Hamargarren eguna du gaur Patxi Ruiz euskal presoak gose eta egarri greban, Murtzia II kartzelan (Espainia), eta haren egoerari irtenbidea emateko eskatzen ari dira eragileak. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ohar batean esan du «herri presioa» garrantzitsua izaten ari dela «gaia mahai gainean jartzeko», eta nabarmendu du Euskal Herrian mobilizazio ugari izan dela azken egunetan. «Sistemaren» parte diren komunikabideen, alderdi «instituzionalen», eta Sorturen eta EH Bilduren jarrera deitoratu du.
AEMk esan du Ruizek «argi» utzi duela EH Bilduren eta Sorturen jarrera politikoak ez duela bere oniritzia. «Aldi berean, mundu guztiari onartu dio bere egoeraz informatzeko eskubidea, baina Patxik defendatzen duen ildo politikoaren arabera gauzatu behar da presioa. Patxik etsaiarekiko konfrontazioa defendatzen du, eta uste dugu EH Bildu eta Sortu ez direla aprobetxatzen ari konfrontazio hori aurrera eramateko dituzten aukerak eta posizioa».
Berriz ere euskal presoen «irtenbide indibidualen» aurka mintzatu da AEM, «haien arteko batasuna apurtzen duelako eta babesgabe uzten dituelako kartzelaren gehiegikerien aurrean. Preso batek gradu progresioa egiteko kartzelaren tratamenduindibidualizatua deritzona onartzen duenean, aldi berean onartzen ari da beste kide batzuen aurkako injustiziak salatzeari uko egitea». AEMren arabera, Murtzia II-ko euskal preso batek baino ez du hartu Ruizen aldeko elkartasun jarrera publikoa. «Ulergaitza egiten zaigu, gaur egun mantendu ditzaketen ezberdintasun ideologikoak direnak direla ere, gainontzeko presoek kartzelari presio egiteko inolako dinamikarik martxan jarri ez izana».
Ruizen senideek eta gertuko lagunek ere kaleratu dute ohar bat. Azaldu dute «garai latzak» direla hauek, «Murtzia II espetxeko zuzendaritza eta medikuaren jarrera faxistak bultzatuta, Patxik bere burua gose eta egarri greban jartzera behartuta ikusi duelako. Ordutik, erlojupeko lasterketa batean gaude, hil ala bizikoa dena». Euskal presoaren iritzia eta nahia errespetatzeko eskatu dute, eta eskerrak eman dizkiete elkartasuna adierazten ari direnei. «Denon indarra beharrezkoa da borroka hau irabaziko badugu».
Sortuk eta EH Bilduk Espainiako Gobernuari egindako eskaerak
Sortuk ohar batean esan du Espainiako Gobernuak duela Ruizen egoeraren ardura. «Hari dagokio Patxiren bizitza bermatzea, eta dei egiten diogu bere esku dauden neurri guztiak har ditzan horretarako». Egungo espetxe politika salatu du, «euskal presoen deuseztatze pertsonal eta politikoa» duelako helburu. «Makineria errepresibo kalkulatu bat aplikatzen da presoa pertsona gisa birrintzeko, bere konbikzio politikoetan amore eman dezan. Patxi Ruizen urgentziazko neurriekin batera, arazoaren jatorrian dagoen salbuespeneko espetxe politika indargabetu eta presoak etxeratzeko prozesuari ekin behar zaio, behingoz».
Sortuk dio euskal presoaren «ingurune politikoari» ezker abertzalearen baliabide guztiak eskaini dizkiola. «Sortuk ez du babesten eta ez du babestuko Patxiren bizitza eta haren egoera bideratzea lehenesten ez dituen inolako ekimenik, are eta gutxiago halakoek Patxi irteerarik gabeko egoera batera bultzatu dezaketen honetan. Zentzu horretan, Sortuk egoeraren azterketa zintzoa egiteko eta arduraz jokatzeko eskatzen dio Patxiren ingurune politikoari eta, aipatu irizpideen baitan, ezker abertzalearen baliabide guztiak eskaintzen dizkio berriz ere, Patxi lagundu eta bere egoera bideratzen ahalegintzeko».
Ruizen «egoera larriari» konponbidea bilatzen saiatzen ari dela jakinarazi du EH Bilduk. Bel Pozueta Espainiako Kongresuko EH Bilduren diputatua presoari bisitan joateko izapideak egiten ari dela jakinarazi du taldeak, «haren egoera zein den lehen eskutik ezagutzeko asmoarekin». Presoaren egoeraz duten «kezka» adierazi nahi diote, baita bere egoerari konponbidea bilatzeko egiten ari diren lanen berri eman ere: «Ruizek bizitza salbatzea eta dagozkion giza eskubideak bermatzea da gure lehentasun eta helburu nagusia».
EH Bilduk azpimarratu du Espainiako Estatua dela Ruizi gerta dakiokeenaren «azken arduraduna»: «Espainiako Estatuaren ardura da preso guztien egoera fisikoa eta haien eskubideak bermatzea». Ruizen senide eta hurbilekoei elkartasuna adierazi die EH Bilduk, eta «euskal preso politiko guztien eskubideak errespetatuak izateko» lanean jarraituko dutela adierazi du: «Konponbidean aurrera egin nahi bada, salbuespenean eta salbuespenezko kartzela politikan oinarritutako jarduera horiek amaitu egin behar dira».
Bakegileen eta Bake Bidearen kezka
Bakegileek eta Bake Bideak «kezka» adierazi nahi dute Ruizen egoeragatik eta horrek «sor ditzaken ondorio latzengatik». Haien esanetan, Ruizek egoera euskal presoek azken hamarkadetan Frantzian eta Espainiar pairatzen dituzten «salbuespeneko» neurrien ondorio zuzena da. «Berriz ere deitoratu nahi dugu Frantziako eta Espainiako estatuak osasun larrialdi honetan salbuespen neurriak bukatzearen aldeko apustua egin ez izana».