Euskararen Nazioarteko Eguna

Adostasunak josteko aldarria, aho batez

Edurne Begiristain.
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izendatu zuenetik denbora asko igaro da, baina oraindik euskarak bultzada handien beharrean segitzen du. Atzo, instituzioek, alderdiek eta eragileek hainbat ekitaldi eta adierazpen egin zituzten egun seinalatua ospatzeko. Eta denean izan zen mezu bat: adostasunetik izango du euskarak etorkizuna.

Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek Euskararen Eguneko adierazpena aurkeztu zuten Gasteizen. Adostasunetik, etorkizunaren giltzarri izenburupean ondutako agiriak dio duela berrogei urte onartutako Euskararen Legea «adostasun zabal eta sendo» baten gainean eraikitakoa dela, eta hargatik dela «eraginkorra»: «Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere ez adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasunik eza».

Adierazpenaren sustatzaileen iritziz, Euskararen Legearen akordioaren ildotik jarraitu behar da bidea egiten. «Desberdinen arteko adostasunean bilatuko dugu beti elkarrekin aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen duen konpromisoaren giltzarria. Hortik kanpora, euskara galbidera eramango lukeen liskar soziala baizik ez dago». Gizarte eleaniztasun bat eraikitzekoan Euskaraldiak biltzen duen «adostasun sozial eta politikoaren neurria» baliagarri eta «bide erakuslea» ere badela azpimarratu zuten.

«Jauzi politikoak»

EH Bilduk, ohar batean, euskarak etorkizunean dituen erronkei erreparatu zien, eta azpimarratu garaia dela «etorkizunera jauzi egiteko», euskararen aldeko konpromiso eta bitartekoak aktibatzeko, eta hizkuntza politikan «adostasun berriak» lortzeko. Hego Euskal Herrian «jauzi politikoak» behar direla iritzita, bi proposamen egin zituen. Nafarroan, zonifikazioa gainditu eta euskararen ofizialtasuna ekarriko duen araubide berriaren aldeko urratsak galdegin zituen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, hizkuntza politika berriaren aldeko «adostasun politikoa» josteko galdegin zuen.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, bestalde, adierazpen instituzional batean ohartarazi zuten euskararen alde «ekiteko garaia» dela. Kezkagarritzat jo zuten euskararen erabileraren beherakada, etaurratsak egiten jarraitzera deitu zuten.

Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Denis Itxasok erakundeen arteko lankidetzaren alde egitera deitu zuen, «euskarak aurrean dituen erronkei aurre egin ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.