adopzioaren «ideia soziala». «Barne adopzioaren alde egiten hasi dira herrialde asko; haurra jaioterrian geratzearen alde», azaldu du Benitok.
Gero eta herrialde gehiago aridira, gainera, horren alde egiten. «Zenbat eta baliabide eta garapen sozial nahiz ekonomiko handiagoa izan, haurrak bertan geratzearen alde gehiago egiten dute», dio Villarrek. Haurrak familia batean egoteko eta hezteko helburu horretan nazioarteko adopzioak neurri subsidiarioa izan behar duela gogoratu du Alonsok. «Haurra babesteko bestelako neurriei eman behar zaie lehentasuna: harrera, beste senide batzuen ardurapean uztea... Haurra familiarekin eta sorterrian geratzeak izan behar du lehentasuna».
Bide horretan, hirurek azaldu dute jendeak uste baino haur gutxiago daudela adoptatzeko moduan. «Egia da behar ugari dituzten haur asko daudela. Horrek ez du esan nahi, ordea, adoptatzeko moduan daudenik. Horretarako, haurrek abandonatuta egon behar dute, eta hori hala dela erabakitzea epaile bati dagokio». Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsa bera abandonatua egotearen kontzeptua aldatzekotan da. «Guraso batzuek umezurztegietan utzi behar izaten dituzte seme-alabak,ez daukatelako baliabide ekonomiko nahikorik haiek hezteko eta elikatzeko. Baina, kasu askotan, guraso horiek ia eguneroko harremana dute haurrekin. Haur horiek ez daude abandonatuta, eta, beraz, ezin dira adopzioan eman», argitu du Barriok.
Horrek guztiak luzatu egin ditu adopzioa gauzatzeko epeak. 2003an, adibidez, Txinatik haur bat adoptatzeko batez besteko denbora bederatzi hilabetekoa zen. Orain, berriz, lau-bost urte. «Hori ikusita, guraso askok atzera egiten dute adoptatzeko asmoan. Gainera, haurraren jatorrizko herrialdearen arabera dago hori», dio Alonsok.
Oraindik txikia bada ere, krisi ekonomikoa ere eragina izaten ari da, aditu gehienen ustez.
Adoptatzeko prozesua
Beherakada hori eragin duten beste faktoreetako bat jendeak adoptatzeko prozesuaren inguruan gero eta informazio gehiago izatea da». Askok ikusten dute prozesu luze eta gogorra dela, ez dela erraza. Hori dela eta, adopzioari ez ekitea erabakitzen dute», argitu du Villarrek. Erabakiren bat hartu aurretik informazio hori izatearen garrantzia nabarmendu du Barriok. «Oso urrats garrantzitsua da ematera doazena, eta argibide horiek izan arte ez dira horretaz konturatzen». Adopzioaren alorrean lanean ari direnen aspaldiko eskaria da informazioa emate hori. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Foru Aldundiak arduratzen dira horretaz, eta Nafarroan, Nafarroako Gobernua.
Asko dira, halaber, adopzioaren inguruan lanean ari diren elkarteetara jotzen dutenak. «Alor askotako laguntza eskaintzen diegu adoptatzeko bidean daudenei, baina, batik bat, antzeko egoera bizi izan dutenekin esperientziak partekatzeko aukera. Tailerrak eta topaketak antolatzen ditugu horretarako», nabarmendu dute Villarrek eta Barriok.
Prozesuan ez ezik, ondoren ere «ezinbestekoa» da laguntza izatea. «Askok uste dute adopzioa haurra etxean daudenean amaitzen dela, eta hortik aurrera izan daitezkeen arazo eta gorabeherak maitasunarekin konpontzen direla. Baina ez da horrela. Seme-alaba adoptatuek biologikoek ez dituzten behar eta ezaugarri batzuk dituzte, eta jendeak garbi izan behar du hori», azaldu du Villarrek.
Askok oso haurtzaro gogorra izan dute, eta hizkuntza eta ohitura berrietara egokitu behar dute. «Lehenago edo geroago, beren jatorriari buruzko galderak egiten hasiko dira, eta gurasoek prestakuntza eta informazioa jaso behar dute erantzuteko. Gehienetan, gainera, halako egoerak ez dira errazak izaten», nabarmendu dute hirurek.
Adopzioek porrot ez egiteko zerbitzua du Jaurlaritzak
Adopzioek «porrot» ez egiteko zerbitzua jarri zuen martxan iazko abenduan Jaurlaritzak. Adoberri du izena, eta Bilboko Henoa kalean du egoitza. Ado-berri ez da publikoari begira sortutako zerbitzua, baizik eta gizarte hezitzai-leentzat eta psikologoentzat da. Lehenago edo geroago, haur adoptatuek beren jatorrizko familiaren inguruan galdetzen hasten dira. Ez dute ulertzen zergatik abandonatu dituzten, eta horrek ezinegona sortzen du haiengan. Batik bat, nerabezaroan gertatzen da hori, aditu gehienen arabera. Hori ikusitanola jokatu ikertzea du xede Adoberrik. Haiekin harremanetan jarri nahi dute-nek 94-424 30 93 telefonora dei dezekate.Ipar Euskal Herrian ere, beheranzko joera
Ipar Euskal Herrian datu zehatzik ez badago ere, Pirinio Atlantikoetako datuekin erkatuz, adopzioak azken urteotan behera egin duela dio Delphine Gunamard-ek, adopzioaz arduratzen den EFA elkarteko presidenteak. 2004an Estatutik kanpoko 64 haur adoptatu zituzten departamenduan, 2005ean 48, 2006an 55, 2007an 39 eta iaz 42. Azken hamarkadako kopuruak parekoak dira. Batez bertze hiru urte igurikatu behar da. Zenbat eta gazteago izan haurra, itxaronaldia luzeagoa izaten da. Adopzio prozesuaren kostua aldatzen da jatorriaren arabera, baina oro har hamar mila eurokoa da, egonaldiak eta administrazio xahutzeak kontuan harturik. Haur gehienak Haiti, Etiopia eta Kolonbiatik heldu dira.«Haur adoptatueiahalik eta azkarren eta naturalen azaldu behar zaie beren jatorria»
ALBERTO RODRIGUEZ
Adoberri zerbitzuko arduraduna
@sarean
Hauek dira adopzio alorrean lanean ari diren erakunde batzuen helbideak:www.umealaia.com. Ume Alaia elkartearen webgunea.
www.anichi.org.Txinatik haurrak adoptatu dituztenen ataria.
www.afadena.es. Adoptatu duten Nafarroako familien elkartearen ataria.
Orain lau urte hasi zuten Adriana Martinezek eta Ricardo Mezzacasak Txinatik haur bat adoptatzeko prozesua. Iazko maiatzetik Donostian da beraiekin Xiang alaba.
«Prozesua luzea izan da, baina merezi du»
A.A. DonostiaAdriana Martinez eta Ricardo Mezzacasa bikote donostiarraren ametsa bete egin zen orain urtebete. Hiru urte igaro eta gero, etxean zuten Txinan adoptatutako neskatoa: Xiang. Urtebete igaro da ordutik, eta Xiang «energiaz betetako ume alai bat» da, Adriana Martinez amaren hitzetan. Hala nabari zaio Anton nebarekin hara eta hona jolasean. «Hortxe ibiltzen dira, nork mimo gehiago jasoko», dio Martinezek biak inguruan dituela. Adopzioa nolakoa den galdetuta, garbi erantzuten du: «Prozesua luzea izan da, baina merezi du».
2005ean hasi zuten alaba adoptatzeko prozesua. «Lehenengo haurra biologikoa izan arren, senarrak eta biok betidanik izan genuen haur bat adoptatzeko asmoa. Beraz, Antonek urtebete bete zuenean, pausoa ematea erabaki genuen», dio Martinezek. Garbi zuten, gainera, Txinatik ekarri nahi zutela. «Senide batzuek jada adoptatuak zituzten haurrak Txinatik, eta bagenekien herrialde serioa zela alor horretan. Adopzio horietan ez dagoela ezer iluna».
Hala, maiatzean adopzioaren inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen ikastaroa egin zuten. Ondoren, eskaria egin, eta irailerako haur bat adoptatzeko egokitasun agiria zuten. «Hasierako pausoak oso azkar joan ziren. Abenduaren 29an adopzio eskaria Txinako Adopzio Zentroan zegoen». Urte hartan, ordea, Txinan adoptatzeko epeak luzatzen hasi ziren. Azkenean, hiru urte igaro ziren Xiang etxean izan zuten arte.
Itxaronaldi hori izan zen gogorrena. «Etxean urtebeteko semea izanda, ez dizu hainbeste denbora ematen horretan pentsatzeko. Baina luze egiten da. Beti sortzen dira antsietate uneak. Seme-alabarik ez duen bikote baten lekuan jartzen naiz, eta oso egoera gogorra da». Bitarte horretan, halere, une bereziak bizi izan zituzten: Xiangen argazkia ikusi zutenean, adibidez: «Oso hunkigarria izan zen. Semearen aurpegia lehen aldiz ikusi nuen unearekin pareka daiteke, nahiz eta Xiangek jada bi urte eta erdi zituen».
Unerik bereziena, halere, Xiang lehen aldiz ikusi eta harekin Donostiara etorri zirenean izan zen. «Familiakoek ongietorria antolatu ziguten, eta haurrak aho zabalik begiratzen zion guztiari. Ilusio handia egin zion etxean jolasteko neba izango zuela jakiteak», gogoratu du Martinezek.
Lehen asteak, «zailak»
Dena den, lehendabiziko asteetan haurrari kosta egin zitzaion zertxobait egokitzea. Izan ere, ordura arte Xiang harrerako familia batekin bizi izan zen. «Haiekin bizitzera ohituta zegoen eta, beraz, arraroa egiten zitzaion ezagutzen ez zituen pertsona batzuekin bizitzea». Aste haiek «gogorrak» izan zirela dio, baina lasai zeudela. «Harrerako familiak oso ondo zaindu zuen, eta haurra osasuntsu ikusten genuen. Hori zen garrantzitsuena. Gainontzekoa bagenekien denborarekin iritsiko zela. Nik, gainera, txinera apur bat hitz egiten nuen, eta horrek ere asko lagundu zigun».
Bi hilabeteren buruan haurra gai zen gaztelaniaz hitz egiteko, eta orain euskaraz ere egiten du. Eskolaratze prozesua ere primeran joan da «Psikologoek beti esaten dizute eskolaratzea ahalik eta gehien atzeratzeko. Baina ikastolako arduradunekin hitz egin, eta matrikulatzeko esan ziguten. Dena primeran joan da, ikastolan asko lagundu baitiote»
Urte hauetan Anichi elkartearen laguntza izan dute. «Oso garrantzitsua izan da guretzat antzeko egoera bizi dutenekin esperientziak partekatzea eta haien babesa izatea». Laguntza hori are garrantzitsuagoa iruditzen zaio haurra iritsi eta gero. «Adinean aurrera joan ahala, galderak egiten hasten dira. Guk horiei erantzuteko prest egon behar dugu». Galdera horiek guraso eta familia biologikoarengandik jasan duten abandonuaren ingurukoak izaten dira. «Ez dute ulertzen zergatik egin duten». Egoera horiei ere «natural-natural» egingo dietela aurre.
Hala, errepikatzeko moduko esperientzia dela dio. «Ni animatuko nintzateke, baina lan handia da hiru seme-alaba izatea». Adoptatzeko asmoa dutenei aholku bat ematen die: «Pazientzia izan dezatela».