Agiri elektronikoen buzoia martxan da

Eusko Jaurlaritzak sustatutako Metaposta zerbitzuak 450.000 erabiltzaile lortu nahi ditu lau urtean

Metaposta buzoi elektronikoaren aurkezpena, atzo. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Administrazioek eta enpresek bidaltzen dituzten agiriak buzoi elektroniko bakarrean gordetzeko tresna berria dute EAEko biztanleek atzotik: Metaposta. Hipotekaren agiriak, argindarraren eta gasaren faktura, autoaren eta etxearen aseguruaren ordainagiria... Agiri horiek jaso, eta edozein unetan edonondik ikusi eta eskuratzeko aukera ematen duen doako zerbitzua abiarazi du Eusko Jaurlaritzak.

Ohiko posta elektronikoen moduko zerbitzua eskaintzen duela ematen badu ere, egitasmoaren kudeatzaileek oinarrizko aldeak daudela zehaztu dute. Ohiko posta elektronikoan ez bezala, ezin dira bertatik mezuak bidali, eta Metapostarekin lankidetza akordioa sinatu duten enpresa edota administrazio publikoen mezuak jasoko ditu soilik. Horrek nahi ez diren mezuak ez jasotzeko aukera ahalbidetzen du.

Hemezortzi enpresak lankidetza hitzarmena sinatu dute dagoeneko; horien artean Osakidetza, EAEko hiru kutxak, Euskaltel, Iberdrola eta Gasnalsa daude, besteak beste. Egun ja barruan dauden enpresek bidaltzen dute agiri elektroniko gehien, baina hedatzen jarraitzeko asmoa berretsi dute. Metapostarekin hitzarmena sina dezaketen balizko 300 enpresa daudela gogorarazi dute, eta administrazioekin ere hizketan ari direla gogorarazi dute; Eudelekin, kasu.

Hitzarmena sinatu dutenen kopurua handitu ahala Metapostaren erabilgarritasuna handituko dela gogora ekarri dute. Erositako produktuen bermerako egiaztagiriak, garraio guztietarako txartelak... Orotariko agiriak biltzeko buzoia izango da. Hain zuzen ere, Metapostan gordetako agiriek lege froga balioa dute, legeak Sinadura Elektroniko Ziurtagiriari ematen dizkion abantailak baititu.

Buzoia eta segurtasun kutxa

Buzoi elektronikoaren segurtasuna ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak, baina are segurtasun handiagoa ematen duen zerbitzua eskainiko du Metapostak: agiri zehatzetarako segurtasun kutxa. Enpresek eta administrazioek bidalitako agiriez gain, erabiltzaileak berak bere ordenagailutik sar ditzake nahi dituen dokumentuak: etxeko jabetzako agiriak, kontratuak... Segurtasun kutxak edukiera mugatua du, buzoi elektronikoak ez bezala.

Metapostak eskaintzen duen zerbitzua Europako beste herrialde batzuetan oso sustraitua dagoela adierazi dute. Danimarkan 16 urtetik gorako biztanleen %70ek erabiltzen dutela azaldu zuen Bernabe Unda Berrikuntza sailburuak. Erabiltzaile kopuru horretara heltzeko asmoarekin ekin dio bideari Metapostak, eta lau urteko epean 450.000 erabiltzaile lortu nahi ditu.

Metapostan izena emateko hiru bide erabil daitezke atzotik. Etxeko ordenagailutik egin daiteke, Sinadura Elektroniko Ziurtagiriaren irakurlea izanez gero, edota KZguneetan bertan egin daiteke NANa eramanez gero. Horrez gain, Euskadiko Kutxa, Bankoa, BBK, Vital Kutxa, Ipar Kutxa eta Kutxaren webguneetan ere eman daiteke izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.