Pozik bukatu dute AEK-koek Korrika 15 -beraiek antolatzen dute-, eta nabari zen hori gaur egin duten balorazioan. Izan ere, haien ustez, herritarren parte-hartzea handia izateaz gain -"Korrikarik jendetsuena" izan dela zioten igandean, Iruñean-, "euskaraz bizitzea eta euskararen biziraupena ukatzen eta eragozten duten legeak baztertu egin behar direla, eta euskaraz bizitzeko bideak eraikitzen joan behar dela esan dugu antolatzaileok, eta Euskal Herriko alderdi politiko, elkarte, sindikatu eta erakunde publiko gehienek bat egin dute deiarekin", adierazi du gaur Edurne Brouard Korrika 15en antolatzaileak. "AEKren mezuak babes orokorra izan du".
Euskal gizarteari gaur ere dei egin diote, "batik bat, adineko jendeari, euskara ikas eta erabil dezaten, hori baita denok hartu behar dugun konpromisoa". Euskaltegiak "bete" egin behar direla uste dute AEK-koek.
Azkeneko bi asteetan, behintzat, jendea "busti" dela esan du Brouardek. "Egun bakar bat ere ez dugu izan euririk gabe. Korrika bustia izan da. Baina baita elkartasunez, ilusioz, gogoz eta poztasunez bustia ere".
Lasterketaren aldeko atxikimendua handia izan den arren, antolatzaileek salatu dute "trabak" ere izan dituztela. Korrika Nafarroan izan denean, "[bertako] Gobernuaren trabak etengabeak izan dira, baimen faltak izan direlako, debekuak, zailtasunak, identifikazioak eta joko zikina".
Martxoaren 22an hasi zen Korrika 15, Karrantzan (Bizkaia), eta herenegun bukatu, Iruñean, 2.360 kilometroko ibilbidea egin eta gero.
Korrika 15
AEKren ustez, euskaraz bizitzeko deiarekin bat egin du gizarteak Korrikan
Euskararen aldeko lasterketan atxikimendu handia izan dutela esan dute, baina "trabak" ere izan dituztela Nafarroako Gobernuaren aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu