Aginduak bete zain da euskara

Euskara ofiziala izateko, Europako hizkuntza gutxituen ituna berresteko eta lege egoki batean engaiatzeko eskatu diete hautagaiei.

Karrikako aldarria legebiltzarrera eramatea dagokioe euskararen aldeko hautagaiei. NICOLAS MOLLO.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeen zirimolak hizkuntza gutxituen aldeko ele eder ugari utzi ditu, baita engaiamendu zehatzak ere tartean. Martxoaren 31ko Baionako manifestazio jendetsuaren ondotik eta hauteskundeen lehen itzulia burutu aitzin, hautagai gehienen arreta piztu duen elementua izatea lortu du, Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak egin duten galdetegiari esker. Hiru galdera helarazi dizkiete hautagaiei. Erantzunetan baliatutako hitz ederrak engaiamendu zehatz bihurtu behar dira oraindik, eta engaiamendu horiek gauzatzea zor diote euskarari, galdegileen erranetan.

Hiru engaiamendu hartzeko eskatu diete hautagaiei. Batetik, konstituzioan emendakina sartzeko —erran dute Errepublikak, frantsesaren ondoan, lurralde desberdinetako hizkuntzak eta haien hiztunen eskubideak aitortzen, babesten eta garatzen dituela. Bigarrenik, Hizkuntza Gutxituen eta Eskualde Hizkuntzen Europako Ituna berresteko, hori baita hizkuntza mailan Europako estatu guztiek duten erreferentzia komun «demokratikoa». Hirugarrenik, hizkuntza legearen alde bozkatu eta indarrean ezartzeko eskatu diete, ahalbidetzeko euskararen gisako hizkuntzentzat legezko deliberoak hartzea, nolabait euskararen ofizialtasuna aitortuz.

Eskari horiei baiezkoa erantzun diete Anita Lopepe, Laurence Hardouin eta Peio Etxeberri-Aintzart EH Baiko hautagaiek, Pako Arizmendi eta Jean Telletxea EAJkoek, Alice Leiziagezahar eta Marie Ange Thebaud berdeek, Sylviane Alaux eta Frantxua Maitia sozialistek, Pedro Carrasquedo, Sylvie Laplace eta Serges Nogues NPAko hautagaiek, Alexia Hilaire eta Christophe Lepetre EAIkoek.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak nabarmendu du euskara ez dela izan lehentasuna alderdien proposamenetan. François Hollande Frantziako presidenteak Europako hizkuntza gutxituen ituna berretsi eta horretarako konstituzioa aldatuko zuela agindu zuen kanpainan. Hori egiteko, ordea, gehiengoa lortu beharko du legebiltzarrean, eta, horretarako, funtsezkoa izanen da aldeko jarrera defendatu duten diputatugaiek aldeko boza ematea kargua hartzen dutelarik. Agintaldiaren lehen egunetik hitza bete behar dutela gogorarazi die Kontseiluak hautagaiei; «euskaraz bizi nahi duten herritarrek nahikoa itxoin dute». Nabarmendu du hautagaiek ezin izan dutela hizkuntzaren gaia saihestu baina proposamen oso lausoak eta xehetasunik gabeak egin dituztela, EH Baikoek izan ezik.

Legearen erronka

Aipatu hautagai gehienek legearen aldeko jarrera erakutsi dute, baina, Kontseiluaren arabera, lege hori nolakoa izan beharko den zehazteko momentuan, ez dute xehetasunik eman. «Legea eta estatusa ere izan dituzte aipagai, baina lege egokiaren ezaugarriak ez dira zehazten; eta, euskararen estatusari erreferentzia egiten zaionean, ofizialtasuna soilik edota frantsesarekiko berdintasunaaipatzen da». Kontseiluak gogorarazi du aspaldian zehaztu zituela zein diren euskararen gutxienekoak, legearen helburua euskaraz bizi nahi dutenentzako baldintzak eta euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzea dela ziurtatuz.

Legeak izaera orokorra ukan behar duela erran dute euskalgintzako gizarte eragileek, «gero sektoreko beste arau batzuen bidez zehaztuko direnak». Lege horrek xede eta epe zehatzak ukan behar dituela uste dute, baliabidez hornitua eta zeharlerrokoa izan behar duela, eta sektore guziak kontuan hartuko dituena: hezkuntza, hedabideak, kultura, administrazio publikoa, osasun sistema, justizia, alor sozioekonomikoa, aisia, kirola eta beste. Lege egoki batek betebeharrak eta urraketen inguruko erantzukizunak zehaztu behar dituela dio Kontseiluak.

Hizkuntza gutxituentzako lege xedea osatuko zuela erran zuen Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiak. Ondoren, emandako hitza bete gabe utzi zuen. Lege baten beharra argi azaltzen da ikusten delarik Frantziako Parlamentuan lau lege proposamen daudela. Alta, egoera horrek alderdien zatiketa erakusten du batetik, eta, bestetik, kontuan hartuz proposamen horien edukia, ez ditu askiesten euskalgintzaren eskariak.

Izan ere, betebeharrak finka ditzake legeak, baina, apalegia izanez gero, euskalgintzaren jarduna eta hizkuntza politika bera gauzatzeko muga izan daiteke. Legerik ezean «lausotasun» hori euskararen alde erabil daitekeela adierazi izan du Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko presidente ohi eta departamenduko UMPko buruak. Betebeharrik gabeko estatusak erakutsi ditu mugak, baina lege desegoki batek ere traba gaindiezinak sor ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.