Bi bertzerik ez. Cannellito eta Nere. Horiek dira, gaur egun, Pirinioetako mendebaldeko gunean bizi diren hartzak. Bertzerik ez omen da. Eta biek Frantziako lurrak dituzte bizitoki. Aspe eta Ossau ibarretan mugitzen da Cannellito, Cannelle hartzaren azken kumea. 2004an hil zioten ama ehiztariek. Tarteka, Goi Pirinioetara, Cauterets ingurura hurbiltzen da Cannellito. Nere, berriz, haren aita, Aspe eta Ossautik Ansora eta Hechora (Aragoi, Espainia) eta Erronkarira (Nafarroa) mugitzen ohi da. Esloveniakoa du jatorria, eta Pirinioetako erdialdetik ailegatu da mendebaldeko lurretara. «Gaixorik zen hartza, bizkarraldea ilerik gabe zuena, hilik da, ustez. Otsailaren 5etik haren arrastorik ez dugu aurkitu, ez hemen, ezta Pirinioetako bertze aldean ere». Hartzen aldeko Fiep taldeko arduradun Gerard Caussimontenak dira hitzok. Aipatzen duen hartza, eri zena, Camille da. Azken urteak, 1998tik, Nafarroan eman ditu, Erronkariko lurretan. Frantziatik etorri zen Euskal Herrira, eta hemen aurkitu zuen azken aterpea.
Azkenaldian nahasketa izan da eri zen hartz horren inguruan. Frantzian hartzaren jarraipena egiten duten eragileek Aspe hartza zela uste zuten. Eta Camille desagertutzat jotzen zuten. Nafarroako Gobernuko teknikariek, berriz, animalia hori Camille zela pentsatzen zuten. Dudak uxatu dituzte, azkenean, Garden (Erronkari) hartutako laginak erdibana Espainian eta Frantzian, Madrilgo eta Grenobleko laborategietan, aztertuz.
«Nafarrek ez zuten ezustekorik hartu, gaixorik zen hartza Camille zela erran baitzuten euren analisiek; hau da, 1998an Nafarroara ailegatu zen hartza zela; guk, ordea, bai, ezusteko handia hartu genuen, gure azterketek hartza Aspe zela erran baitziguten. Horrek agerian utzi du azken urteotan Camille-renak ziren arrastoak Aspe-renak zirela uste izan dugula», azaldu du Caussimontek.
Hartz berari, beraz, bi izen eman dizkiote Pirinioez bi aldeetako adituek azken boladan. Aspe 1998. urtean jaiotako hartza da, baina haren arrastorik ez da aspalditik. «Litekeena da 2000. urtetik aurrera, noizbait, desagertu izana». Orain, berriz, Camille da desagertu omen den hartza. «Otsailaren 5ean argazkia atera zioten Aragoin; geroztik, ez dago arrastorik. Ziur aski hilik da. Akaso hartzuloan hil zen. Hartzulotik kanpo hil bada, halaber, putreek aurki janen zuten haren gorpua. Animalia aurkitu ez izana, beraz, ez da batere arraroa».
Elkarlanik ez
Camille-ren eta Aspe-ren arteko nahasketak agerian uzten du, Caussimonten hitzetan, Europan oraindik lan handia egiteko dagoela hartzaren inguruan. Administrazioen arteko elkarlan falta nabarmendu du, bertzeak bertze. «Madrilgo eta Grenobleko laborategiek ez dituzte euren laginak eta emaitzak partekatzen». Frantziako Gobernuak, gainera, azterketa genetikoak egiteari utzi zion hainbat urtez, dirurik ez zelako. Aragoin ere (Espainian), 1998tik 2008ra laginik ez da ikertu.
Laborategien esparruko hutsak onartu ditu Caussimontek. Baina horiek baino larriagoak dira, haren ustez, hartzen geroa zalantzan jartzen dituztenak. Eta esparru horretan ere badira. Aragoiko eta Nafarroako gobernuen jarrera salatu du Fiepeko kideak: «Ez dira hartzen desagertzeari aurre egiteko behar ziren neurriak; eta hori hagitz larria da».
Nafarroan, adibidez, abeltzainak isilarazteko diru laguntzak baino ez direla eman kritikatu du. «Hau da, epe motzerako konponbideak bilatu dira, protestak isilarazteko, ez, ordea, hartzen eta abeltzainen elkarbizitza bermatzeko». Katalunian martxan jarri duten sistema jo du eredugarritzat. Udan, adibidez, artaldeak elkartu, eta Generalitateko diru laguntzei esker kontratatutako artzainak arduratzen dira haiek zaintzeaz. Azken bi urteotan, sistema horri esker, erasorik ez da izan, eta Caussimontek uste du larreen kudeaketa ere egokiagoa dela era horretan. «Katalunian 14 hartz dituztela uste dute; hala ere, animaliak eta abeltzainak elkarrekin bizi dira. Noizbait otsoa ailegatzen bada Pirinioetara prest izanen dira horri aurre egiteko Katalunian; Nafarroan eta Aragoin, berriz, zer eginen dute?».
Erronkarin prestatu izan dira artaldeentzako tokiak, hesiekin. «Abeltzainentzako etxolaren bat egin da, eta moldatu dira, halaber, haientzako hainbat pista. Abeltzainek, ordea, ez dituzte erabili». Kontua da, Caussimonten ustez, Nafarroako Gobernuak nolabaiteko ituna bultzatu behar izan zuela abeltzainekin: «Diru laguntzak behar dira, noski, baina ez ezeren truke; halako laguntzek bilatu behar dute animaliari ere mesede egitea, elkarbizitza bultzatzea. Eta hori Nafarroan ez da gertatu». 2009ko erroldaren arabera, 16-19 hartz geratzen dira Pirinioetan. «Duela 25 urte 15 bagenituen mendebaldeko gunean, eta, 1996an eta 1997an lehen hartzak sartu zituztenean Esloveniatik, sei. Epe motzean egin du behera populazioak hemen».
Hartz emeak
Frantziako Gobernuak hartz eme bat askatzeko asmoa du datorren udaberrian, mendebaldeko gunean bertan. «Erabat beharrezkoa da. Nafarroak eta Aragoik, halaber, zerbait egin beharko lukete. Bertze hartz eme bat askatu beharko lukete, mendebaldeko gunea ez desagertzeko». Nafarroak eta Aragoik Kantauriar mendilerrotik ekarritako hartz eme bat askatzea izanen litzateke neurririk onena, Caussimonten arabera. «Egin daitekeen gutxienekoa da. Emerik gabe, akabo hartza».
Espainia eta Europako legeek Aragoiko eta Nafarroako gobernuak hartzaren aldeko neurriak hartzera behartzen dituztela gogoratu du Fiepeko kideak. Neurri horiek oraintxe behar dira. Cannellito eta Nere hartzuloan sartzeko prestatzen ariko dira orain. Udaberrian eme batekin eginen dute topo, frantziarrek hitza betetzen badute. Hartzak zain dira.
Agur 'Aspe'-ri eta agur 'Camille'-ri
Otsailekoa da gaixorik zen hartzaren azken arrastoa; animalia hori nor zen ez zuten argi adituek; frantziarrentzat 'Aspe' zen; nafarrentzat, 'Camille'. Bi hartz baino ez da mendebaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu