Arabako Foru Aldundia nork gobernatuko duen airean jarraitzen du. Ezker Batuaren babesa lortzeko negoziatzen ari da EAJ, baina uneotan elkarrizketa horiek "ez aurrera ez atzera" daudela jakinarazi du EBko negoziazio batzordeko bozeramaileak, Kontxi Bilbaok, Gasteizen egindako agerraldian. Babesaren truke fiskalitatean eta enpleguan neurri zehatzak galdegin dizkiete jeltzaleei. Hain zuzen ere, Ondare Zerga berriro indarrean jartzea, eta errenta aberatsenak dituztenei zerga tasak handitzea. Halaber, enplegu politikak aurrera eramateko urtero "gutxienez" hamar milioi euroko aurrekontua eskatu du EBk.
Arlo fiskalean egin beharreko moldaketak azpimarratu ditu Bilbaok. Zerga bidezko diru sarrerak handitu beharrari buruzko eztabaida "hasita" dagoela gogoratu du Bilbaok. "Zergatik ez gara Araban aitzindariak izango aldaketa horretan?", galdetu du. Horren haritik, beste erakunde batzuk ere aldaketak ezartzeko prest egon daitezkeela azpimarratu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundia propio aipatu du, Bilduk gobernatzen duena.
EAJk eskaera horiei emandako erantzunak ez direla "zehatzak " izan uste du Bilbaok, eta ez daudela azken unera arte negoziatzen jarraitzeko prest ohartarazi du. Bilbaoren aburuz, beharrezkoa da heldu den asteleherako akordioaren oinarriak hitzartuta egotea. Bestela, EBk bere hautagaia aurkeztuko du ahaldun nagusirako, Nerea Galvez.
Arabako ahaldun nagusia izendatzeko osoko bilkura datorren uztailaren 7an egingo da. Oraingoz, bi hautagai lehian ari dira kargua lortzeko. PP izan zen boto eta eserleku gehien lortu zituen alderdia, eta Javier de Andres popularrak PSE-EEren babesa ziurtatuta du. Hauteskundeetako bigarren indarra EAJ izan zen. Xabier Agirre jarduneko ahaldun nagusiak Bilduren botoak izango ditu, trukean ezer eskatu gabe. Jokaleku horretan EBko bi biltzarkideren jarrera erabakigarria izango da. EAJren alde botoa emanez gero, Agirre izango da ahaldun nagusi, eta bestela PPk EAJ ordezkatuko du Foru Aldundiko gobernuan.