AEBetatik Euskal Herriari so

Patxi Lopezek ETAri eskatu dio «aukera aprobetxatzeko»; erakunde armatuaren behin betiko amaiera gertu dagoela uste duAmerikako Estatu Batuetan da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, bidaia ofizialean

Igor Susaeta.
New York
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Kofi Annan, Bertie Ahern eta Gerry Adams, besteak beste, Gatazkaren Konponbiderako Nazioarteko Konferentzian mintzatu ziren atzo, Donostian. Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, ordea, AEBetan dago, bidaia instituzionalean. Azkeneko hiru egunak New Yorken pasatu ditu, eta euskal gatazkaren konponbiderako biltzarretik urrun, milaka kilometrotara egon arren, hari buruz hitz egin zuen, herenegun. Hasteko, konferentzian ez egotearen arrazoiak eman zituen: «Antolatzaileek ez dute Eusko Jaurlaritza gonbidatu». Ezin, ordea, errealitateari bizkarra eman, eta hau gaineratu zuen konferentziaren harira: «ETAk eta bere inguruneak halako zerbait [konferentzia] behar badute haien behin betiko desagerpena eszenaratzeko, aukera aprobetxa dezatela». Merituak, irabazleak eta galtzaileak ere izan zituen ahotan Lopezek: «ETA garaituta dago, eta badaki ez duela haren helburu bakar bat ere gauzatuko. Demokrazia eta zuzenbide estatua gailendu dira».

New Yorken, Euskal Herritik milaka kilometrotara esan zituen hitzok Lopezek. Bidaia instituzionala egiten ari da AEBetan barna, Euskal Herriko industriak Estatu Batuetan duen presentzia «indartzeko». Joan den ostegunean heldu zen Dallasera, eta han bi egun egin ondoren, asteburua New Yorken pasatu zuen. Bostonen dago orain, Washingtonera ere joango da, eta azkeneko bi egunak New Yorken emango ditu atzera, datorren larunbatean Euskal Herrira bueltatu aurretik.

New Yorkera joan den larunbat arratsaldean heldu zen. Iluntzean, berriz, harrera ofiziala egin zioten hiriko Euskal Etxean. 85 bat pertsona bildu ziren han, Brooklynen. Itziar Albisu euskal etxeko presidenteak hartu zuen hitza, eta euskaraz zein ingelesez adierazi New Yorkeko Euskal Etxeak 2013an 100 urte beteko dituela. «Urte horretan NABOren biltzarra ospatu nahi dugu hemen. Hori da gure helburua», adierazi zuen New Yorken bizi den andoaindarrak. Lopezen txanda heldu zen ondoren. Euskaraz bi hitz egin ostean, erdaraz jarraitu zuen bere hitzaldia. Hurrena, euskal etxeen lana nabarmendu zuen: «Ezinbesteko erreferentzia bihurtu dira. Izan ginena, garena eta izango garena islatzen dute. Gure aurrekoek egindako urratsak ibili behar ditugu, pilatutako esperientzia baikara». Bukatzeko, euskal herritar izateko «milaka modu» daudela gaineratu zuen: «Eta hori euskal etxe honetan ikus daiteke», nabarmendu zuen.

Alberto Surio EITBko zuzendariak eta Patxi Arratibel EITBren Estrategia eta Kanpo Harremanetarako zuzendariak Canal Vasco katea aurkeztu zuten ekitaldi berean. Protokoloarekin amaitzeko, Amaia Arberas soprano donostiarrak hiru kanta abestu zituen: Agur jaunak, Goizeko izarra eta Haurtxo txikia. New Yorken bizi da Arberas.

Goi-goitik

Igandean, berriz, bestelako lanak hartu zituen Lopezek. Goizean, lehen orduan, hiriaren erdigunera jo zuen, adierazpenak egitera. 34. kalera, 9. eta 10. etorbideen arteko eraikin batera. Handik, eraikin horren azken solairutik, egiten ditu zuzeneko emisioak EITBko hiriko berriemaileak. Lekua estua dela eta, kamerari bat eta hiruzpalau kazetari baino ezin izan ziren Lopezekin gora igo. «Hau da terrorismoaren erokeria erakusten duen irudia. Baina, aldi berean, etorkizuna eta askatasunaren eredua ere bada. Euskaldunok inork baino hobeto dakigu zer-nolako esanahia duen toki honek, zer-nolako mina adierazten duen», esan zuen Lopezek.

2001eko irailaren 11ko erasoei aipamena egin eta gero, Euskal Herriari begiratu zion: «Urteak daramatzagu indarkeriaren mehatxupean, eta ikasi dugu terrorismoari aurre egiteko bide bakarra askatasuna eta demokrazia direla». ETAren amaiera iragarri zuen, halaber: «Laster ospatuko dugu terrorismoaren amaiera, askatasunaren egun handia». Bide batez, «Euskadiren izenean», esker ona azaldu zien «askatasunari eutsiz norberaren duintasunean etsi ez dutenei». «ETA garaituta dago», esan zuen, eta Donostiako konferentzia gogoratuz, «asko» errespetatzen duela adierazi zuen. «Baina demokraziak eta demokratok ez dugu konferentzien beharrik terrorismoa garaitzeko».

Adierazpenak eginda, brunch-erako —hamaiketako moduko bat— bildu zen kazetariekin, jatetxe batean. Hor ere konferentzia izan zuen hizpide, haren hitzen tonua apur bat informalagoa izan arren. Lehendakaria, baina, konferentzia egin den hiritik urrun egon da, milaka kilometrotara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.