Juan Karlos Izagirre eta Jasone Agirre. EH Bilduko kideak

«Ados gaude denok: orain, pertsonek izan behar dute motor»

Beste «urrats baten» hasiera irudikatuz, ekitaldi bat egingo du bihar EH Bilduk: «Alderdiek jarraituko dute, baina protagonismoa pertsonei emanez». Ekainaren 17ko kongresuan amaitu asmo dute prozesua. Bideoa albiste bukaeran.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2017ko martxoaren 31
00:00
Entzun

Beste urrats bat» egiteko garaia iritsi zaio EH Bilduri: koalizio dena «subjektu politiko propio» bilakatu nahi dute. Alderdiei protagonismoa kendu, banakoei gehiago emateko. Hala azaldu dute Juan Karlos Izagirrek (Igeldo, Gipuzkoa, 1963) eta Jasone Agirrek (Abadiño, Bizkaia, 1968). Azkenaldian lehen lerroan aritu ez arren, barrutik bizi izan zituen Izagirrek koalizioaren lehenengo lau urteak, Donostiako alkate gisa. Udan hasi zen Agirre, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Bizkaiko zerrendaburu gisa. Larunbatean irudikatuko dute pauso horren hasiera, Iruñean, alderdien arteko akordio batekin. Ekainaren 17an bukatuko dute prozesua, Gasteizen egin asmo duten kongresuan.

2011n jaio zen Bildu, eta izan du garapen bat. Zerk ekarri du pauso hau emateko beharra?

IZAGIRRE: Ez dago gaizki gogoratzea, hasteko, sei urte besterik ez direla pasatu. Ematen du ibilbide luzea egin duela, baina jaioberria da EH Bildu. Diferentzien gainetik, proiektu komun bat zuen jendeak elkarrekin lan egitea zen jaiotzako izpiritua. Horretarako, ezinbestekoa izan zen alderdi politikoen lana, baita urteotan parte hartu duten pertsona guztiena ere. Azken finean, EH Bildu pertsonek osatzen dute. Esfortzu izugarria izan da, eta eskertzeko garaia bada, baina baita aurrera begiratzekoa ere. Orain, beste urrats bat behar da.

Heldu berria zara zu, Agirre.

AGIRRE: Honi buruz hitz egiten dugunean, metafora bat erabili ohi dut: harri bat balitz bezala ikusten dut EH Bilduren proiektua. Harri mardul bat, dabilen harri bat. Batzuetan, ur handiak datoz, beste batzuetan, urik ez dago. Baina uraren eraginez, leunduz doa, forma hartuz. Orain, uholderik ez, baina uste dut ur bizi fresko bat datorrela, gero eta gehiago, alderdiekin baino gehiago, EH Bildurekin bakarrik identifikatzen dena; adinagatik, ibilbideagatik... Haiek ere izan gura dute ur, eta harri horri forma eman.

2015ean jada aipatzen ziren fronte zabala eta antzeko ideiak. Hausnarketa horien jarraipena da hau, ala atzeratu egin da eztabaida? Zergatik orain?

AGIRRE: Nik uste dut garapen bat dela. Garaia orain heldu da. Gero eta esparru zabalago bat dago Euskal Herria modu batera ikusten dugunona; bat gatoz herri moduan behar dugun bidean, bai arlo sozialean, bai politikoan. Nora goazen zehaztea da garrantzitsua, eta ahalik eta jende gehiena batzea proiektu horretan.

IZAGIRRE: EH Bildu jaio zen dinamikoa izateko, eta horren seinale da orain egiten ari garena. Faseak egon daitezke, testuinguruak ezberdinak dira, baina oso inportantea da EH Bildu izatea gune ireki bat, askotariko jendearentzat, ikusten duena aukera bat gauzak aldatzekoa. Jasone adibide argia da, niri ere tokatu zitzaidan nire garaian, baina gu bezalako jende asko eta asko dago kalean. Orain etorri da orain etorri behar zuelako, eta urte batzuetara etorriko dira beste gauza batzuk ere.

Zer irudikatuko duzue larunbatean Iruñeko ekitaldian? Alderdiek akordio bat lortu dute. Zer jasoko dute hor?

IZAGIRRE: Ekitaldi sinboliko bat izango da, baina mami asko izango du. Alderdi politikoek hor jarraituko dute, baina protagonismoa pertsonei, herritarrei emanez. Akordioan jasoko dute ez duela hainbeste inporta nondik datorren EH Bildun lan egin nahi duen jendea, baizik eta nora joan nahi dugun. Beste helburu inportante bat da, arazoak daudenean, azkarrago erantzun ahal izatea.

Zergatik diozu hori? Orain artekoa baino arinagoa izan behar duelako funtzionamenduak?

IZAGIRRE: Hainbeste lagun ditugu lanean, zinegotziak, alkateak, batzarkideak, parlamentariak... Hor, badago kezka hori. Niri ere askotan tokatu zait. Arazo bat sortzen da, eta erantzunak berehalakoa behar du izan; eduki behar dituzu erantzuteko tresnak. Fase honetan hori ziurtatuko da, arinago eta gertuagotik emango zaielako irtenbidea arazoei.

AGIRRE: EH Bildu ez da bakarrik erakundeetan ordezkatuta dagoen jendea. Legebiltzarretik ezagutu dut talentu handiko jendea; erakundeetan, eta handik kanpo. Pena litzateke talentu hori alferrik galtzea; lanerako gogoz dago jendea, gure kulturaren parte da hori, eta bide eman behar zaio. Hori izango da fase honetan aintzat hartu beharreko puntu bat.

Prozesua nolakoa izango da?

AGIRRE: Jendearen parte hartzearen araberakoa. Haiek erabakiko dute nola eta nora eramango gaituzten. Datozen hilabeteetan, jendearen ekarpenak bilduko ditugu, baina, lehenik, jakin behar dugu zenbat dauden prest lanerako. Uste dut proiektu polita dela, jende asko hurreratzekoa. Kalean ere lan egiten dugu, eta hori da kaletik jasotzen ari garena. Lanerako gogoz dago jendea.

Epeak-eta zehaztu dituzue?

IZAGIRRE: Data batzuk bai: apirilaren 25ean batzar orokorra egongo da Donostian. Hor irekiko da prozesu bat, parte hartzailea. Hor hasiko gara prozesuari forma ematen, eta ekainaren 17ko kongresuan bukatuko da, Gasteizen. Ados gaude denok, alderdiak ere bai: orain, pertsonek izan behar dute motor, eta koalizio batetik harago joan behar dugu. Hori onartuta dago, jendeak kalean eskatzen duena da; gure esperientzian, behintzat, hori ikusi dugu.

AGIRRE: Prozesua dinamikoa izango da, eta ez da luzatuko denboran. Oinarritzat hartuko da zerk batzen gaituen, horri emango zaio lehentasuna. Horrela, askoz arinago joan ahal izango da.

EH Bildu kultura politiko ezberdinen batura gisa jaio zen. Pertsonei garrantzia emate hori izaera propio bat hartzeko beste pauso bat da? Kultura politiko berri batean aurrera egiteko ere balioko du prozesu horrek?

AGIRRE: EH Bildu bera bihurtuko da subjektu; lehen koalizio bat zen, eta orain bera izango da subjektu. Subjektu aberatsagoa izango da, alderdi batzuen batura soila baino gehiago. Hori da filosofia.

IZAGIRRE: Subjektu politiko propio bihurtuko da, eta horrek emango dio arintasuna eta eraginkortasun handiagoa. Kultura politiko ezberdinek bai, baina pertsona ezberdinek izango dute lekua. Horrela sortu zen, eta horrela jarraituko du. Sektore ugaritan, eragileetan, sindikatuekin, han edo hemen ibili denak, bere lekua eduki behar du EH Bildun, eta gainera sentituko du protagonista bihurtuko dela, erabakiak hartzeko ere hor egongo dela.

AGIRRE: Alderdi bakoitzak du bere marka, egiteko era. Fokoa pertsonengan jarrita, xedea bera izan arren, formak ere alda daitezke.

Koalizio izaeraregatik, agian, gehiago lotu izan da EH Bildu hauteskundeekin eta erakundeekin. Kaleko hanka hori indartu nahi duzue? Kalean zer leku izan behar du EH Bilduk?

IZAGIRRE: Ezinbestekoa du kalea. Nik lau urte pasatu nituen esanez egin behar direla gauzak behetik gora. Horrek esan nahi du kaletik, auzotik, plazatik hasi, eta gora egitea. EH Bilduk hori izan behar du, bestela, ez du funtzionatuko.

AGIRRE: Kalea da gure habitat naturala. Gu ez gaude kalera begira, kaletik gatoz. Eta uste dut fase honetan kaletarragoa izango dela EH Bildu. Hortik elikatuko da. EH Bildu kalera joatea baino, kaleak hartuko du lekua EH Bildun. Hori da sentitu dugun eskakizuna.

(Bideoa: Argazki Press)

 [youtube]https://youtu.be/W_Pfe5ubRNc[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.