Emakume helduen jabekuntza prozesuek norbanakoen esparru pribatutik eremu sozialera jauzi egin behar dutela adierazi du gaur Emakundek. 18 eta 64 urte bitarteko andreen ahalduntzea eta negoziatzeko gaitasuna aztertu du erakundeak, eta ondorioztatu du jabetze hori “bizi helburua” dela emakume helduentzat, baina autonomia pertsonala esparru pribatuan gauzatzen dutela batik bat, lan arloan “oztopo adierazgarriak” dauzkatelako. “Gehienek uste dute aukera berdintasunean aurrera egin dela, baina azpimarratzen dute bereizkeria badagoela, batez ere lan esparruan”, azaldu du Izaskun Landaida zuzendariak.
Oztopo horiek 31 eta 45 urte bitarteko andreek salatzen dituzte gehien, adin tarte horretan izaten baitituzte umeak eta, beraz, lana eta bizitza pribatua bateratzeko arazoak. Dena den, Landaidak esan du 18 eta 30 urte bitartekoak ere berdintasunaren diskurtsoarekiko kritiko agertzen direla: “Diskurtso horretan sozializatu dira, eta berdintasuna aurreko beladunaldietan baino presenteago ikusten dute. Baina euren biografian aurrera egin ahala, diskurtsoa gezur bihurtzen zaie”.