Espainian espetxeratuta dago Inocente Montano El Salvadorko koronel ohi eta Segurtasun ministro izandakoa, eta, bihartik aurrera, Auzitegi Nazionalak haren kontrako auzibeari ekingo dio, 1989ko azaroaren 16an El Salvadorren gertatu zen sarraskiarengatik: Atlacalt batailoiko kideak Erdialdeko Amerikako Unibertsitatera sartu ziren, eta sei apaiz jesuita, Julia Elba langilea eta haren alaba Celina hil zituzten. Unibertsitate hartako errektorea zen Ellakuria, Askatasunaren Teologiaren ideologo garrantzitsuenetakoa.
Sarraski hari "gizateriaren aurkako krimen" izaera aitortu diote, eta nazioarteko justiziaren irizpideei jarraikiz galdegin zuen Auzitegi Nazionalak Montanoren Espainiaratzea. AEBetako Auzitegi Goreneko presidente John Robertsek eman zuen Montano Espainiaratzeko agindua, joan den azaroan, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak iaz eginiko eskariari men eginez. Velascok berak 2011n galdegin zuen El Salvadorko sarraskian ustez parte hartu zuten hogei militarrak atxilotzea, baina El Salvadorrek uko egin zion auzipetuak estraditatzeari, 1993an agindu zuen amnistia oinarri hartuta.
2015ean, ordea, auziak "gizateriaren aurkako krimen" izaera zuela ebatzi zuen El Salvadorko Auzitegi Gorenak, eta 2016an Amnistiaren Legea konstituzioaren aurkakoa dela ezarri zuen. Horrek bidea zabaldu zuen auzi judizialari berriz ekiteko. Monteroren kasuan, estraditatze eskaera betetzeko agindua eman zuten AEBetako epaileek iazko otsailean, baina, orain arte, prozesua oztopatu du koronel ohiaren defentsak.