Ahaidetasunari buruz hausnartzeko mintegiak antolatu ditu Emaginek

Hiru jardunaldi prestatu dituzte; Azpeitian egingo dute lehenengoa, bihar. Iaz identifikatutako hamabi «korapiloak» aztertuko dituzte

(Ez)amatasuna ikuspegi feministatik topaketak iaz, Donostian. JON URBE / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Hamabi «korapilo» identifikatu zituen Emagin elkarteak iazko azaroan, Donostian antolatutako (Ez)amatasuna ikuspegi feministatik jardunaldietan. Bertan, ama izateko era askotarikoak aztertu zituzten. «Amatasunaren gaia lotuta zegoen biologikoki ama zirenekin, eta guk ikusi genuen beste errealitate asko egon daitezkeela: adopziotik heldu dena amatasunaren esperientziara, ama izan nahi baina lortu ez duena, ama izateari uko egin diona... Gaia landu nahi izan genuen, gainera, emakumeen ikuspegitik: jakin nahi genuen gaiak nola zeharkatzen gaituen emakumeak», argitu du Ainara Santamaria Emagineko kideak. Urtebeteren ondoren, Emaginek erabaki du gaian sakontzen segitzea. Horretarako, hamabi puntu haiek oinarri hartuta, Kale edo bale, ahaidetasun feministetara! izeneko hiru mintegi antolatu dituzte. Bihar egingo dute lehenengoa, Azpeitian (Gipuzkoa).

Hiru multzotan banatu dituzte hamabi korapiloak, eta gai bakoitza mintegi batean landuko dute. Besteak beste, hauek dira identifikatutako puntu batzuk: iruditeria berriak, erditzen diren gorputzen beharrak, gizonen absentzia eta ez-amatasun kontzienteak. Jardunaldiei hasiera emateko, amatasunaren esperientziak gaur egun eragiten dituen «minen, ondoezen eta erresistentzien» inguruan arituko dira bihar. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Parean elkarteak, Silvia Aguero Fernandezek eta Natalia Gardeazabal Diezek.

Bigarren mintegia bi aste geroago egingo dute: urriaren 21ean, Zumaian (Gipuzkoa). Hor, berriz, ahaidetasunen fikzioen eta utopien inguruan jardungo dira. Horretarako, Jule Goikoetxea Mentxaka, Elixabete Imaz Martinez eta Danele Sarriugarte Mochales gonbidatu dituzte mahaiaren ingurura. Gainera, June Baonza Pagaldairen Ama ta Asunak erakusketa eta dokumentala ikusiko dituzte.

Hirugarren eta azken saioa azaroaren 18an izango da, Errenterian (Gipuzkoa). Absentziak eta eraldaketak hiru ikuspegitatik landuko dituzte: aitatasunetik, espazioen diseinutik eta politika instituzionaletatik. Ikuspegi bakoitza pertsona batek landuko du: Asier Arizkorreta Hurtadok, Ula Iruretagoiena Busturiak eta Oihana Etxebarrieta Legrandek, hurrenez hurren. Amaitzeko, Oskar Tejedorrek zuzendutako En tránsito dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia izango dute Bidez Bide elkartekoekin.

Iazko jardunaldia Gipuzkoako hiriburuan «zentralizatu» zutela ondorioztatu dutenez, aurtengo mintegiak beste herri batzuetara zabaldu nahi izan dituzte. Gainera, «pentsaera eta eztabaida politikoaz» gain, «beste adierazpen mota batzuen» bila aritu dira, edukiak bestela lantzeko.

Era berean, iazko jardunaldietatik oraingoetara, «salto» bat eman nahi izan du Emaginek. «Aurten ahaidetasun feministaz arituko gara; ez dugu senidetasuna odoleko harremanetara mugatu nahi. Donostian esperientzia ugari ezagutu genituen, ama egin ez baina heziketa prozesu batean parte hartzen zuten pertsonena; senidetasuna kode komunitario batean ulertu eta definitu behar dugu».

Gaur egungo krisi «sakona»

Emaginen arabera, gaur egun agerikoa da erreprodukzio sozialaren krisi sakona: hots, bizitzak aurrera egiteko eta era duinean erreproduzitzeko oztopoak ditu. «Ez da berdina ama orain edo duela 50 urte izatea; egun, bizitzari eusten dioten alorrak gero eta prekarizatuago eta pobreago daude», nabarmendu du Santamariak. Era berean, uste du ugalketa lanak indibidualizatu direla: «Askotan gai honi erantzun pertsonalak ematen dizkiogu; baina egiturazko izaera bat du; beraz, erantzunak kolektiboa izan behar du». Horregatik, gaiaren inguruan kolektiboki hausnartzeko espazioen aldeko apustua ere egin du Emaginek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.